Itxaropenaren Itzulia
Datorren astelehenetik zapatura artean lehiatuko dute Itzulia. Hondarribin hasiko da aurtengo edizioa, eta Eibarren, Arrateko santutegian, amaituko da. Tartean, 882 kilometroko eta 25 mendate puntuagarriko ibilbidea egingo dute.
Euskal Herriko errepideak eta errepide bazterrak mutu eta hutsik egon ohi dira martxo amaieran. Baina apirilak haize berriak dakartza, Itzuliaren eskutik. Mendate eta espaloietara jotzen duten zaletuek, beste urte batez, erakusten dute zer dela eta den Euskal Herria txirrindularitzaren herria. 2022ko Itzulia koronabirusaren pandemia egoeratik ihesean heldu da, sasoi ilunei behin-betiko agurra eman asmoz: duela urte biko edizioa, beste hainbat eta hainbat lasterketa legez, bertan behera utzi behar izan zuten, eta iazkoak, ostera, zapore gazi-gozoa izan zuen; izan ere, ikusleei lasterketa ikustera ez joatea gomendatu zien antolakuntzak, osasun egoera tarteko. Aurten, baina, urak bere onera itzultzen hasi direla dirudi; beraz, Itzulia ohiko formatu zein itxuragaz ipiniko da abian, itxaropenari dei bat egin guran. Lehia datorren astelehenetik zapatura artekoa izango da.
Okamika: Ihesaldiak, etapa garaipenak eta bigarren mailako sailkapenak borrokatzen saiatuko da gure taldea
Hondarribiko herriguneak hartuko du UCI World Tour mailako probaren irteera. Goi-mailako astebeteko beste hainbat itzulik egiten duten bezalaxe, aitzin-etapa bategaz abiatuko da Itzulia; 7,5 kilometroko bakarkako erlojupeko saioa izango dute parte-hartzaileek. Horixe izango da, hain zuzen, lehendabiziko azterketa serioa. Antolakuntzak, esfortzu bortitzeko ibilbidea atontzeko, hirugarren mailako koxkatxo bat sartu du: San Telmo. Halaber, herri barruko harbidedun zati batetik ere igaroko dira ziklistak, horrek laprast egin eta jausteko duen arriskuagaz. Eguraldiak, beraz, zeresan handia izango du lehen erlojupeko horretan. Itzulian izango dira Bahrain Victorious etxeko Pello Bilbao gernikarra eta Burgos BHko Ander Okamika lekeitiarra. Biak ala biak bat datoz lehen etapaz mintzo direlarik: ez dute uste alde handiak egiteko eguna izango denik, baina, sailkapen orokorrari begira, baliogarriak izan daitezkeen segunduei ihes egiten ikusteko etapa izan daiteke.
Bigarren egunean zapalduko du Itzuliak EAEtik kanpoko eremu bakarra; hain zuzen, Nafarroa Garaian abiatuko da etapa, Leitzan. Txirrindulariek Vianan izango dute helmuga, haizearen etapa gisa bataiotu duten egunean. Euskaltel-Euskadiko Txomin Juaristi markina-xemeindarrak argi du: «Viana inguruak eremu irekiak direnez, haizea hegaletik sartuz gero, haize-babesak egiteko aukera izango da; esprinterrentzat, ibilbideko etapa apropos bakarra horixe izango da». 2019ko edizioan ez bezala, Nafarroako etapak ez du sterrato edo lur biderik izango. Ordezkari euskaldun gehienek, baina, lur sektoreetan abiatu dute denboraldia: Juaristik eta Okamikak Jaengo klasikoan ezagutu zuten lurraren sufrikarioa; Bilbaok, aldiz, ez zuen bere distira ezkutatu Italiako hauts artean, Strade Bianche lur bideen klasiko entzutetsuan bosgarren bukatuta. Hiru lasterkariak ados daude lur bideen eta Itzuliaren arteko dikotomiaz itaunduta: «Itzuliaren esentzia ez da lur bideekin lotzen», diote. Nafarroako edo Arabako etapan baino ez lukete aukera hori egingarrigarri ikusiko. Okamikaren aburuz, «Itzulia gehiago lotzen da bide estu eta aldapa pikoekin».
Bilbao: Zamudioko etapan, Viveroko tontorra helmugatik urruntxo samar dagoela esango nuke, nire aukerak baliatze aldera
Hirugarren etapan hasiko dira bai desnibel handiak, bai sailkapen orokorrerako gerra. Laudion hasi eta Amurrion amaituta, Bilbaok Ardenetako klasiko baten itxuraz ikusten du etapa hori: «Aldapa labur eta piko ugari daudenez, kokapena hil ala bizikoa izango da; tranpa itxurako etapa da, eta diferentziak sor ditzazke hautagaien artean». Laugarren etapak, Gasteiz eta Zamudio lotuko dituenak, 3.000 metro inguruko desnibela izango du, eta helmugaratze teknikoa. Vivero igo ostean, jaitsiera azkarra izango dute ziklistek, Zamudiora. Juaristi hautagai bat botatzera ere ausartu da: «Pello Bilbaorentzat etapa bikaina da». Bilbaok, berriz, ez du hain argi: «Helmuga Viveroko tontorretik urruntxoegi dago».
Bosgarren egunak ildo beretik egingo du, baina helmuga Mallabiako aldapa koskor batean izango dute. Okamikak parekidetasuna ikusten du Mur de Huy entzutetsuagaz. Gainera, etxeko etapa izango da hirurentzat. «Etxekoen aurrean, munduko aurkari onenekin eta bikain ezagutzen ditugun errepideetan barrena lehiatzea ahaztezina izango da», adierazi du lekeitiarrak. Azken eguna Eibartik Arrateko santutegira erromesaldia izango da txirrindularientzat. Tartean, baina, zazpi mendateko gurutze bidea izango dute: Elkorrieta, Endoia, Azurki, Gorla, Krabelin, Urkaregi eta Usartza. Italiarrek esan ohi duten gisara, 135 kilometroko tapone bat. Juaristik azaldu legez, «Itzuliko lehen bost egunetan lasterketa ez galtzen saiatu behar da, eta azkenengoan, aldiz, irabaztera atera».
Juaristi: Ibilbidearen antolaketa desberdina da azken urteotan, baina egokia iruditzen zait
Hautagai asko; sari bakarra. Itzulia UCI World Tourreko probarik borrokatuenetakoa izaten da, hautagaien arteko lehiari dagokionez. Aurten, Primoz Roglic eta bere talde Jumbo Visma guztien ahotan dauden arren, goi-mailako partaidetza izango da. Kinieletan honakoak ageri dira, besteak beste: Adam Yates, Sergio Andres Higuita, Remco Evenepoel, David Gaudu, Michael Woods, Enric Mas, Jonas Vingegaard, Brandon McNulty, Geraint Thomas, Julian Alaphilippe, Ion Izagirre, Aleksandr Vlasov, Gino Mäder, Sepp Kuss, Mark Padun, Carlos Rodriguez, Emanuel Buchmann nahiz Aurelien Paret-Peintre.