Mairin Mitchelli aitortza eta omenaldia egiteko erakusketa zabaldu dute Euskal Herria Museoan
2023ko otsailaren 5era arte egongo da ikusgai 'Mairin Mitchell, euskaldunen kronikari irlandarra' erakusketa. Erakusketatik harago hainbat jarduera osagarri antolatu dituzte.
Lan handia egin duen arren, ezkutuan egon den pertsona da Mairin Mitchell kazetari eta idazle irlandarra. Harek egindako lan guztia lehen lerrora ekarri gura izan dute Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan zabaldu berri duten Mairin Mitchell, euskaldunen kronikari irlandarra erakusketan. Aitortza egiteaz gain, omenaldia egin gura izan diotela esan du Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok.
Erakusketaren protagonista “ahaztutako” emakume bat dela aipatu du Bilbaok: “Manuel de Irujok galdera bat bota zuen; zergaitik ez omenaldi bat egindako lan guztia kontuan izanik? Horixe da guk egin gura izan duguna”. Mitchellek Eskal Herria ezagutu, maitatu eta horren berri eman zuela gogora ekarri du, “kanpoko ikuspegi bategaz, gainera, irlandarra zelako”. Hala, berea ez zen herri bat ezagutarazteko bere bihotz, lan, ikerketa eta arima guztia jarri zuela nabarmendu du. “Euskal kulturan eta politikan ezagun izan diren gizonezkoek bere lana aitortu dute; Koldo Mitxelenak, Leizaola lehendakariak, Manuel De Irujok… denek goraipatu dute Mitchellen lana, eta omenaldia behar zuela uste zuten”.
Erakusketa Mitchell bidean lagundu zuten pertsonen izen propioz eta argazkiz beteta dago. Bitxia da, hala ere, bera ez dela argazki bakar batean agertzen. “Mairin beti egon zen hor, baina lan nekaezina egin zuen atzetik, ez zen protagonista izan eta irudietan ez zen bere itxura fisikoa hartu. Aurpegi ezezagunekoa, langile nekaezina eta grinatsua izan zen, beste emakume asko bezala, eta eskerrak eman nahi dizkiogu eta fokuak berarentzat piztu, bere lana goraipatuz eta guztion oroimenean leku bat emanez”.
“Altxor bat”. Bermeoko Arrantzaleen Museoan ikusgai egon zen Akurio eta Elkano 1519-1522 Bizkaitarrak Lehen Munduko Biran erakusketaren komisario berdina dauka erakusketa honek ere, Xabier Armendariz, hain zuzen ere. Izan ere, Bermeoko erakusketan lekutxo bat izan zuen Mitchellek. Erakusketa hori prestatzen ari zela ezagutu zuen Mitchell, berak idatzi baitzuen Akurioren Odisea eleberria. Armendarizek azaldu duenez, hainbat erakundetan egindako “ikerketa sakonaren” ondorioz eta Mitchell ezagutu zuten partikularren laguntzari esker egin ahal izan dute erakusketa.
“Ingalaterran jaio zen, baina familia irlandarra zeukan. Amonetako bat Iparraldekoa zen. Horrez gain, ez zuen beste harreman zuzenik Euskal Herriagaz”, dio Armendarizek. Eleberrietako idazle modura zeukaten bere garaian, baina ikertzailea zela dio erakusketaren komisarioak: “Berak jarri zuen Akurio bere lekuan, beste hainbesteren artean. Artikulugile aparta izan zen. Euskal Herriari buruzko izugarrizko artikuluak idatzi zituen. Erabateko kronista zen”.
Armendarizek uste du aurrerantzean berari buruzko informazio gehiago lortu ahal izango dela; “uste dut aurkikuntza bat egin dugula, altxor bat aurkitu dugu”.
Atal desberdinak ditu erakusketak. Azalpen panel ugari izateaz gain, Mitchellek bere laguna izan zen Cecilia Garcia de Guiarteri oparitutako objektu pertsonalak ikus daitezke, baita ere kazetariaren eskuz idatzitako oharrak dituzten argitalpenak, liburuak eta dokumentazio epistolarra. Gainera, Arrantzaleen Museoko ohorezko liburuan idatzi zuen esaldia ere irakur daiteke Euskal Herria Museoan.
Dibertsitate funtzionala daukatenei ritsi asmoz, paneletako informazioa entzungai dago audio pistetan. QR kodeen bidez eskaintzen dira.
Bisita gidatuak. Mairin Mitchell, euskaldunen kronikari irlandarra erakusketak historian zehar ezkutatu edo isilarazi diren emakume askoren ekarpena ikusarazi eta horri buruz hausnartzea gura du. Uste dute “funtsezkoa” dela ahaztutako emakume honi “argia eta oihartzuna” ematea. Erakusketa 2023ko otsailaren 5era arte egongo da ikusgai.
Erakusketak informazio asko ditu, Armendarizek informazio “asko” lortu du bere ikerketan. Leire Irazabal Euskal Herria Museoko arduradunaren esanetan, “ez da erraza” bilatutako informazio hori guztia isladatzea, horregatik, erakusketatik harago hainbat jarduera osagarri antolatu dituzte. Maiatzean hasita, domekaro, esaterako, bisita gidatuak egingo dituzte museoko gidariek. Hala ere, komisarioaren eskutik ere ezagutu ahalko da erakusketa, hainbat data zehaztu baitituzte; lehenengoa apirilaren 7rako antolatu dute, 18:00etan.
Beste alde batetik, apirilaren 28ko Literatura eta Ondarea saioan, Mitchellek idatzitako Akurioren Odisea eleberria izango da protagonista. Horretan, irlandarrak Akurio nabigatzaile bermeotarraren eta Elkano kontramaisuaren abenturak kontatzen ditu. Azaroan, berriz, Armendarizek hitzaldi bat eskainiko du. Irazabalek gogorazi duenez, horietarako guztietarako ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea.
Gaurko aurkezpenean jakitera eman dutenez, museoak dituen 30 urteko ibilbidean, emakumeak protagonista izan diren 22. erakusketa hartu dituzte.