Pilotu gaztez bete da gaur Bermeo
9 eta 11 urte bitarteko ikasleek egindako bederatzi ibilgailu elektriko eta ekologikoen arteko lehia ikusteko aukera egon da gaur Lameran.
Goiz goizetik iritsi dira gaur Bermeoko Lamerara sei ikastetxe desberdinetatik etorritako 9 eta 11 urte bitarteko pilotu gazteak; Bizkaiko ikastetxeetako auto gidariak ez ezik, Gasteiz eta Asturiasko pilotuek ere parte hartu dute. Denetara, ikasleek eurek egindako bederatzi ibilgailu elektriko eta ekologikoen arteko lehia garbi bezain bizia ikusi ahal izan da gaurkoan Lameran: Lauro ikastolako bi talde, Ayalde ikastetxeko talde bat, Gazteluetako bi talde, St’Georges English Schooleko bi talde, Gasteizko N-Click taldea eta Asturiastik etorritako Hars taldea. Azken bi horiek sari ugari jaso dituzte.
Hain zuzen ere, Greenpower Iberia-Bridgestone ibilgailu elektriko eta ekologikoen nazioarteko zirkuituaren bigarren jardunaldia hartu du gaur Bermeok, Goblins modalitatean.
Pilotu askorentzat gaurkoa zen lehenengo eguna, lehenengoz parte hartu dute mota horretako lasterketa edo zirkuitu batean. Hortaz, urduritasuna ere nabaria zen taldeen artean; hori bai, oso ondo pasatu dute denek. Bermeoko herriarentzat ere, lehenengo aldia zen. Lehenengoz antolatu dute mota horretako zirkuitu bat kostaldeko herrian. Eguraldia lagun izan dute gaurkoan, eta beraz, herritar ugari bertaratu dira zirkuituaren nondik norakoak ikustera. Bermeoko alkate Aritz Abaroa “oso pozik” zegoen giroagaz. “Bi urte gogor ostean, ikusi genuen ilusioa pizteko aukera eman ahal zuela zirkuituak, eta proiektu honek barneratzen dituen balore guztiekin ere bat egiten dugu. Lamera gure herriko bihotzean dagoen gunea da, eta uste dut zirkuitu polita geratu dela”.
Aurten esperientzia “pilotua” izan bada ere, etorkizunean mota horretako lehiaketa gehiago hartzea espero dutela esan du Abaroak: “Espero dezagun etorkizunean herriko ikastetxeek ere parte hartu ahal izatea eta horretara animatzea.”
10:00etan hasi dituzte lehenengo probak: drag eta slalom. 11:30eak aldera horiek amaitu ostean, boxetara sartu dira ibilgailu guztiak, azken ukituak ematera sprintak hasi aurretik. 12:30ean hasi dituzte sprintak, eta pilotuak txandakatuz, Lameran prestatutako zirkuituan hainbat bira eman ahal izan dituzte taldeek.
Ondoren, sari banaketa ekitaldia egin dute Lamerako kioskoan eta sari ugari banatu dituzte; taldeetako batzuek, gainera, sari bat baino gehiago eskuratu dituzte:
Sari orokorra (slalom+drag+sprint)
- 1. Hars
- 2. N-Click
- 3. Geldiezinak
Drag
- 1. Geldiezinak
- 2. Hars
- 3. N-clic
Slalom
- 1. N-clic
- 2. Hars
- 3. Blue georgians
Sprint
- 1. Hars
- 2. N-clic
- 3. Piñalde
Sari berezia talde aurkezpen onenari
- Geldiezinak
Sari berezia ibilgailuaren gorputz onenari
- Piñalde
Sari berezia ibilgailurik berdeenari
- Gazte green
Sari berezia, spirit of green power
- N-clic