Elkar+ekin Dantzan egin dute
Euskal Herriko milaka pertsona dantzan jarri dira asteburuan, baita bertoko dantza taldeak ere, horien artean, Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldea eta Gernika-Lumoko Elai Alai Dantzari Taldea.
Euskal Herria dantzan jartzeko erronka ezarri zuen gaurko EIBEk (Elkarteen Ikerketa eta Berrikuntzarako Ekosistema), Elkartegintza sustatzeko eta Elkar+ekin Gara proiektua ezagutarazteko.
Elkar+Ekin Dantzan ekimenean parte hartu dute bertoko dantza taldeek ere, tartean, Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak eta Gernika-Lumoko Elai Alai Dantzari Taldeak. Ekimenaren helburu nagusia da elkarteen eta boluntarioen lana balioan jartzea eta aldarrikatzea, dantza taldeetako, elkarteetako zein norbanako 10.000 lagun dantzan jarrita.
Hitzordua domekarako jarrita zeukaten, bertoko taldeek, hala ere, hitzorduak aurreratu behar izan dituzte. Hala, gernikarrek bariku iluntzean batu ziren taldearen lokalean Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abestiaren erritmoan dantzatzeko. Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariek, berriz, atzo egin zituzten grabaketak. Goizean batu ziren euren dantza proposamena grabatzeko, eta Tala aukeratu zuten horretarako.