Lekerika eta Barandika gernikarrek eta Hormaetxea bermeotarrak garaipena lortu dute Danian
Dania Jai Alai txapelketako lehendabiziko jardunaldiko bi partiduetan gailendu ziren Busturialdeko puntistak, iragan barikuan. Eguenean Lekerika eta Barandikak gernikarrek Hormaetxea bermeotarraren eta Basque bidartarraren kontra jokatuko dute, finalerako txartela lortzeko lehian.
Bariku gauean (Euskal Herrian, goizaldean) jarri zen abian Dania Jai Alai zesta punta txapelketa. Battle at the Palace izena eman diote lehiaketa horri, eta bertan aritu ziren Unai Lekerika eta Xabier Barandika puntista gernikarrak eta Alex Hormaetxea bermeotarra. Gernika-Lumoko bikoteak barikuko lehenengo jardunaldiko partidua lehiatu zuten, 19:00etan hasita.
Norgehiagoka berezia izan zen lehenengo hori, etorkizunera begirakoa; izan ere, Lekerikaren eta Barandikaren aurkariak Johan eta Gorka Sorozabal anaia baionarrak izan ziren, Laurent Solozabal zesta-punta jokalari mitikoaren semeak, hain zuzen ere. Partidu ona eta maila handikoa jokatu zuten arren, ez ziren gai izan Lekerika eta Barandika menpean hartzeko, eta bikote gernikarra modu sendoan gailendu zitzaien. Azkenean, 21:14 irabazi zuten Lekerikak eta Barandikak.
Ondoren, 20:45ean, Alex Hormaetxea puntista bermeotarraren txanda iritsi zen. Hormaetxeak Thibault Basque bidartarra izan zuen bikote, eta Iñaki Gorostola Arrieta eta Iñaki Urbieta, aldiz, aurkari. Lehenengo norgehiagokan Lekerikak eta Barandikak erakutsitako nagusitasun sentsazioa askoz izugarri apaldu zen bigarren partiduan nagusitasun sentsazio handiagoa nabarmendu zen, partiduaren hasieratik amaierara. Izan ere, Hormaetxeak eta Basquek maila handiko bikotea direla frogatu zuten, baina arerio oso gogorrak izan zituzten aurrez aurre.
Arrieta durangarrak eta Urbieta zumaiarrak joko bikaina egin zuten, eta uneoro egon ziren partidua eskuratzeko aukerekin, batez ere amaieran. Hain zuzen, Hormaetxeak eta Basquek partiduaren azken txanpara errenta politagaz heltzea lortu zuten, baina Arrietak eta Urbietak ez zuten etsi beraien ekinean, eta alde hori murriztu zuten. Urduritasunez betetako azken zatian, Bermeokoa eta Bidartekoa izan ziren irabazleak, baina garaipena eskuratu ahal izateko asko sufritu zuten.
Zapatuan jokatu zituzten Battle at the Palace-eko bigarren jardunaldiko partiduak, 19:00etan hasita. Txapelketaren bigarren egunean, Lea-Artibaiko ordezkaritza egon zen Daniako pilotalekuan: Aimar eta Ibon Aldazabalek jokatu zuten. Berriatuko Anaiek Jon Zulaika eta Gorka Aldazabal Ubillaren kontra jokatu zuten. Norgehiagoka horren berezitasunetako bat Aimar Aldazabalen postu aldaketa izan zen; azken boladan (kasurako, jokatu berri duen Gernika-Lumoko Jai Alai Winter Series txapelketan) atzelari modura ibili izan arren, frontoiaren aurrealdeko koadroetara itzuli zen, hau da, bere postu naturalera. Berriatukoek partidu lehiakorra eta gogorra jokatu zuten Zulaika eta Ubillaren aurka, eta, azkenean, 16-21 irabazi zuten.
Bigarren partiduan ere Jai Alai Winter Seriesen aritu berri diren pilotariek jokatu zuten: Jean Olharanek eta Nicolas Etchetok. David Iturbide eta Alain Urbistondo Arta izan zituzten aurrez aurre, eta lehenengo partiduko puntuazio berberagaz amaitu zen norgehiagoka hori ere: 21-16. Lehiaketaren hirugarren jardunaldian, domekakoan, lehen bi jardunaldietako partiduetako galtzaileak elkarren kontra aritu ziren. Sorozabal anaiek 21-10 irabazi zieten Arrieta eta Urbietari; bigarren partidua, ostera, uneoroko tentsiokoa eta estu-estua izan zen, Zulaika eta Ubilla 21-20 gailendu baizitzaien Iturbide eta Artari.
Dania Jai Alai txapelketak atsedena hartuko du eguenera arte. Egun horretan Busturialdeko pilotariek elkarren aurka jokatuko dute: Lekerika eta Barandika gernikarrek Hormaetxea bermeotarraren eta Basque bidartarraren kontra. Aimar eta Ibon Aldazabalek ordea, Olharan eta Etcheto izango dituzte aurkari. Battle at the Palace-eko final handia domekan izango da.
Unai Lekerika eta Xabier Barandika gernikarren partiduko bideoa hemen.
Alex Hormaetxea bermeotarraren partiduko bideoa hemen.
Aimar eta Ibon Aldazabak berriatuarren partiduko bideoa hemen.