"Serio jokatuta, ligaxka oso ona egin dugu, eta finala hobea izan da"
Pilota mistoan bere lehenengo binakako txapela lortu du Olatz Arrizabalaga gernikarrak. Enara Gamindegaz txapelketa borobila egin du; bikote sendoa osatuta, partidu guztiak irabazi dituzte.
Finalaren osteko egunak zelakoak dira? Ospatzeko eta hausnartzeko astirik eduki duzu?
Partidua amaitu eta segituan, sagardotegi batean ospatu genuen. Amaia, Enara eta hirurok klub berekoak gara, batera entrenatzen dugu, eta lau finalistetatik hiru klub berekoak izanda, ospatu behar zen. Hurrengo egunean oraindik ere sinistu barik nengoen; ez genuen inondik inora espero hain erraz irabaztea. Orain, apurka-apurka, irabazi dugula asimilatzen noa. Astelehenean ikusi nuen partidua, zer ondo egin genuen, zer txarto eta zer hobetu behar den ikusteko. Partidua perfektu joan zen, eta horretatik ere ikasten da. Hausnarketa bat eta txapelketaren balorazioa egin genituen.
Pilota goxoagaz txapelak lortutakoa zara, baina mistoko hau bereziena dela diozu, zergatik?
Lehenengo biak irabazteak meritua dauka, ez diet meriturik kenduko lehenengo bi txapelei, baina honek lan asko eduki du atzetik. Pilota mistorako saltoa egin nuen, eta gero, maila igo egin da; gu ere pilota serioago hartzen gabiltza. Urte osoan lan asko egin dugu daukagun maila erakusteko. Azkenengo bi urteetan ez dut txapela lortu, orduan, ez dut lanaren saririk edo errekonozimendurik eduki. Hau lortzea garrantzitsua izan da, beraz. Errekonozimendu hori kostatu da, baina etorri da.
Zelan gogoratzen duzu finala? Zelakoa izan zen?
Espero genuena baino hobeto joan zen. Ideiak oso argi eroan genituen; bagenekien Amaiari ezin geniola jokoan sartzen utzi, zerbaitegatik da buruz buruko txapelduna. Atzean bi gazte zeuden, eta eurentzat lehenengo aldia zen telebistatik eskaintzen zen halako final batean; igarri zen Andrea oso urduri zegoela. Finala politagoa izan ahalko zela egia da, eta zapore gazi-gozo apur bat gelditzen da, denoi gustatzen zaigu final bat 22 eta 21 irabaztea.
Zuon arteko ligaxkako lehen jardunaldia oso berdindua izan zen eta domekan, berriz, ez zen esperotako lehiarik eta parekotasunik egon.
Egoera zeharo desberdina zen. Partidu hartan, presio eta urduritasun barik geunden bi bikoteak. Eta jendea zegoen, baina ez finalean beste, eta telebistan ere ez zuten eman. Gozatzera irten, eta laurok gure maila erakutsi genuen. Pena izan zen finalean eurek euren maila ez erakustea. Normalean, finalak ez dira izaten partidurik politenak, urduritasuna egoten da, apur bat despistatuta zaude edo hankek ez dute erreakzionatzen urduritasun horregatik; telebista eta jende asko egoteak eragina dauka… Finaletan bakarrik egoten dira 600-1.000 pertsona ikusten; ez gaude ohituta, eta gazteak gutxiago. Faktore asko daude.
“Ez diet meriturik kenduko lehenengo bi txapelei, baina honek lan asko eduki du atzetik “
Pertsonalki, zelako sentsazioak eduki zenituen?
Hasieran nahikoa urduri sartu nintzen. 6 eta 0 aurretik joanda ere, urduri nengoen, pentsatzen nuen edozein momentutan buelta emango zigutela. Buruan neukan aurreko bi urteetan frontoi berean galdu izanaren mamu hori. 22. tantora heldu arte ezin genuela erlaxatu uste nuen. Partiduan gero eta solteago joan nintzen, azkenean, tarte handia hartu genuen, eta ikusten nuen Enara gero eta lasaiago zegoela. Partiduan ez zen igarri, baina hasi aurretik oso urduri egon zen. Azken momentura arte tentsioan egon ginen.
Txapelketaren zelako balorazioa egin duzu?
Txapelketa perfektua egin dugu, ez dugu partidu bat ere galdu, ez da partidu txarrik egon, danak izan dira oso onak, oso konpletoak, oso serio jokatu dugu biok, eta batez ere, oso ondo ulertu gara elkar. Nahiz eta biok bakarka onak izan, alkar ondo ulertu ezean, ez genuke bikote ona osatuko. Batera entrenatzeak horretan laguntzen du. Sekulako partiduak egin ditugu, danak serio-serio jokatuta, eta uste dut hobeto egiterik ez dagoela.
Bikote indartsua izan zarete, eta hasieratik amaierara sendo eutsi duzue.
Presio hori bageneukan; bikoteak irten zirenean, mundu guztiak esan zuen faboritoak gu ginela, eta presio horregaz jokatzea inoiz ez da erosoa. Faboritoak zerbaitegatik ginela erakutsi behar genuela esan genuen, eta uste dut presio hori nahikoa ondo eroan dugula. Partidu guztietan %100 ematera joan ginen, eta joko aldetik biok oso fresko heldu gara finalera. Ligaxka oso ona egin dugu, eta finala hobea.
Pertsonalki zure jokoagaz gustura geratu zara?
Bai. Aurreko bi urteetako partiduak eta aurtengo ligaxka guztia ikusita, uste dut nire jokoa hobetu egin dela. Agian, entrenamendu askotan ez dut asko hobetu naizenaren sentsazioa eduki, baina aurreko bi finalak eta oraingoa alderatuta, ikusten da baietz. Ziurtasun handiagoa daukat nire jokoan, konfiantza gehiago, jokoa eraginkorragoa da. Orain beste aurrerapauso bat eman dugu. Klubean entrenatzen dugun hirurok urte osoan sekulako maila ematen ari gara, lanak oso ondo egin ditugu, eta beti gabiltza hobetzen.
Gazteen presioa sarritan aipatzen da, baina zuk ‘beteranoa’ izatearen presiorik eduki duzu txapelketan?
Amaiak eta biok edukitzen dugu. Beti gaudenez goian, gazteei irabazi behar diegunaren presioa edukitzen dugu. Berak buruz buruzko txapelduna delako presio estra ere badauka. Horrela ez da erraza jokatzea, askotan presio horretan sartzen zarenean irteten dira partidurik txarrenak. Txapelketa honetan nahikoa ondo eroan dut, baina beste txapelketa askotan ezin izan dut presio horregaz. Uste dut banoala apurka-apurka ikasten.
Esperientziak hori kudeatzeko tresnak ere ematen ditu?
Bai, batez ere finalean. Amaia eta ni urduri geunden, baina bagenekien zer zen telebista aurrean, eta final bat jolastea, ohituta gaude. Eta guk esperientzia hori transmititu behar genien atzeko gazte biei; 14-15 urte dituzte, eurentzat kristorena da halako txapelketa bat jokatzea. Betarana izate horrek eta esperientzia horrek alde ona ere badauka.
Gaminderen lana asko goraipatu da. Zelan ikusi duzu?
Oso txikia zenetik ezagutzen dut, txikitatik nabarmendu da bere ezker-eskuma abilagatik. Promozio mailan ondo zebilen, irabazten zuen, eta argi zegoen ona izango zela. Batez ere azken urte honetan eman duen saltoa ikusgarria izan da. Uste dut atzelari on bat izatetik atzelari onena izaterako saltoa eman duela; bai indarrean bai segurtasunean salto itzela eman du. Lan asko egiten du, ordu asko sartzen ditu frontoian. 14 urteko atzelari batek frontoian niri, 24 urteko bati, halako segurtasuna ematea izugarria da. Enaragaz jokatzea gozamena da, konfiantza ematen dit, eta kantxan halako lasaitasuna erakustea ere izugarria da.
“Ziurtasun handiagoa daukat nire jokoan, konfiantza gehiago, jokoa eraginkorragoa da“
Lea Ibarra Motrollo klubaren lana ere nabarmendu duzu. Zuok zure nebagaz entrenatzen duzue.
Klubean lanak oso ondo egiten direla emaitzetan ikusten da. Itzelezko lana egiten dugu, ordu asko sartzen ditugu, entrenamenduetatik kanpo ere bai, eta klub eta talde hori barik, uste dut ez ginela oraingoak izango. Zorte handia daukagu. Unaigaz oso gustura gaude, lanak errazten dizkigu, eta eskertu behar diogu gugaz daukan pazientzia.
Izan ere, beste kirol batzuetan asko aipatzen da talde lana. Zuen kasuan, kantxan ikusi ez arren, atzean hori ere badago, eta pilotan ere garrantzia handia dauka, beraz.
Pilota gauza indibidual modura ikusten da. Indibidualki pilotan entrenatu zenezake, baina talde barik ez duzu inoiz hobetuko, eta horregatik eman dugu guk saltoa. Talde oso on bat daukagu, entrenatzaile oso on bat, oso gustura gaude, entrenamenduetan pila bat gozatzen dugu, ondo pasatzen dugu, eta lagunak gara. Atzetik dagoen talde lan hori barik ez dago ezer.
“Klubean lanak oso ondo egiten direla emaitzetan ikusten da”
Bizkaia Torneoko txapela al da orain helburua?
Helburua beti da ahalik-eta txapel gehien lortzea. Baina, orain, beste ikasketa prozesu batean sartzen gara. Beti helburu batzuk markatzen ditugu; orain arte helburua izan da gure jokoa eraginkorragoa izatea, gutxiago huts egitea, pasa den urtean asko huts egiten genuen eta. Torneo hau ikasteko erabiliko dut, eta ahal bada txapela lortu, hobeto. Eta maiatz amaieran Master Cupeko Nafarroako txapelketa dator. Pasa den urtean finaletik kanpo geratu nintzen eta aurten, behintzat, finalera heltzea lortzea polita litzateke.
Faboritoak nortzuk dira?
Bikoteak hain parekatuta daudenez, finalerdietara arte ez dugu jakingo nor helduko den finalera. Adibidez, Amaiak eta Norak bi partiduak galdu dituzte, baina finalerdietan gai dira lehenengoari irabazteko. Lau bikoteak oso ondo eginda daude, oso parekatuak dira, eta ikusi da partiduak oso gogorrak irten direla, edozer pasatu litekeela. Partidu danak oso gogorrak izango dira.
Naroa Agirregaz ari zara. Zelako pilotaria da?
Naroagaz oso gustura jokatzen dut, eta txapelketa oso txukuna egiten dabil. Iaz txapelketa nahikotxo jokatu nituen beragaz, oso ondo elkar ulertzen dugu. Atzelari oso segurua da, segurtasuna transmititzen dit. Ez du atzeko koadroetan dominatuko, baina dena eroaten du, eta horrek balio dit aurrean nahi dudana egiteko.
Lehen jardunaldian garaipena lortu ostean, barikuan 22-16 galdu zenuten Leire Garairen eta Enara Gaminderen aurka, Zallan. Zelako partidua izan zen?
Partidua oso gogorra izan zen. Leirek eta biok aurrean tiki-taka polit bat eroan genuen. Enara apur bat dosifikatzen egon zen domekarako, eta uste dut biok ere burua domekako finalean geneukala. Baina, halere, itzelezko partidua egin genuen, gogorra.
Bihar Amaia Aldairen eta Nora Mendizabalen kontra jokatuko duzue Zierbenan. Zelako partidua aurreikusten duzu?
Gogorra izan liteke. Bikote biak nahikoa antzekoak gara, bi atzelari seguru eta oso ondo gabiltzan aurrelariak. Uste dut barikuan Amaia ere finalean pentsatzen zegoela, eta oraingoan topera irtengo dela. Horrela bada, partidu gogorra izango da. Ea aurrean Amaiak eta biok ikuskizuna ematen dugun.