"Sailkapen orokorreko garaipena edo podiuma bilatuko ditut"
Bahrain Victorious etxeko txirrindulari gernikarra sasoi puntu onean iritsiko da Hondarribiko lehen etapako irteera lerrora: hirugarren egin zuen UAE Tourrean, eta bosgarren Strade Bianche klasikoan.

Nor da aurtengo Itzulia irabazteko hautagai nagusia?
Oso argi dut: Jumbo Visma taldeko Primoz Roglic esloveniarra. Lasterketari neurria oso ondo hartua dion txirrindularia dela esango nuke. Sasoiko iritsiko da Hondarribiko irteera lerrora, eta, halaber, babes lan bikaina egingo dion talde sendoagaz. Gainera, Roglic oso txirrindulari lehiakorra da lasterketa jokoan izan ohi den eremu guztietan: mendian, leunean zein erlojupeko probetan. Diziplina arteko aniztasun hori, hain zuzen ere, gakoetako bat izaten da Itzulia moduko astebeteko itzuli gogor batean.
Zein izango da lasterketako talderik indartsuena?
Ez dut uste lasterketaren jaun eta jabe izatea lortu ahalko duen talde jakin bat egongo denik. Itzulia moduko proba batean, hori oso zaila dela esango nuke. Uste dut hiruzpalau talde oso sendo egongo direla, eta horietako bat geurea, Bahrain Victorious izatea gustatuko litzaidake. Agian, ez dugu beste batzuek bezainbesteko aurrekonturik, oihartzunik zein distirarik, behinik behin, txirrindularien izenei dagokienez; dena dela, oso ondo ezagutzen dudan lantaldea arituko da nigaz aurtengo Itzulian. Adibidez, Yukiya Arashiro japoniarra eta Domen Novak esloveniarra daude; biak ala biak bikain ezagutzen ditudan txirrindulariak dira. Horiez gain, Gino Mader suitzarra ere irteeran izango dugu: nazioarteko igotzailerik onenetakoa da, eta mundu mailan hobekuntzarako proiekziorik handienetako dutenetako bat da, hau da, oso hurretik jarraitu beharreko ziklista.
Partaidetza euskaldunari dagokionez, zer espero daiteke?
Cofidis etxeko Ion Izagirre ormaiztegitarra nabarmenduko nuke: txirrindulari oso orekatua da, eskarmentuduna eta Itzulia oso ondo prestatu du; horrez gain, badaki zer den etxeko lasterketa irabaztea, eta kontuan izateko moduko izena dela esango nuke.
Zein litzateke zure aurreikuspenik onena, oraintxe sinatu ahalko bazenu?
Zalantza barik, aurtengo Itzuliko sailkapen orokorra irabaztea. Hori litzateke aurreikuspenik ederrena, eta lorpen horren itxaropenean iritsiko naiz Hondarribiko irteera lerrora. Dena dela, azken podiumean sartuta ere, asebeteta geratuko nintzateke. Bi jomuga horietatik kanpo dagoen guztia, beharbada, ez nuke porrota bezala hartuko, baina ez ninduke guztiz pozarren utziko, egia esan. Sinistuta nago talde sendoa, konfiantzazkoa eta orekatua eroango dugula Itzulira, kalitatezko eta eskarmentu handiko txirrindulariz osatutakoa. Goreneko helburuei begira planteatu behar dugu lasterketa, hau da, azken garaipena edota Arrateko etapa amaieran podiumean egotea buruan izanda, horrek beregain dakartzan zailtasun zein borroka guztiekin.
Zein iritzi daukazu Itzuliak azken urteotan, ibilbidearen egiturari dagokionez, egindako itxuraldaketaren inguruan?
Oso ondo ikusten dut, eboluzio argi eta garbi baten ondorio zuzena dira-eta aldaketa horiek danak. Hori bai, Itzuliaren esentziari eutsi beharra dago. Esate baterako, Arrateko etapa mantendu beharreko zerbait delakoan nago, ezin da inolaz ere Itzuliko urteroko ibilbidetik kendu, ikusleek bai ala bai espero baitute etapa hori. Dena dela, etapa horretako ibilbideari moldaketak egitea eta, esate baterako, Arrateko azkenengo igoera orduko igoera edo errepide berriak bilatzea begi onez ikusten dut. Gauza berbera erlojupeko saioagaz: lasterketako lehendabiziko egunean egitea egokiagoa dela esango nuke, iraganean, azkenengo egunean larregi baldintzatzen baitzuen sailkapen orokorreko lehia. Formatu berri horregaz, norgehiagoka askoz ere lehiatuagoa, estuagoa eta politagoa da, eta, horrenbestez, txirrindulari dezente gehiago sartzen dira sailkapen orokorrerako borrokan.