Bi urte tokiko lehen sektorea bultzatzen
Bi urte igaro dira 15 ekoizlek Baserritik Gernikara proiektua sortu zutenetik. Ereindako hazia loratu da, eta osasuntsu dago.
Bi urte pasatu dira Busturialdeko 15 ekoizlek Baserritik Gernikara proiektua sortu zutenetik. Eurek ekoiztutako elikagaiak zuzenean saldu eta eskualdeko herritarren eskura jartzea zen helburua, “tokiko lehen sektorea indartzeko, kontsumitzaile eta ekoizleen arteko hartu-emana sortzeko, ingurumena zaintzeko eta osasuntsuago elikatzeko”. Hazia erein zuten, eta loratu da.
Pandemia bete-betean martxan jarritako proiektuak eskualdean zehar baserriko hamaika produktu banatu ditu, eta gerra garaiari aurre egiteko asmoa dutela iragarri dute lehen sektoreko ekoizleek: “Pandemia dela, gerra dela… gero eta argiago dago jaten duguna inguruan ekoiztea ideia ona dela. Hau da, merkatu globalizatuarekin dugun menpekotasuna murriztea ideia ona dela. Ideia ona da guretzako eta ona da planetarentzako”. Izan ere, uste dute baserriko produktuak zuzenean saltzea da baserritarren lan baldintzak duintzeko eta baserri mundua indartzeko “biderik onena”.
Ekoizleek eskerrak eman dizkiete proiektu “eder” horretan sinistu duten guztiei, “horrelako proiektuak aurrera eramateko kontsumitzaileen ekarpena ezinbestekoa delako”.