Hondakin organikoen bilketak gora egin du Gernika-Lumon
Guztira, 626 familiak egin zuten hondakin organikoen bilketa. Nabarmendu dute materia organikoaren bilketak izan duen gorakada: 2020an 199.220 kilo batzetik 205.900 kilo biltzera igaro ziren iaz.
Zaborren kudeaketak Gernika-Lumon erakutsi dituen emaitzekin pozik dago udaleko Ingurumen saila. Izan ere, birziklatzeak gernikaren artean eragina izaten jarraitzen duela adierazi dute. Iazko datuei erreparatuta, 2020an baino 60 familia gehiagok egin zuten bat hondakin organikoen gaikako bilketarekin. Hain zuzen ere, guztira, 626 familiak egin zuten hondakin organikoen bilketa.
Balantze horren arabera, nabarmendu dute materia organikoaren bilketak izan duen gorakada: 2020an 199.220 kilo batzetik 205.900 kilo biltzera igaro ziren iaz. Hori dela eta, 2016an udalerrian jarritako bosgarren edukiontziaren erabilera finkatu egin dela ondorioztatu dute udal arduradunek.
Era berean, iaz, 2020an baino 38.970 kilo hondakin gutxiago batu baitzituzten etxeko eta merkataritzako hondakinen bilketetan, zehatz esateko, 6.370.395 kilo bildu zituzten. Arraindegiko zaborrari dagokionez, igoera egon zen 2021an, 2020an bildutako 54.167 kilotatik iazko 54.350 kilotara.
Iaz, 2020an baino beira gehiago bildu zuen iaz udalak, baina plastiko eta altzari gutxiago. Pilei dagokienez, herritarrek 2.000 kilo bota zituzten, 2020an baino 400 gehiago. Paper eta kartoi hondakinen sorrerak behera egin zuen, baita arroparenak ere; 13.354 kilo arropa bildu zituzten iaz, eta 14.196, berriz, 2020an.
Maria Uribe Ingurumen zinegotziak gernikarrek egindako ahalegina eskertu du, eta ingurumena babesteko hondakinak eraginkortasunez kudeatzearen beharra azpimarratu du: “Gero eta beharrezkoagoa da hondakinak eraginkortasunez kudeatzea, eta kontzientzia hartu behar dugu hondakin gutxiago sortzeko”. Gaineratu du hondakinen bereizketa egitea garrantzitsua dela, “hondakinak tratatzeko instalazioetara dena hel dadin eta material hori berruri erabili ahal izateko”.
Datuak, gaika:
- Materia organikoa: 205.900 kilo (2020an 199.220 kilo).
- Beira: 512.759 kilo (2020an 501.777 kilo)
- Plastikoa: 360 kilo (2020an 381.520 kilo)
- Altzariak: 220 kilo (2020an 246.960 kilo)
- Pilak: 2.000 kilo (2020an 1.600 kilo)
- Papera eta kartoia: 624.833 kilo (2020an 635.118 kilo)
- Arropa: 13.354 kilo (2020an 14.196 kilo)