Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarrari buruzko liburua aurkeztuko dute
Aurkezpena bi zatitan banatuta egingo dute, liburuaren bi ataletan oinarrituta: Gernikan hil eta 269 preso in memoriam. Apirilaren 12an, 19:00etan, Gernika-Lumoko kultur etxean jarri dute hitzordua.
II. Errepublikaren aldarrikapenaren 91. urterurrenaren harira Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarra 1938-1940 liburuaren aurkezpena egingo dute Gernikazarra eta Pipergorri Kultur Alkartekoek apirilaren 12an (martitzena), 19:00etan, Gernika-Lumoko kultur etxean.
Aurkezpena bi zatitan banatuta egingo dute, liburuaren bi ataletan oinarrituta: Gernikan hil eta 269 preso in memoriam. Jose Angel Etxaniz eta Vicente del Palacio Gernikazarra taldeko kideak dira lehen atalaren egileak; horiek 2003an egindako ikerketa historikoa jaso dute–orain berraztertua–.
Amagoia Lopez de Larruzea eta Iñaki Uribarrena Pipergorri Kultura Alkarteko kideak dira, berriz, bigarren atala idatzi dutenak. Horie lanak “behar den moduan (%96an) dokumentatutako” hildakoen zerrenda argitara ematen du hildakoen identifikazio zuzena egin ahal izateko, eta ondoren, 269 presoen datu estatistiko orokorrak ere gehitu dituzte. Horrez gainera, ospitalearen dokumentazioaren –Kontu Auzitegia eta beste– eta dokumentazio-iturrien erkatzearen gaineko azalpenez betetako kapitulu bi daude.
Biografiak atalaren zati bat liburuxkaren egileek egindakoa da, eta beste zati bat kontaktatutako familiekin elkarlanean osatu dute; familiek eurek sortutako kontaera pertsonalak ere bilduta daude. Gero, Angel Parrok frontetik idatzitako gutuna ere badago: “Eredugarria da ulertzeko nola bizi izan zuten gerra hori Errepublikaren baloreen defentsarekin estu-estuan konpromisoa hartutakoek.” Halaber, bukaeran, Gernika-Lumoko Zalloko udal hilerrian dagoen 269 memoriala argazkien bidez agertzen da.
Liburua Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarra zarratu zeneko 80+2. urteurrenari buruzko proiektu zabalago baten parte da, eta erakunde batzuen laguntzagaz gauzatu ahal izan da; tartean, Kultur Etxea fundazioa, Gogora institutuaeta Memoria Demokratikoa.