HitzEkin du Busturialdeak
Arrolape mendi taldekoen eskutik sartu da Korrikaren lekukoa Busturialdean, bazkalorduan, eta 18:30ean Bedaronatik Ispasterrera eroan dute, Lea-Artibaikoen esku utzita.
Heldu da eguna. 22. Korrika goxo hartu dute Busturialdeko herritarrek. Urduritasuna, poztasuna, gogoa… mota guztietako emozioak egon dira pil-pilean, eta ez dira ezkutatzen. Euskararen aldeko olatu erraldoiaren baitan sartu gura zuten ume, gazte zein helduk, eta hala egin dute gaur.
13:25 aldera sartu da 22. Korrika Busturialdera, Bakiotik, 1794.kilometroan. Busturialdean lekukoa hartu duten lehenengoak izan dira Arrolape Mendi Taldekoak, eta bertoko mota guztietako eragileen eskuetatik igaroko da Lea-Artibain sartu arte.
Bedaronan, 1.839. kilometroa egin ostean, Ea, Natxitu eta Bedaruko EH Bilduk eduki du Euskal wikilarien kultura elkarteari lekukoa ematearen arduraduna, eta Ispastertik sartuta zeharkatuko du Lea-Artibai eskualdea arratsaldeko azken orduetan eta gauean.
Ale berezia, martitzenean. COVID protokoloagatik, aurten HITZAk ezin izan du AEKren furgonetan argazkiak ateratzen joan, aurrekoetan egin legez. Hortaz, argazki galeria osatua bihar argitaratuko dugu webgunean, AEKren furgonetatik ateratako argazkiekin. Gainera, martitzenean, egunkari berezia kaleratuko du HITZAk. Gaurko bizipenak eta xehetasunak kontatu eta herriz-herriko argazkiekin osatuta joango da martitzeneko alea.