Ikasle Abertzaleek grebara deitu dituzte ikasleak
Eguenean [martxoak 24] manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean 12:00etatik aurrera.
Ikasle Abertzaleak greba egunerako deia egin du eguenerako Euskal Herrian Hezkuntza erreformak gelditu lelopean. Ikasleek mobilizazioak egingo dituzte Euskal Herriko lau hiriburuetan 12:00etatik aurrera. Bilbon Eliptika plazatik hasiko da manifestazioa, Donostian Ibaeta Aulariotik, Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazatik eta Iruñean Antoniuttitik. Sindikatuek ez bezala, Ikasle Abertzaleak greba deialdia mantendu du.
Lur Aranburu Ikasle Abertzaleko kidearekin hitz egin du HITZAk:
Zein da Ikasle Abertzalearen helburua greba honekin?
Momentura arte oharkabean onartu eta aplikatzen ari dira hezkuntza erreformak. Ikasleok erreforma hauen gaineko salaketa egin eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntza ereduaren defentsan mobilizatuko gara. Egungo krisi testuinguruak aldaketak dakartza, eta hezkuntza ez da salbuespena. Hezkuntza sistema osoa erreforma ziklo batean murgilduta dago: Bigarren Hezkuntzan LOMLOE, unibertsitatean LOSU eta Lanbide Heziketan LH Plana aplikatzen ari dira. LOMLOE LOMCEk utzi zituen ondorioak konpontzera datorren lege aurrerakoi gisa aurkeztu diguten arren, inondik inora ez die hezkuntzaren erroko arazoei konponbiderik ematen, azaleko aldaketak baino ez baititu egiten legeak. Gure helburua hezkuntza lege “aurrerakoi” hauen atzean ezkutatzen diren ondorio lazgarriak mahai-gaineratzea da. Adibide batzuk jartzearren, ez dute hezkuntzaren okerreranzko joera konpontzen, enpresek hezkuntzan duten esku-hartze gaitasuna handitzen dute, kontrol soziala handitu, eta ikasleok antolatzeko oztopoak jartzen dituzte, Lanbide Heziketa dualarekin lan-indar merkea lortu eta ikasleon lan karga handitzen da. Ikasle langileok hezkuntzaren egoera salatu eta erreforma hauen konponbiderako gaitasun eza salatzeko mobilizatuko gara datorren eguenean.
Zeintzuk dira aldarrikapenak?
Erreformez haratago, hezkuntzako arazo estrukturalak gaindituko dituen bestelako hezkuntza eredua eraikitzea posible dela, eta bide horri gaurdanik ekin behar diogu. Ez gara ogi apurrekin konformatuko, eta erroko aldaketak behar direla aldarrikatuko dugu. Hezkuntza erreforma hauek ikasleongan jartzen dute arazoaren fokua, eta norbanakoaren arduran zentratzen dira, hezkuntzaren erroko arazoak guztiz baztertuz. Doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala den hezkuntza baten alde antolatzeko aldarria zabaldu nahi dugu. Ikasleon behar kognitibo zein afektiboetara egokituko den, gizaki giza tratatuko gaituen, guztion sarbidea bermatu eta ikasleak sailkatuko ez dituen, kontrola eta izaera autoritarioa izango ez duen, eta bakoitzaren baldintza eta gaitasunak kontuan izango dituen hezkuntza eredua aldarrikatzen dugu.
Zeintzuk izango dira mobilizazioak?
Mobilizaziorako deia egin dugu Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean 12:00etan. Busturialdeko ikasleok Bilboko mobilizazioetan parte hartuko dugu. Eliptika plazatik hasiko da 12:00etan eta bertara eskualdetik denok batera joateko autobusak antolatuko ditugu: Bermeon 9:30ean institutuan eta Gernika-Lumon 10:00etan Seber Altube ikastolan eta 10:05ean institutuan. Autobusetan apuntatzeko IAko kideekin hitz eginez, sare sozialetatik edo QR bidez formularioan sartzeko aukerak daude.
Zelan ikusten du Ikasle Abertzaleak ikasleen gaur egungo egoera?
Ez da zertan oso abila izan behar gaur egungo hezkuntzaren egoera okerra dela ohartzeko: 5 ikasletik batek ez du Derrigorrezko Hezkuntza bukatzen, ikasleen ia %20ak antsietatea jasaten dute, ikasleko urtean 664 euro gastatzen dira hezkuntza publikoan… Hala ere kurtso hasieran ikastetxe desberdinetan inkestak egin genituen ebaluazioari, klase partikularrei, hezkuntza zerbitzuei eta beste hainbat gauzei buruz. Inkesten emaitzetan ikusi genuen ikasleen %75ak baino gehiago klase partikularretara joaten dela, eta hauen gehiengoak klasean emandako edukia ulertzeko jasotzen ditu partikularrak. Horretaz gain, astean 3,5 ordu igarotzen ditugu bataz beste partikularrean (etxean egiten duguna kontatu gabe) eta hilabetean 70 euro ordaintzen ditugu. Honek esan nahi du ikasleok klasean 6-7 ordu egon ostean, ikasten eta lanak egiten jarraitu behar dugula, bai eta partikularrak gainditzeko ezinbestekoak bilakatu direla ere. Emaitza hauetaz gain, ikasleen ia %80ak azterketek ebaluazioan pisu gehiegi dutela uste dute, ikasleen erdiak baino gehiagok ez du diru laguntzarik jasotzen ikasliburuak erosteko, ezta hezkuntza-zerbitzuak ordaintzeko ere. Hau da, ikasle langileon egoera tamalgarria da eta gaur egun bizi dugun krisi testuinguruan okerrera besterik ez du egingo antolatu ezean.
Koronabirusak zertan eragin du egunerokotasunean?
Aurretiaz ikusi genitzakeen zenbait joera handitu edo azkartu ditu. Jarrera autoritarioen justifikazio gisa balio izan du koronabirusak, edozein erabaki arbitrario pandemiaren aitzakiapean hartuz: ateak ixtea berandu datozenentzat, non eta noiz egon gaitezken kontrolatzea (zein gelatan, eskailera, talde…), musukoaren erabilera okerragatik neurri disziplinarioak, plataforma digitalen bidez egiten dugunaren erregistro konstantea mantentzea… Horrez gain, pandemia garaian irakatsi gabe geratu ziren edo behintzat modu egokian landu ez ziren eduki ugari arrastratzen gabiltza eta ikasgai askotan gabeziak nabari ditugu. Guzti hori, pandemiak areagotutako krisialdi testuinguruan kokatu behar dugu, non ikasleon ikas-baldintzak okertu eta arazo psikologiko eta emozionalak geroz eta gehiago hedatu diren.