Etorkizun baten bila, errepidera
Gaur goizaldean abiatu dira Krakoviatik Euskal Herrirantza Izaro Subekoak. Bidean ukrainar errefuxiatuentzako etxeak aurkitzeko lanean dabiltza. Asko dira elkartasun autobusean doazen familiak, eta horietako askok atzean utzi behar izan dituzte euren familiakoak, eta "arduratuta" daude, baina "aurrera egin" behar dutela diote denek ala denek.
Mila aurpegi ditu gerrak. Denak desberdinak. Denak gogorrak. Ukrainatik ihes egitea egokitu zaie elkartasun bidean Euskal Herrirako norabidean dauden iheslari ukrainarrei. Helmugarako beste pauso bat eman duten arren, bizitza oso bat sartu behar izan dute maleta batean, eta etorkizun berri baten bila errepidera atera behar izan dute iheslariek.
Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearen laguntzagaz, atzo arratsaldetik gauera arte Poloniako hegoaldeko Katowic herrian atseden apur bat hartu eta gero, Euskal Herrirako bidea hartu dute gaur. Lo hasi dituzte lehen kilometroak goizaldean. Bidaia luze eta nekeza zuten aurretik, eta, sabela bete eta indarra hartzeko, lehen geldialdi bat ere egin dute goizean goizetik Alemaniako Meeran herrian; esnea, fruta eta croissantak banatu dituzte Izaro Subeko boluntarioek, eta autobusean dauden txakurra eta katua ere kalera atera dituzte iheslariek. Gaztetxoenek asko eskertu dute geldialdia eta gosaria. Ostean, jostailuak banatu dizkiete boluntarioek, eta bideari ekin diote berriro.
15:00ak aldera, bazkaltzeko egin dute bigarren geldialdia, Alemaniako Metz herrian. Denen artean prestatu dituzte bokatak. 62 iheslariek oso eskertuta daudela adierazi diete bermeotarrei.
Urduri daude, batzuk ezagutzen ez duten herrialde baterako bidea egiten ari direlako, baina badaude euskal herritarrak ezagutzen dituztenak ere. Hori da Rayisa Olynyk-en kasua. Ukrainiarra da bera, Kiev inguruko herri txiki batekoa. Han bizi zen duela bi astera arte, baina 23 urtez Donostian bizi eta han lan egindakoa ere bada.
Olynyk-ek dio ez zutela gerra espero: “Bonba hotsak entzuten hasi ginen egun batetik bestera. Jakin bagenekien gerra has zitekeela, baina ez genuen horrelakorik espero. Ez genuen pentsatzen gerra bat biziko genuenik”.
Gerra-hegazkinen eta bonben zaratak egunero entzuten zituztenez, Kiev inguruko herri txiki bateko soto batean sartu ziren Olynyk eta bere ezagunak. “Baina hezetasun handia zegoen han, eta hotz asko egiten zuen. Txikia zen lekua, eta ez ginen ondo sartzen. Beraz, handik irtetea erabaki nuen”, azaldu du. Bere bilobaren bila joan zen ondoko herri batera, eta handik Varsoviara kotxez iristeko bideari ekin zion: “Eurek ez zuten janaririk, eta auto gidariak ordaindu behar izan genituen Poloniako hiriburura ailegatzeko”.
Varsoviarako bidea “beldurrez betetako bidea” izan zela dio, “oso arriskutsua”. “Kontuz ibili” behar izan zirela azpimarratu du; izan ere, asko ziren ikusten zituzten gerra tankeak. “Bidea oso arriskutsua izan zen. Autoak bilatu behar izan genituen handik ateratzeko, eta oso garestiak ziren. Denak geunden beldurtuta, gerraren beldur ginen. Tankeak ikusten genituen, eta astiro-astiro joan ginen autoan”, azaldu du. Ukrainatik ateratzeko bidean astebete egin eta gero, Varsoviarako autobusa hartu zuten, eta Warsaw Expo zentroan egon ziren bi egunez. “Milaka pertsona egon gara batera, pabilioi handi batzuetan, hamaka batzuetan etxunduta. Asko lagundu digute. Izan ere, behar izanez gero, arropa ematen ziguten, baita jatekoa edota dutxatzeko aukera ere. Harraroa egiten zait bonba eta bala hotsak ez entzutea”, dio Olynyk.
Autobusean bidaiatzen ari diren ukrainar batzuk CEAR errefuxiatuentzako laguntza elkarteak, Gurutze Gorriak edota irabazi asmorik gabeko elkarteek aurkitutako etxeetan geratuko dira
Orain, etorkizun berri bat bilatzekotan Euskal Herrirako bidea abiatu du Olynykek. Ezagutzen duen herria da, 23 urtez bertan bizi baitzen, Donostian. “Heldu eta lehenengo egunetan kalean egiten nuen lo Donostian, baina lana aurkitu nuenean emakumeak zaintzen hasi nintzen, eta alokairua ordaindu ahal izaten nuen”, kontatu du. “Asko gustatu” zitzaion Euskal Herria, eta euskarazko zenbait hitz esateko ere gai da oraindik, duela 25 urtetik Euskal Herrian bizi ez bada ere. “Ezagunak ere baditut han”, adierazi du. Hala ere, “arduratuta” dago, ez dakielako non geratu beharko diren bera eta bere familiakoak, baina Ukrainatik ihes egiteaz eta leku ezagun batera joateko aukera aurkitzeaz pozik dago”.
Autobusean badaude Ukrainako telebistan lan egiten duten bi kazetari ere; euren seme-alabekin bidaiatzen dute, eta Euskal Herrira ailegatzerakoan Sevillarantz abiatuko dira. “Hasieran Kieven geratzeko erabakia hartu genuen, baina ezinezkoa zen han jarraitzea, eta alde egin dugu”, azaldu dute. Euren senarrak Ukrainan geratu behar izan dira, borrokatzen.
Beste batzuek ere “dena” utzi dutela diote, Kieven zuten etxea bota egin zietelako, eta ezin zirelako han gelditu.
Asko dira elkartasun autobusean doazen familiak, eta horietako askok atzean utzi behar izan dituzte euren familiakoak, eta “arduratuta” daude, baina “aurrera egin” behar dutela diote denek ala denek.
Familiak eta etxeak. Bermeora bihar goizean heltzea aurreikusi dute. Euskal Herrira ailegatzerakoan bide desberdinak hartuko dituzte batzuek eta besteek. Badaude Espainiako hainbat lekutara joango diren iheslariak. Esaterako, hiruzpalau familia Bartzelonara joango dira, “anaiaren etxera”, eta beste batzuk Malagarantz abiatuko dira. Badaude Portugalera joango direnak ere. Beste batzuek familia daukate Euskal Herrian, eta familiakoen etxeetan geratuko dira; txikitatik udan Euskal Herrian hartu dituztenak ere badaude. Baina badago inor ezagutzen ez duenik ere.
Norbanakoek etxeak eta logelak eskaini diezkiete,
tartean, Bermeon eta Gernika-Lumon
Horiek Euskal Herrira iritsitakoan, hutsik dauden eta hainbat boluntariok egitasmoaren antolatzaileen eskuetan jarri dituzten etxe eta logeletan egokituko dira, tartean Bermeon eta Gernika-Lumon.
Denentzako etxeak ez dituztenez, CEAR errefuxiatuentzako laguntza elkarteak, Gurutze Gorriak edota irabazi asmorik gabeko elkarteek aurkitutako etxeetan geratuko dira. Hain zuzen ere, asko dira bidaian zehar adostu dituzten etxeak. Iñigo Lopez Izaro Subeko kidearen telefono mugikorra ez da gelditu goiz guztian zehar. Dei bat bata bestearen atzetik jasotzen ari da, eta Excel batez baliatuta, ukrainar errefuxiatuentzako etxeak identifikatzen eta egokitzen jarraitzen du.
Familiak, etxeak eta kokalekuak zehaztea ez da erraza, hizkuntzak zaildu egiten baitu lana. Hala ere, lortu dute denak nonbait kokatzea. Euren bidea jarraitu behar dutenei ere, jarraipenak eman dizkiete. Izan ere, Olynyk-ek itzultzaile lanak egin ditu bidaia guztian zehar, Izaro Subekoei bere laguntasuna eskainiz. Gehienak Izaro Subekoek lotutako norbanakoen etxeetan geratuko dira, laguntza eskaini duten norbanakoen etxeetan.
Gerratik alde egiten duten iheslariak bakarrik ez, egitasmoan parte hartu duten boluntarioak eta gidariak ere hunkituta daude: “Zoragarria da horrenbeste jenderi lagundu izana”.