Elkarrizketa, bakea, bizitza eta burujabetzaren aldeko herritarren aktibazioa jorratzen hasteko batu dira Gernika-Lumon
Gaur egungo testuingurutik, Euskal Herriak gerrari ez adierazi, eta elkarrizketa, bakea, bizitza, eta burujabetzaren alde herritarron aktibazioari ekiteko espazioa sortu gura dute.
Gernika Batzordeak deituta, hainbat elkarte eta eragile bildu ziren zapatuan (martxoak 19) Astra Gernika kultura faktorian, gaurko testuingurutik Euskal Herriak gerrari ez adierazi, eta elkarrizketa, bakea, bizitza, eta burujabetzaren alde herritarron aktibazioari bidea emateko. Herri gisa kolektiboki erantzun bat proposatzeko eta adosteko espazioa sortu dute.
“Errusiak Ukraina erasotu izanak elkartu gaitu, eta eraso horren aurrean gerra gelditzea eskatzen dugu, soldaduak haien jatorrizko herrialdeetara bueltatzea eskatzen dugu, elkarrizketaren bidez bakea erdiestea eskatzen dugu eta bizitzak eta herrien burujabetza errespetatzea eskatzen dugu. Euskal Herriak gerrari ez esaten dio”, adierazi dute.
Besteren artean, LAB eta Steilas sindikatuen, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoen, EHBildu koalizioaren eta Ipes eta Lobak elkarteen ordezkariek bat egin zuten deialdiagaz.
Gerrarekiko aurkakotasunaren, bakearekiko, akordioarekiko eta elkarrizketarekiko adostasunaren eta herrien burujabetzarekiko aldekotasunaren printzipioekin bat eginda batu ziren. Lan-bileraren ondoren, manifestua aurkeztu zuten, eta horri zenbait ekarpen edota iradokizun gehitu dizkiote. Bertan gogoratu bezala, gerraren mina eta txikizioa jasandakoa da Euskal Herria, eta oraindik bizirik ditugu gure artean gerra bizi izan zuten herrikideak. Hilabete honetan 36 urte bete dira Hego Euskal Herriak NATOri “ezezko borobila” eman ziola, eta izaera antimilitarista horrek soldaduskari intsumisioz erantzuteko bidea ere hartu zuen gurean, eta biak ala biak, gaurkotasuna izaten jarraitzen duten jarrerak direla uste dute.
Azpimarratu dute Ukrainan ez eze, Sirian, Yemenen, Palestinan, Saharan, Kurdistanen, Afganistanen eta “bestelako gerra edo gatazka ahaztueetan axola duten bizitzak daudela” eta herritar horien guztien bizitzek daukaltea garrantzia, eta herri horiek guztiek merezi dutela bakea: “Haien exodoak laguntzarik ez badu ere, milaka eta milaka dira gerra horietatik ihesi Europara iristen saiatu direnak, baita munduko beste lekuetako bortizkeria, desjabetze eta pobreziatik datozen milaka senegaldar, maliar, nikaraguar, ekuadortar eta abar luze bat. Ez dugu ahaztu, nahiz eta lausotua sentitu, gure herrikide asko kanpora joan behar izan zirela eta beste herri batzuetan abegiz eta elkartasunez hartu gintuztela. Guretzat nahi duguna nahi dugu besteentzat ere”.
Emakumeek pairatzen duten “zapalkuntza erantsia” ere erdigunean ipini dute; diotenez, “bigarren mailan geratzera behartuak eta lotuak, rol jakinetara kondenatuak, eskubiderik gabe eta biolentzia mota guztien jo-puntu” dira. Hala, salatu dute gerra guztietan emakumeen gorputza dela “okupatua eta bortxatua izateko lehen konkista lurraldea”: “Kanporaketak, bahiketak eta emakumeei eta neskei ezarritako bortxaketak funtsezko gerra-estrategiak dira herriak menderatzeko. Gizonek egindako gerrak dira, beren nagusitasun historiko eta hetero-patriarkala sustatzeko”.
Gerra gelditzeko eta azpian egon daitezkeen gatazkak bideratzeko elkarrizketa eta akordioa aldarrikatzen dituzte. Manifestuan esan legez, gatazkak negoziazio mahaietara bideratzea, eragile guztien onarpena izatea eta prozesuekiko nazioarteko babesa eta ez-injerentzia beharrezkoak dira akordioak eta soluzio iraunkorrak lortzeko.
Argi daukate bakea helburua dela bere horretan, herri guztiek bakea merezi dutela, eta herriek eta herritarrek bakea behar dutela askatasunez erabakitzeko, herriaren proiektu politikoa garatzeko eta herritarren bizi egitasmoak gauzatzeko: “Bakea behar dugu eskubide guztiak guztiontzat posible izateko. Eta hemengo bakea ez dadila beste leku bateko gerraren gainean eraiki. Euskal Herria izan dadila pasabide segurua edo geraleku hautatua beharra dutenentzat. Informazioa, egia, diplomazia, elkar ulertzea, negoziazioa eta elkarbizitza ez dira soilik barrura begira edo diskurtso legez landu beharrekoak, tentsioak dauden eremuetara aplikatzen jakin behar dugu”.
Euren hitzetan, bizitzak askatasuna eta berdintasuna izan behar ditu ardatz, eta gerraren aurrean, eta gerraren ondoren erebizitzeko aukera hori aldarrikatu nahi dute. Halaber, gerrak zapaltzaileak direla eta zapalduak areagotzen dituela zehaztu dute, “aurreko gerrek sortu dituztenak konpondu gabe eta konponketa posibleak” zailduz. “Eta immorala da hango gerrarekin hemen aberastea, edo hemengo herritarren beldurrarekin hemen negozioa egitea”.
Manifestua osatu dutenen iritziz, herrien burujabetzaren “urratzea eta errespetu eza” dago gatazka eta gerra askoren erdigunean, eta horregatik, soluzioaren muina izan behar dira.