Angel Lekuona omendu dute Pragan
Lekuonaren errautsek Straniceko (Praga) errausketa-labe zibilaren memorialean jarraituko dute, baina haraino eraman du Lekuonaren sorterriko lurra Anton Gandariasek.
Angel Lekuona busturiarra gogoratzeko ekitaldia egin dute gaur, Pragako Stranice hilerrian. 1945eko apirilaren 10ean fusilatu zuten busturiarra, Hirugarren Reicheko kontzentrazio esparru batean preso zegoela, Frantziatik erbesteratua izan ondoren. Izan ere, 36ko gerran Errepublikaren alde borrokatu zen, eta horrek erbestera eraman zuen gerra ostean, Frantziara. Han, hainbat kontzentrazio esparrutan egon zen, eta naziek Frantzia okupatu zutenean, deportatu, eta beste hainbat kontzentrazio esparrutatik pasa ostean fusilatu zuten, Hraistkon, gaur egungo Txekiar Errepublikarrean.
Anton Gandariasek osabaren arrastoari jarraitu dio 20 urtez, eta ikerketen ondorioz, osaba 1943ko udan Gestapok atxilotu zuela jakin zuen. Hain zuzen ere, Flossenburgen beragaz egon zen Gregorio Urangak bidalitako gutunari esker jakin zuen Lekuonaren familiak atxilotu eta fusilatu zutela. Gutun horrek zehaztu zuen Lekuona 1945ko apirilaren 10ean hil zutela, bide bazterrean, beste zenbait presogaz batera. Beste sei preso espainiar horiek ere gogoratu dituzte gaur: Antonio Medina, Enric Moner, Pedro Raga, Rafael Moya, Vicente Vila eta Antonio Clemente.
Gandariasek hilerriko erakunde arduradunen laguntza eskertu du “familiei gertakariari buruzko dokumentazioa eskuratzen laguntzeagatik”, eta ikertzaileak ere gogoan izan ditu, eta horiek gertatutakoak argitzeko egindako lana azpimarratu du.
Gaur, gainera, Frantisek Suchym-en alargunarekin batu dira presoen familiak. Hildakoaren aita zen Pragako Stranice errausketa labe zibilaren kudeatzailea, hau da, Hraistkon-en hil zituztenen gorpuak biltzen zituen errausketa labearen arduraduna. “Gaueko txandan lan egiten zuten aita-semeek, eta alemanek eramaten zituzten gorpuak batzen zituzten. Gauez eramaten zituzten, gerra amaitzear zelako, eta errusiarrak eta amerikarrak inguruan zeudelako”, zehaztu du Anton Gandariasek.
Bertara eramandako gorpuak erraustea eta horietaz desegitea agindu zioten naziek Suchym-en aitari, baina harek ez zuen agindua bete, eta banaka bildu zituen gorputz horien errautsak, hautestontzi bereizi batzuetan gordez, eta semeagaz batera, hildakoen izenak zerrenda batean idatziz. Ontziak hilerrian ezkutatu zituzten, eta dokumentazio horri esker jakin ahal izan dute leku horretan nortzuk erraustu zituzten. Suchymek 2004an argitaratu zuen zerrenda, 2.000 inguru lagun biltzen dituena, gehienak txekiarrak. “Gerra amaituta zegoela, baina, Frantziarrek frantziarren gorpuak atera zituzten, eta euren familiengana eraman zituzten, batena izan ezik: Antonio Clemente”, azaldu du Gandariasek. Besteen errautsak Pragako hilerriko memorialean daude.
Memoria ekitaldia Busturian.
Lekuonaren errautsek Straniceko (Praga) errausketa-labe zibilaren memorialean jarraituko dute, baina haraino eraman du Lekuonaren sorterriko lurra Gandariasek, Busturiako Altamira auzoko Apraize baserriko lurra, hain zuzen ere. Hala ere, hasieran errautsak udalerriratzeko asmoa zuten: “Zailegia da hori lortzea, baimen asko behar direlako. Memorialean dagoen marmolezko lurra altxatu behar da errautsak ateratzeko, eta ez dakigu ziur zein egoeratan egongo diren hango kutxak; izan ere, ez dakigu metalezkoak edo egurrezkoak diren”.
Egoera iraultzea erabaki zuten orduan, eta bertoko lurra Pragara eramatea eta hangoa Busturiara ekartzea pentsatu zuten. Eta horrela egin dute. Bihar, Hraistkon-eko Udalak antolatutako omenaldian parte hartuko dute, eta handik hartuko dute ekarriko duten lurra.
Jakinarazi dutenez, maiatzean, Busturiako Udalak eta Gogorak oroitzapenezko Stolpersteine izeneko plaka bat jarriko dute udalerrian bertan, Altamiran, Lekuonaren jaiotza eta heriotza datarekin eta izenarekin, Hraistkon-en hartutako lurragaz batera. Stolpersteine proiektua doportazioaren ondorioz hildakoen oroimena bizirik mantentzeko ekimena da, eta gaur gaurkoz, 79.000 baldosa baino gehiago daude Europako 25 herrialdetan. “Memoriaren baldosa da”, esan du Gandariasek, metalez egindako oroipen plaka dela azalduz.
Zazpi biktima horiek oroitzeko eta aitortzeko gaurko ekitaldiaPragako Udalak, Strasnice hilerriko arduradunek –biktimen memoriala bertan dago– eta Hradischko eremuko deportatuen memoria zaintzeko lantaldeak –biktimen senitartekoek eta ikertzaileek osatzen dute– batera bultzatu dute. Talde hori lanean ari da gertakariak argitzeko, ikerketa historikoaren bidez gertatutakoa salatzeko eta deportatuen memoria babesteko. Aintzane Ezenarro, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria ere bertan egon da, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Lekuonaren familiarekin batera.