Frontoia eraberrituko du Muruetako Udalak
Frontoiaren mendebaldeko aldea itxi, eta aldagelak eta komun publikoak egingo dituzte, baita egungo argiak ordezkatu ere. Obrak irailean hasiko dira, eta Txerriki Egunerako prest izatea aurreikusi dute udal agintariek.
Herriko frontoia guztiz eraberrituko du Muruetako Udalak. Hala erabaki zuten martxoaren 29an egindako osoko bilkuran, udal pilotalekuko itxiera eta aldagela berrien obren lizitaziorako baldintza agiria onartu zutenean.
Frontoiko erabiltzaileak eguraldi txarretatik babestu asmoz, frontoiaren mendebaldeko aldea zarratu, eta orain arte egon ez diren aldagelak eta komun publikoak egingo dituzte; aldagela eta komun publiko berriek frontoiaren kanpoaldetik sartzeko sarbidea izango dutela zehaztu dute udal arduradunek, “pilotalekuko erabiltzaileei eta herriari zerbitzua emateko”. Gainera, gaur egungo argiak eraginkorragoak eta jasangarriagoak diren beste batzuez ordezkatuko dituzte, eta eraikinaren kanpoaldea berrituko dute –fatxada eta zorrotenak–.
Lan guzti horien aurrekontua 309.724,83 eurokoa da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Herriak Egiten 2022 programako diru laguntza bategaz eta foru erakundeari eta Eusko Jaurlaritzari eskatutako laguntzagaz ordainduko dutela zehaztu du Julen Karrion Muruetako alkateak, baita 2022ko udal aurrekontuan esleitutako diru sailagaz ere.
Zehazki, udal aurrekontuan 80.385,56 euroko diru saila esleitu dute udal frontoiko itxiera proiekturako eta aldagela berrietarako, eta kopuru horri aldundiaren 100.000 euroak gehitzea aurreikusi dute. Era berean, frontoia eraberritzeko proiektuaren inbertsioa finantzatzeko laguntzak eskatu dizkio udalak Jaurlaritzaren Erein 2022 laguntza programari eta Herri Administrazioaren Sailak daukan azpiegituretarako inbertsioak sustatzeko zerbitzuari.
Pilotalekuko argien ordezkapena finantzatzeko, eraginkortasun energetikorako laguntzak eskatu dizkio udalak aldundiari. Egungo sodio lurrunezko argiak (21 unitate) LEDeko beste batzuez (8 unitate) ordezkatuko dituzte, “argi mota hori kalitate hobeagokoa delako, ingurumenerako onuragarriagoa delako, jasangarriagoa delako, kontsumoa murrizten duelako eta gastu txikiagoak sortzen dituelako”.
Obraren finantziazioa osatzeko, udalak aurreikusi du udal soberakin orokorra gehitu ahal izatea, betiere “beharrezkoa izanez gero”. Izan ere, 230.000 euro inguru ditu gordeta, “azken urteetako kudeaketa eraginkorrari esker”.
Obraren helburua da herriko kirol zerbitzuaren kalitatea eta instalazioaren funtzionaltasuna hobetzea. Izan ere, eraikina mendebaldetik ixteak euria egiten duenean ere frontoia erabili ahal izatea bermatuko du, bai kirola egiteko, bai ekitaldi kulturalak, sozialak edota topaketak gauzatzeko.
Karrionek dio beharrezko obra dela: “Denboraren poderioz, hondatuta dago. Frontoia irekia denez, euriaren eta eguraldi txarraren eragin zuzena jasatzen du, eta euri egunetan erabilera mugatua izaten du”.
Proiektuagaz Muruetako bizilagunen “bizi kalitatea hobetzea” eta herriko bizitza sozio kulturala dinamizatzea bilatu dute: “Obrak eginda, herriko erdigunean dagoen gure frontoiak hainbat ekitaldi hartu ahal izango ditu, kirolekoak zein kulturalak, eguraldi txarragatik egun egin ezin direnak, eta Elizaldeari bainu publikoen zerbitzua emango zaio”. Berrikuntza “garrantzitsua” dela gaineratu du, herritarrek aspaldi eskatutakoa, eta kirol, gizarte, kultura, eta zerbitzu eskaintza “biziberritzen” lagunduko duena.
Obrak irailean hasiko dira, Andra Mari jaien ostean, “udan eta jaietan frontoiaren erabilera bermatu ahal izateko”. Instalazio berriak Txerriki Egunerako prest izatea aurreikusi dute, abenduaren 4rako, alegia.