Bermeoko Udala garbiketa bereziak egiten dabil herriko kale batzuetan
Alde Zaharrean, goizeko garbiketez gain, hurrengo hilabeteetan, udal langile bat ariko da arratsaldero hidrogarbigailuarekin garbiketak egiten.
Bermeoko Udala garbiketa sakonak egiten ari da herriko zenbait kaletan. Jakitera eman dutenez, garbiketa lan berezi horiek egiteko, hainbat tokitan aparkalekuak une jakin bazuetan eta aurretiaz abisatuta mugatu egingo dira.
Gainera, herriko Alde Zaharra “garbi mantentzeko”, goizeko garbiketez gain, hurrengo hilabeteetan, udal langile bat ariko da arratsaldero hidrogarbigailuarekin garbiketa lanak egiten.
Bermeoko alkate Aritz Abaroaren esanetan, udal gobernuaren helburua da Bermeo “ahalik eta garbien” mantentzea: “Herria garbi mantentzeko herritarrok zaindu behar dugu, baina udal modura gure betebeharra da ahalik eta errekurtso gehien garbiketa lanetara bideratzea. Oraingoan, sakoneko garbiketak burutzen gaude herriko hainbat tokitan. Hori posible izateko eta modu arruntean garbitu ezin diren guneak garbitzeko (lurzorua, bide-ertzak, edukiontziak eta hauen ingurua…), kale batzuetatik une jakin batzuetan herritarrei euren ibilgailuak mugitzeko eskatuko diegu eta edukiontziak ere altxatu eta mugituko ditugu. Momentuko eragozpen hauek guztion onurarako izango dira”.
Joan den astean hasi ziren garbiketa bereziak egiten Bizkaiko Jaurerriatik. Datozen asteetan, berriz, Atalde eta Akurio Kontramaisu kaleetatik ibiliko dira garbiketekin.