Bermeok abizenak euskaraz idazteko kanpaina hasiko du apirilean
2010ean kanpaina martxan jarri zenetik, guztira, 400 espediente inguru izapidetu dituzte Bermeoko Bake epaitegian.
Bermeoko Udalak euskal abizenak gaztelaniazko grafiaz idatzita daukaten bermeotarrak animatu gura ditu horiek euskaraz idaztera. Hala, Uemarekin elkarlanean, 2010. urtean hasi zuten kanpainari eutsiko dio aurten ere udalak, eta apirilean abiaraziko dute. Kanpaina martxan jarri zenetik, guztira, 400 espediente inguru izapidetu dituzte Bermeoko Bake epaitegian.
Aldaketa egiteko epaitegira jo beharko dute herritarrek, eta horretarako eman beharreko pausoak zeintzuk diren azaltzen du kanpainak. Hala, Uemak prestatutako informazio-orria eta kartelak banatuko dituzte hainbat udal zerbitzutan, ikastetxeetan, euskaltegietan eta hizkuntza eskolan.
Abizena euskal grafiagaz idazteko egin beharrekoa honakoa da: erregistro zibilean eskabide orria bete behar da lehendabizi, eta entregatzerakoan honako agiri hauek aurkeztu behar ditu eskatzaileak: NAren fotokopia (adinez txikikoek gurasoena eraman beharko ditu); hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria (epaitegian eskatzen da); errolda agiria (udaletxean eskatu behar da eta, adinez nagusia ez bada, gurasoena izan behar da); familia liburuaren fotokopia (familia edo seme-alabak izanez gero) eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia, 16 urtetik gorakoak badira.
Abizena euskaraz zelan idatzi behar den kontsultatu daiteke www.euskaltzaindia.eus webgunean.
Gogorarazi gura izan dute epaitegian beste inskripzio batzuk ere euskaraz egin daitezkeela, hala nola, jaiotza eta ezkontza eta heriotza inskripzioak. Eta, kanpaina honen bidez, horretarako gonbidapena ere egin gura dutela zehaztu dute.