Elizkizun beltz eta ilunak
'Yersinia Pestis' diskoan, fantasiazko ipuin bat sortu du Elizabeltz laukote bermeotarrak; bederatzi kantu badaude ere, denek istorio bat osatzen dute.
Taldearen izenak argi uzten badu ere, elizkizun beltzak eta ilunak taularatzen dituzte Bermeoko Elizabeltz musika taldekoek; laukotea osatzen dute bermeotarrek, Yersinia Pestis eta heriotz beltzaren hiru morroiek, hain zuzen ere. Taldeak orain dela gutxi atera du lehenengo diskoa: Yersinia Pestis. Fantasiazko ipuin bat sortu dute.
Gustura daude lehenengo diskoaren emaitzagaz, eta baita ere jendeak diskoarekiko izan duen harreragaz. “Disko arraroa da, mamitsua da, eta pasarte asko ditu. Horregatik pozik gaude, jendeak gustukoa izan duelako”, dio Elizabeltz taldeko kide Sergio Meauriok.
Bederatzi abesti dauzka Yersinia Pestis diskoak, eta istorio bat kontatzen dute; abestiek bata besteari jarraitzen diote. Diskoa “mamitsua” dela dio, rock and rolla, esaterako, errazago iristen delako; “beti-betiko hiru notak dira, alaia da, eta abiadura dauka”. Elizabeltzen musikak, baina, “nahaste ugari” ditu: “Iluntasunaren eta rockaren baitan dago, baina melodia aldaketa gogorrak ditu eta denbora aldaketa bortitzak ere bai. Horregatik esaten dut musika mota horra ohituta ez dagoen norbaitentzako mamitsua edo trinkoa izan daitekeela. Gureak zerikusi handiagoa dauka rock sinfonikoagaz eta black metalagaz, baina ez black metalaren musikagaz, baizik eta horren arimagaz”. Hala ere, badakite, musika horretara ohituta ez dauden askok ere euren diskoa entzun eta gustukoa izan dutela.
“Dentsoa” bai, baina, era berean, disko “dibertigarria” ere kaleratu dutela azaldu du Meauriok. “Ondo ulertzeko”, gainera, diskoa osotasunean entzun beharra dagoela uste du. Hala eta guztiz ere, kontzertuetan ez dituzte abestiak bata bestearen atzetik jotzen, “istorioa beste modu batera ere kontatu daitekeelako”. Dioenez, zuzenean ez du ardura abesti batetik edo bestetik hasteak.
Metaforaz betetako pasarteak abesten dituzte: “Giza moral eta giza hipokresiaren aurkako abestiak dira”. Yersinia da diskoaren protagonista nagusia, eta kirtenez betetako herri bati argia ematera dator. Euskaraz abesten dute.
EP bat lehenengo. Diskoa atera baino arinago, EP bat kaleratuta zeukaten, 2019an; taldearen izena jarri zioten, Elizabeltz. Orain, diskoak, EP haregaz zerikusia badaukala dio, baina oraingoa “ilunagoa eta gogorragoa2 dela nabarmenduta. Hiru abesti ziren EPkoak, eta bakoitzak bere mezua zeukan, oraingoan, berriz, denekin istorio bat osatu dute: “Beraz, batetik bestera, desberdintasunak badaude”.
2018. urteko udazkenean sortu zen Elizabeltz taldea. Beste talde batzuetako (OST, Sinnerdolls, The Hammer Killers) kideak batu ziren proiektua osatzeko. Bakoitzak duen onena balioan jartzeko gai izan dira, eta horrek agertoki gainean islatzeko balio izan du.
Hasieratik estilo berdina jarraitu dutela dio Meauriok, “iluntasunetik beti”. Hala ere, aldaketak beti daudela ere badio: “Lehen arinago sortzen genituen abestiak eta, orain, denbora gehiago ematen diogu abesti bakoitzari, baina aldaketa nabaririk barik estiloan”.
Yersinia Pestis diskoaren aurrerapen modura, bideoklip bat ere grabatu zuten. Eta, buruan ere badaukate beste bideo batzuk grabatzea: “Gaur egun jendeari gehiago gustatzen zaizkio ikus-entzunezkoak. Gaur egun ez da nahikoa kaskoak ipini, musika entzun eta mundua imajinatzea. Magia ere galdu dela esango nuke”.
Hasierako konposaketa bat, letrak eta orkestrazioak Meauriok egiten ditu eta, ondoren, lokalera eroaten ditu. Gero, taldeko gainontzeko kideek beren arima eman die, eta proposamen berriak egiten dituzte. Hortaz, abestiek taldeko kide guztien ukituak dituztela adierazi du: “Musika unibertsala da, leku guztietatik barneratzen dugu, eta horrek zerikusi handia dauka. Musika eginda dago, nahiz eta buelta bat eman ahal diogun, eta hori egiten saiatzen gara Elizabeltzen. Ailegatzen zaigun guztiari buelta bat ematen, alegia. Uste dut, gainera, hori dela egin beharreko bidea”.
Kontzertua baino gehiago. Elizabeltz zuzenean ikusteko aukera izan duten horiek badakite agertokian egiten dutena kontzertu bat baino harago doala, antzeztu ere egiten baitute. Oso ikusgarriak dira kontzertuak, eta gehiagora joateko asmoa ere badaukatela dio: “Denborak aurrera egin ahala eta bitartekoak ere gehiago joan ahala, antzerkia gehiagora joan daiteke. Gustatu egiten zaigu, eta jendea erakartzeko modua ere bada”.
Meaurioren ustez, garrantzitsua da mota horretako musika euskaraz zabaltzea. Uste du, gainera, gero eta aukera gehiago ematen zaiela ezagutzen ez diren hizkuntzei; “hau da, euskaraz edo beste hizkuntza bat jakin ez arren, prest dago jendea musika hizkuntza horietan entzuteko. Interesa baldin badaukazu letrengandik, Internetez gaur egun erraz bilatu daiteke”.
Hurrengo hitzordua etxe alboan daukate, Gernika-Lumon, hain zuzen ere, apirilaren 2an. Euskal Herritik kanpo ateratzeko asmoa ere badaukate, eta urri aldera badauzkate pare bat aurreikusita.