Gernika-Lumotik Poloniarantz abiatu da elkartasun ekarpenez betetako autobusa
"Beharrezko materiala" Varsoviara eramatea eta 45 ukrainar errefuxiatu udalerrira ekartzea du helburu bidaiak. Gernika-Lumora ailegatzerakoan, Mertzedeko komentuan geratuko dira.
Gernika-Lumotik Poloniara arteko bidea egingo du gaur eguerdian udalerritik abiatu den elkartasunez betetako autobusak. Javier Torre udalerriko bizilagunak eta Gernika-Lumoko Udalak elkarlanean antolatutako ekimena da, “beharrezko materiala” Varsoviara eramatea eta 45 ukrainar errefuxiatu udalerrira ekartzea helburu duena.
Izan ere, ukrainar errefuxiatuentzako elikagaiak, medikamentuak eta askotariko materialak eramango dituzte Poloniako hiriburua, han ukrainar errefuxiatuei eskaintzeko. Batez ere osasun materiala eramango dute, “hori baita gehien behar dutena”. Bildu duten osasun materiala, esaterako, Kieveko unibertsitateko medikuntza fakultatera eramango dute, medikamentuen beharrizana dutelako. Hala ere, janaria, lo egiteko sakuak eta arropak ere igo dituzte autobusera. “Hotz asko egiten du han, eta berotasunerako materiala eta arropa eramatea garrantzitsua da”, adierazi du Torre antolatzaileak.
Azken asteetan bildutakoak autobusean sartuta abiatu dira, eta udalerriko bizilagunen eta inguruko herritarren ekarpenak eskertu dituzte antolatzaileek, baita Bermeoko Izaro Sub elkarteak egindako ekarpena ere; eurek egindako bidaian eraman ezin izan zutena sartu baitute gaur atera den autobusean.
Materiala Arena zentroan deskargatzeko asmoa dutela iragarri dute, baina bidaian zehar, lekua alda dezaketela azaldu dute, “Varsoviako boluntarioek dituzten beharrizanen arabera”.
Varsovian 45 pertsona batuko dituzte, eta horiek udalerrira ekarri. Gernika-Lumora ailegatzerakoan, Mertzedeko komentuan geratuko dira. “Monjek euren lekua eskaini zuten ukrainarrak hartzeko, eta lekua atontzen aritu gara azken asteetan”, azaldu du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak. Elkarregaz egongo direla zehaztu du, “bakarrik ez sentitzeko”. Izan ere, udalerrian biziko direnak andrazkoak eta euren seme-alabak dira.
Bost autobus gidari dira Poloniarantz abiatu direnak: Torre, Santi Campillo, Manuel Mesa, Unai Gomez eta J.A. Solano. Mesa eta Gomez Malagako suhiltzaileak dira, nazioarteko beste arazo batzuetan laguntza eskaini dutenak; Gomez Euskotreneko gidaria da, eta Campillo dokumentazio lanetaz arduratu dena.
Gaur ezagutu dira denak, hala ere, sare sozialen bitartez batu ziren lehenago. Bidaia prestatzeko lanetan Polonian egondako boluntarioekin harremanetan egon direla dio Campillok, kontaktu horiek emandako informazioa “funtsezkoa” izan dela adieraziz: “Poloniara joandako beste boluntario batzuekin harremanetan jarri ginen, eta eurek Poloniako kontaktuak eskaini dizkigute, baita materiala ere. Asko lagundu digute”.
Suhiltzaileak bigarren aldiz egingo dute gaur abiatu duten bidea. “Martxoaren 22tik 27ra bitartean egongo ginen han, eta berriro laguntzeko aukera eskaini digute eta prest gaude. Laguntza guztia gutxiegi da”.
Gomezen misioa laguntzea da, egin dezakeen guztia egitea. Hala onartu du Euskotren gidariak, eta ukrainarrek bizi duten egoera “edonon” gerta daitekeela gogoratu du: “Egungo egoera ikusita, guri ere gerta dakiguke, eta beharrezkoa da laguntzea”.
Gernika-Lumotik Bordeauxera joango dira lehenengo, eta handik Parisera gero. Lieja eta Colonia igaroko dituzte ostean, eta Berlinetik igarota Varsoviara ailegatuko dira. Bueltako bidea ere leku beretik egingo dute. “Bueltan, Liejan geldituko gara, zazpi orduz, deskantsatzeko asmoz”, zehaztu dute gidariek. Euren asmoa da Liejatik martitzen gauean ateratzea, eta udalerrira eguazten arratsaldean edo iluntzean ailegatzea.
Talde lana.
Elkartasunez betetako bidaia talde lanean oinarrituta dago. Hala adierazi du alkateak: “Elkarlanean antolatu dugu guztia, bai bidaia egiteko alde ekonomikoa, bai beharrezko dokumentazioa”.
Torrek telebistako irudiak ikusi zituen, eta zerbait egin behar zuela ondorioztatu zuen. Pentsatu eta bidaia prestatzen hasi zen: “Alkatearekin berba egin nuen, eta elkarlanean bidaia antolatzen hastea erabaki genuen. Hainbat eta hainbat herritarrek lagundu digute prestaketa lanekin eta oso eskertuta gaude, bai udaletxeko langileekin, bai brigadakoekin, bai ekarpenak egin dituzten herritarrekin”. Ukrainarrek laguntza “beharrezkoa” duela dio antolatzaileak, eta “ahal duten guztia” egiten saiatuko direla adierazi du.
Alkateak zehaztu du autobus bidaia antolatzea hiru asteko lana izan dela. “Gure proiektua antolatzeak denbora suposatu du, ez da gauetik egunera antolatu, baia dena ondo lotuta eta antolatuta eduki gura izan dugulako gertatu da hori. Gauzak ondo egin behar dira, eta hala egin dugu”, azaldu du Gorroñok.
Ukrainako irudiak “gogorrak” direla dio, eta Gernika-Lumok ukrainar iheslariei lagundu gura diela azaldu du alkateak: “Pertsonak guztiaren gainetik daude. Gernikako duela 85 urteko irudiak ikusten ari gara Ukrainako zenbait hiritan, eta laguntza ematea beharrezkoa da. Ezin ginen besoak gurutzatuta geratu. Irudiak ikustea besterik ez dago”.
Bidaia antolatzeko lanean jasotako laguntza eskertu dute denek ala denek. “Tuñez Sanchezi eskerrak eman gura dizkiogu, baita Autocares Jon Anderri eta Mintegi enpresari ere, azken horrek uzten digulako bidaia hau egiteko autobusa”, azaldu dute Torrek eta Campillok. Horiez gain, Gernika-Lumoko brigadako langileez ere gogoratu dira, “momentu guztietan lagundu” dietelako, eta Mertzedeko komentukoei ere euren esker ona adierazi diete: : “Sekulakoa izan da eman diguten harrera. Proiektuagaz oso emozionatuta daude”.