Zortzi taldek parte hartuko dute domekan Bermeoko Greenpower Iberia-Bridgestone zirkuituan
10:00etatik 14:00etara bitartean Lameran lehiatuko dute 9 eta 11 urte bitarteko Lehen Hezkuntzako ikasleek; taldeetan egindako auto elektriko eta ekologikoekin parte hartuko dute.
Greenpower Iberia-Bridgestone ibilgailu elektriko eta ekologikoen nazioarteko zirkuituaren bigarren jardunaldia hartuko du Bermeok domekan. Lameran batu eta 10:00etatik aurrera, eslalom eta drag probak egingo dituzte. 12:00etan hasiko dira, berriz, esprintak.
Goblins modalitatea hartuko du Bermeok, hau da, 9 eta 11 urte bitarteko Lehen Hezkuntzako umeek parte hartzen dutena. Bizkaiko hainbat ikastetxetatik etorritako zortzi taldek parte hartuko dute Bermeoko zirkuituan. Taldeetako bat neskena da, bi mutilena eta gainontzekoak talde mistoak izango dira.
Greenpower Iberia-Bridgestone zirkuitua hezkuntza programa bat dela gogorarazi dute. 9-25 urte bitarteko ikasleentzat da, eta eurek egindako auto elektriko bategaz lehiatzen dira. Lehiaketetan automobilek motor elektrikoaren eta baterien konbinazio bategaz, betiere guztientzat berdina dena, aurrez ezarritako ibilbide batean ematen dituzten itzulien kopurua lehenesten da. Ibilgailuaren beste alderdi batzuk, hala nola karrozeriaren diseinua edo hobekuntza mekaniko edo elektrikoak sartzea, parte-hartzaileen sormenera irekita daude. Talde irabazlea bateria agortu barik kilometro gehiago egitea lortzen duen taldea izango da, ez du azkarrenak irabazten, modu eraginkor eta jasangarrian gidatzen duenak baizik.
Lehiaketa eta aisialdia uztartzen dituen ekimena dela esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak, eta “oso pozik” agertu da zirkuitua aurten lehenengoz Bermeon egingo delako: “Oso pozik gaude Bermeon horrelako lasterketa bat egin ahal izateagatik. Partekatzen ditugun hainbat alderdi batzen dituela uste dut. Batetik, gazteen hezkuntza, euren ibilgailuak garatu behar dituztelako. Gainera, gure helburu estrategikoetako bat jasangarritasuna sustatzea eta energia-eraginkortasunerantz pausoak ematea dela kontuan izanda, uste dugu lehiaketa hau guztiz bat datorrela Bermeogaz. Benetako festa izatea eta onenak irabaztea espero dut. Eta, jakina, bermeotar guztiak animatzen ditugu Lamerara hurbiltzera ikuskizun honetaz gozatzera”. Izan ere, datorren urtera begira, zirkuituan bermeotarrak ikustea “ondo legokeela” esan du.
Aurten esperientzia “pilotua” izango bada ere, etorkizunean mota horretako lehiaketa gehiago hartzea espero dutela esan du Abaroak: “Espero dezagun etorkizunean herriko ikastetxeek ere parte hartu ahal izatea eta horretara animatzea”.
Alfonso Libano Firestone Fundazioko patroia da Joseba Luzarraga, eta bermeotarra da. Gaurko aurkezpenean parte hartu du Luzarragak, eta “pozik” agertu da bere herrian lasterketa hau egingo delako: “Garrantzitsua litzateke datozen urteetan Bermeok talde irabazle bat aurkeztea zirkuitura”.
“Bridgestonegaz batera ekitaldi hau sustatzen dugu, ziur gaudelako hezkuntza, eta zehatzago esanda STEM hezkuntza, Bizkaia eta bere ekosistemaren berrindustrializazioaren zutabe garrantzitsua dela, eta hori da gure Fundazioaren helburu garrantzitsuena. Parte hartzen dugu, halaber, ziur gaudelako berrindustrializazioa eraginkorragoa izango dela sektore publikoak eta pribatuak laguntzen badute, eta ikusten dugu ekimen honetan badagoela lankidetza hori”, esan du Luzarragak.
Era berean, hezkidetza gauzatzeko “bitarteko bikaina” dela iruditzen zaiela nabarmendu du: “Ziur gaude horrelako ekimenek hezkidetza bultza dezaketela, neskak gero eta erosoago senti daitezen lanbide zientifikoak eta teknikoak aukeratzerakoan”.