Ukrainara materiala bidaltzeko bilketa gunea jarri dute Gernika-Lumon
Biltegia San Juan Ibarrako Urkieta kalean kokatuta dago, eta 11:30etik 13:00etara eta 17:00etik 19:00etara bitartean zabaltzen dute. Lehen sorospenetarako materialak, higiene pertsonalekoak, elikadura eta hotzerako materiala jasoko dituzte Ukrania-Euskadi garapenerako laguntza eta eragile soziokulturalarekin elkarlanean.
Gernika-Lumotik Ukrainara elkartasuna bidaltzeko beste puntu fisiko bat gaitu dute udalerrian. Gerran dagoen herrialdera osasun materiala, elikagaiak, higiene pertsonalerako produktuak eta bestelakoak bidaltzea da boluntarioki puntu horretan lanean ari diren herritarren zein udalerriko ukrainar bizilagunen helburua.
Biltegia San Juan Ibarrako Urkieta kalean kokatuta dago, eta 11:30etik 13:00etara eta 17:00etik 19:00etara bitartean zabaltzen dute. Halaber, Don Tello 1 (Makailo dendan) ere batzen dute materiala, 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Ordutegi horietan, hurrengo produktuak jasoko dituzte, lau multzotan banatuta:
- Lehen sorospenetarako materiala: lehen sorospenak egiteko kita; bendajeak, gasak eta bata kirurgikoak; estaldura operatiboa, ohatila eramangarriak; erabili eta botatzeko pixoihal esterilak eta pixoihal xurgatzaileak; maskara kirurgikoak; eta erreduretarako eta marruskaduretarako kremak.
- Higiene pertsonala eta orokorra: hortzetako eskuila eta pasta, xaboia, dutxa-gela, xanpua, bizar xaflak; emakumeen higienea; haurrentzako pixoihalak, papilak eta umeentzako esnea.
- Elikadura: jateko prest eta latetan ez galtzeko janaria –kristalik barik–; barra energetikoak, fruitu lehorrak, esnerik gabeko txokolatea, gailetak, tea, kafea.
- Hotzerako: belak, linternak, pilak; lo zakua, esterilla, isolatzaileak; berogailuak, elektrizitate sorgailuak, luzagailu elektrikoak, pospoloak, metalezko ontziteria.
Bilketa puntua boluntarioek antolatzen badute ere, Ukrania-Euskadi garapenerako laguntza eta eragile soziokulturalarekin elkarlanean ari dira. Zehaztu dutenez, diru ekarpenak ere jasoko dituzte, eta aipatutako elkarteak kontu korronte zenbaki bat zehaztu du dohaitzetarako: 2095 5001 00 9114437029. Garrantzitsua dela izenburuan ‘Donacion’ jartzea adierazi dute.
Udalerrian bizi diren ukrainarrak dira Inna Malashchuk eta Halyna Mulyk, eta Ukrania-Euskadi garapenerako laguntza eta eragile soziokulturalarekin elkarlanean ari direnak. Zehaztu dutenez, puntu horretan batutako guztia Ukrainako hiri desberdinetara bidaliko dute, “han behartsuenen artean banatzeko”.
Ukrainara eramateko arropa, medikamentuak eta janaria da biltzen ari direna. Arropa ez direla batzen ari zehaztu dute, errefuxiatuen kanpamentuetan asko dutelako eta ez direlako arropa jasotzen ari. “Ukrania-Euskadi elkarteagaz elkarlanean, bost trailer eraman ditugu Ukrainara”, adierazi du Malashchuk. Hain zuzen ere, Gernikan batzen dutena elkarteak Mungian duen biltegi erraldoiera eramaten dute, han ondo antolatzeko eta kamioietan pilatzeko.
Moldaviara. Orain elkarteagaz lanean ari badira ere, lehen egunetik martxan daude Malashchuk eta Mulyk. Izan ere, gerra hasi zen egunean bertan material bilketa egiten hasi ziren, euren kontura, eta hori Moldaviara bidali zuten: “Gerra hasi zenean, zerbait egiteko beharraz ohartuta, material bilketa egitea pentsatu genuen, eta bildutakoa Moldaviara eramatea”. Hain zuzen ere, autobus bat eta bi furgoneta bete zituzten. “Ukrainako muga zeharkatu eta Moldaviako mugan daudenentzako bilketa egin genuen. Izan ere, asko dira bertara joan diren familiak, aurrentzako pixoihalik ezta janaririk ez daukatenak. Ez dute ezer, eta laguntza behar dute”, azaldu dute. Bidaia Busturialdeko Mankomunitatearen laguntzagaz prestatu eta gauzatu zutela adierazi dute, baita laguntza eskertu ere.
Moldaviara bidalitako material bilketan zein gaur egungo bilketa puntuan jaso duten herritarren erantzuna, “sekulakoa” izan dela azaldu dute: “Gernikarren erantzuna bikaina izan zen hasieran, eta orain ere bikaina izaten ari da. Ez dakigu zergatik, baliteke Gernika ere bonbardatu izanagatik, baina asko ulertzen gaituzte”. Lehenengo egunetan izugarria izan zela bilketak eduki zuen arrakasta azaldu dute, “denetarik eta kantitate handietan batzea lortu zutelako”.
Orain, baina, bilketagaz aurrera jarraitzen dutela adierazi gura dute, eta bilketa puntu horietan jasoko dute materiala esan. “Gerra amaitu arte biltzen jarraituko dugu”, diote, eta espero dute gerra ahalik eta bizkorren amaitzea.
Izan ere, bizi duten egoera “oso zaila” dela diote, Ukrainan familia dutelako: “Batzuk lasai dauden eremuetan bizi dira, baina beste batzuk bonbardaketak jasaten ari dira. Egoera zaila da eta ezin dugu ezer egin. Egin genezakeen gauza bakarra materiala biltzea eta bidaltzea da”. Hala, herritarrei laguntza eskatu eta politikariei gerragaz amaitzeko eskatzeko exijitu diete.