Zesta-puntaren katedralaren inaugurazioa
1963ko ekainaren 29an esku pilotako eta zesta-puntako partiduak jokatuta inauguratu zuten Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia. Zestako partiduen kartel originala dauka Jose Mari Urruti pilotari ohiak.
Altxor asko eta askotarikoak dauzka Jose Mari Urrutia puntista ohi ondarrutarrak, baina, zalantza barik, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoiaren inaugurazio eguneko kartela da denetan bereziena ez bada, garrantzitsuenetakoa. 1963ko ekainaren 29an hasi zen bere historia, eta, gerora, nazioartean ere bere izenak eta izanak oihartzun zabala eduki du. Kartel originala etxean dauka markoan sartuta, bai eta Elorza argazkilari ezagunak egun hartan ateratako argazkia ere. Bertan, jendez beteta ikusten da zesta-puntaren katedrala.
«Usadio zaharrari» jarraituz inauguratu zutela kontatu du Gernika-Lumo bizilekua duen ondarrutarrak. Goizean eskuzko partiduak jokatu zituzten, eta arratsaldean eta gauean, ostera, zesta-puntakoak. «Angelus orduan partidua geratu, eta abadea sartu zen frontoian, eta Angelusa errezatu zuten. Begoñatik ekarri zuten Begoñako Ama Birjina frontoiaren barruan ipini zuten», azaldu du.
“Angelusaren orduan partiduak geratu eta Angelusa errezatu zuten abadeagaz; Begoñako Ama Birjina ekarri, eta frontoi barruan ipini zuten”
Bizkaiak eta Gipuzkoak elkarren kontra jokatu zuten eskuzko partidua, eta bizkaitarrek irabazi zuten: «Gipuzkoarrak pilotari hobeak izandakoak ziren, baina adinez pixka bat zaharragoak ziren bizkaitarrak baino», zehaztu du Urrutiak. Atano III- Gallastegi izan zen bikote gipuzkoarra eta Akarregi lekeitiarrak eta Murelagako Kortabitartek osatutakoa bikote bizkaitarra: «Dionisio Onaindia gernikarrari jokatzeko proposamena egin zioten, baina ez zuen nahi izan. Eskuzko pilotaririk dotoreena izan da, egon dena eta egongo dena».
Urrutiak zesta-punta partiduen kartela dauka, inaugurazio egunekoak eta hurrengo bi egunetakoak agertzen dira bertan. 1963ko ekainaren 29 hartan zesta-puntako sei partidu jokatu zituzten, hiru arratsaldeko saioan eta beste hiru gauekoan.
Herrialde askotakoak
Gernikako Jai Alai frontoian hamarkadetan jokatutako partiduen kartelak ezeze, besteren artean, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Durangon jokatutako partiduen kartel batzuk ere badauzka. Halaber, munduko hainbat txokotan zestak eduki duen presentziaren erakusle diren material asko ere gordeta ditu. Bilduma anitza dauka. Adibidez, Sidneyn (Australia) frontoia eraikitzeko egin zuten proiektua ere badauka. Sidney Jai Alai ez zuten eraiki, baina orduko planoak eta dossierrak dauzka, bere aita intendente joatekoa baitzen bertara.
Benidormeko frontoiaren lehenengo kartela, pilotarien argazkiekin osatutako Shangaiko frontoiaren irudi-orria, 1924-1925 denboraldiko Habanako (Kuba) frontoiko inaugurazioaren argazkia, Tenerife, Logroño eta Sabadellgo programa originalak… zenbatu ezinezko materiala dauka bere bilduman. Esate baterako, 1555ean Italian egindako pilotari buruzko liburua da bere beste altxor kuttunenetako bat. «Pilotaren liburu zaharrena izango da», dio.
“Gernika-Lumok pilotaren museo bat behar du,
pena da ez egotea”
Urrutiaren pasioa da pilota; modalitate guztiekiko miresmena dauka, eta bere amets edo ilusio handienetako bat Gernika-Lumon pilotaren museoa egitea dela azpimarratu du: «Gernikak pilotaren museo bat behar du, pena da ez egotea».