24 ukrainar geratuko dira Mertzede komentuan
35 dira Gernika-Lumora atzo iritsi ziren ukrainar errefuxiatuak, horietako 11 umeak. Batzuk bidean aurrera jarraituko dute, baina 24 geratuko dira Mertzedekoen komentuan.

2.500 kilometroko bidaiaren azken helmugara ailegatu dira ukrainarrak. 35 dira Gernika-Lumora iritsi direnak, horietako 11 umeak, errefuxiatu guztien artetik 24 geratuko dira Mertzedekoen komentuan.
Barikuan “beharrezko materialagaz” betetako autobusa atera zen udalerritik Poloniara, materiala Varsovian uzteko eta ukrainar iheslariak Gernika-Lumora gerturatzeko helburuagaz. Domekan hustu zuten, eta Poloniatik ihes egin gura zutenak batu zituzten Poloniako hiriburuko gune desberdinetan. Handik atera ziren horiek atzo arratsaldean ailegatu ziren Gernikara.
Bidaia luzea izan dute aurretik. Hala dio Danil Kolomiets ukrainatik Gernikara bere anaiarekin, amonarekin eta amarekin ailegatutako errefuxiatuak. Hala ere, Ukrainan abiatu zuten bidea zaila izan dela dio: “Nire aita amonaren bila joan behar izan zenean pasatu nuen beldur gehien. Izan ere, gure amona egora zail batean zegoen Ukrainan. Biak galtzeko beldur nintzen. Aita han geratu behar izan da, izebarekin. Eurekin egunero hitz egiten dugu, eta ondo daude”.
Amonarekin batu eta geroko bidaia ere “luzea” izan da. “Bidaia nekeza izan da, denbora asko eserita eta mugitu gabe egon behar izan garelako. Ukrainatik ateratzeko 16 orduz egon ginen trenean, eta ondoren, bi egun Polonian. Gero, autobusa hartu genuen Gernikara etortzeko, eta Frantzian egun bateko geldialdia egin eta gero, iritsi gara”. Adierazi zuen anaia dutela Espainian, eta bertan egonkortu eta gero anaiagaz elkartzeko asmoa dutela.
Ukraina “maite” du Kolomietsek, eta “pena handia” ematen dio bere herrialdea apurtuta ikusteak: “Gerrako irudiak ikustea oso tristea da. Ukraina nire herria da, maite dut, ederra da, eta benetan tristea da dena apurtuta dagoela eta jendea hiltzen ari direla ikustea”.
Orain, Gernikan daude, eta Mertzedeko komentuan geratuko dira errefuxiatu horietako batzuk. “Gernika guztiz bortxatua izan zen bere momentuan eta laguntzea erabaki genuen. Alkatearengana joan ginen eta komentuko lekuak ukrainarrentzako izatea eskaini genion”, azaldu du Belen Olarreta Martiartu Mertzede komentuko monja arduradunak.
Erabakia onartzeko eztabaidak eta desberdintasunak izan zituzten, baina helburu eta erronka batzuk “argi” dituztela dio Olarretak: “Agintzen dutenak ez dira jabetzen gure arloan guk agintzen dugula; hau da, komentuetan eta ez dutela gizonezkoek agintzen. Duela ia 400 urtetik gaude Gernikan, eta gure etxea harrera leku bat izatea gura dugu, bake leku bat izatea. Saiatuko gara pertsonei merezi duten duintasuna ematen, edonondik datozela ere”.
Ilusioz beteta daude, dena “ondo” egiteko gogoz, izan ere, gauza berriak egiteko eta laguntzeko aukera berri bat da eurentzat, “baita etxeari zentzuzko erabilera bat emateko ere”. Ez dakite zenbat denboraz izango dituzten komentuan, baina harrera leku bat eskainiko diete. Etxea prestatzeko lan egin duten guztiei eskerrak eman dizkiete komentuko monjek, bai udaletxeko langile, bai komentukoei”.
1937 gogoan.
Gernika-Lumoko Udalak eta Javier Torre udalerriko bizilagunak elkarlanean antolatutako elkartasun bidaia izan da Poloniara egindakoa. Torrek, Santi Campillok, Manuel Mesak, Unai Gomezek eta J.A. Solanok egin dituzte gidari lanak, eta bidaia berezia bezain gogorra izan dela onartu dute. “Maitasunean aberatsak dira ukrainarrak. Dena izan da emozioa”, adierazi zuen Torrek.
Hurreratutako 35 pertsonetatik 11k bidean aurrera jarraituko dute: “Momentuan aldatzen da dena. Eurek bidean familiakoak aurkitzen dituzte, eta aurrera jarraitzea erabakitzen dute. Baina Gernikan etxe ederra dute, eta elkarrekin egon ahalko dira”.
Atzo, Espainiako Kongresuan parte hartu zuen Volodymyr Zelensky Ukrainako presidenteak esan zuen Ukrainako gaur egungo irudiek Espainiako 1937ko apirilekoak dakarzkiola gogora. Jose Mari Gorroño ere bat dator Zelenskyren adierazpenekin: “Hilabete honetan, Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena gogoratzen ari gara, eta gaur egun telebistan ikusten ditugun Mariupoleko irudiak ikusterakoan, 1937an Gernikan ateratakoez gogoratzen naiz. Berdinak dira”.
Ukrainar errefuxiatuen ailegaerarekin hunkitu zen alkatea, “36ko gerran bere ama eta amona ere atzerriratu egin behar izan zirelako” eta egoerak garai hartan bere familiakoek bizi izan behar zutena gogoratzen ziolako. Hori horrela, bakea aldarrikatzearen alde egin zuen: “Hurrengo belaunaldiei erakutsi eta transmititu behar zaie bakea eta pertsonak daudela edozeren gainetik. Beharrezkoa da norbera eta beste lekuetako pertsonak errespetatzea. Pertsona guztien bizitzak ardura dute”.