Fase berri baten atarian, adostasun berriak behar direla azpimarratu dute Gernika-Lumoko Sarekideek
Adostasun berriak arlo politiko, sozial zein instituzionalean behar direla uste dute, eta erronka horri ekingo dio Sarek hemendik aurrera. Martxotik ekainera egingo dituzten ekitaldien berri eman dute.
Martxotik ekainera egingo dituzten ekitaldien berri eman dute Gernika-Lumoko Sareren ordezkariek. Horietan lehenengoa datorren astean egingo dute.
Espetxe politika berria? mahai ingurua egingo dute martitzenean (martxoak 22), 19:30ean hasita, Elai Alai aretoan. “Kultur etxearekin elkarlanean, gogoetarako espazioa prestatu dugu gaian arituak eta adituak direnen laguntzarekin”. Nekane Altzelai Foro Sozial Iraunkorreko kidea eta Inaxio Oiartzabal Sare herritarraren bozeramailea eta koordinatzailea izango dira hizlari nagusiak.
Gernika-Lumoko bonbardaketaren urteurrenaren testuinguruan, apirilean, preso errepublikarrek berreraikitako trenbideari helduko diote, eta oroimen ibilbidea egingo dute apirilaren 23an (zapatua) 12:00etan, tren geltokitik hasita. “Apirila hilabete seinalatua da Gernikan, eta Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kide gisa, gure proiektu propioa egin ohi dugu, eta aurten ere ez da gutxiago izango”.
Hain zuzen, horrekin batera, Jabi Abaunza preso gernikarraren adibideari helduta, “estatu ezberdinetan betetako espetxe zigor batuketen problematika” ere plazaratuko dute. Gai horren sozializazio lana egin gura dute: “Jabik 20 urte espetxean gatibu beteko dituen maiatz honetan”. Horretarako, gutxienez, bi egitasmo antolatzen dabiltzala iragarri dute; maiatzaren 4an hitzaldia emango dute Astran, batez ere azalpen edo xehetasun juridikoak ezagutzeko, eta maiatzaren 13rako, berriz, kotxe karabana prestatzen dabiltza eskualdeko gainerako sarekideekin.
Bestalde, ikasturte amaieran urtero egiten duten mobilizazioa ekainaren 10ean izango dela jakitera eman dute.
Besteak beste, estatu ezberdinetan betetako espetxe zigor batuketen gaia landuko dute
Sarekide gernikarrek azpimarratu dute fase berri baten atarian gaudela eta fase berri honek adostasun berriak behar dituela arlo politiko, sozial eta instituzionalean. Hortaz, erronka horri ekingo dio Sarek hemendik aurrera. Esan dutenez, jendartearen aktibazioak gakoa izaten segituko du aurrerantzean ere: “Konponbide klabetan urrats kualitatibo nabariak eman ditugu jendarte bezala, eta bide horretan euskal preso eta iheslarien etxeratze prozesua amaierara arte garatu behar da. Espetxe politika berri baten garaia dela agerikoa da, eta euskal jendartearen gehiengoak bat egiten du behar horrekin. Salbuespen neurriak bertan behera utzi eta espetxe politika arrunta aplikatzetik hasita izan behar da”.
Urruntze politika erabat amaitu beharra dagoela diote. Azken urtean dispertsioaren mapa “zeharo aldatu” dela gogoratu dute, baina danak Euskal Herrian egotea urgentziazko elementua dela ohartarazi dute, “eri diren gaixoak berehala kalean izan behar duten bezala”.
“Urruntze politika erabat amaitu, eta euskal preso eta iheslarien etxeratze prozesua amaierara arte garatu behar da”
Azken bi urteotan, presoei eta senideei COVID-19aren pandemiak zelan eragin dien ikusita, komunikazio guztiak berraktibatzea ezinbesteko neurria izan behar duela nabarmendu dute. “Halaber, EAEk espetxe eskumenak jaso zituenetik 6 hilabete igaro dira, eta kezkaz begiratzen dugu nabaritzen den orain arteko aldaketa eza“.
Plazaratu duten hausnarketa horri Gernika-Lumotik erantzun nahian prestatu dituzte datozen hilabeteetako ekintzak: “Fase erabakigarrian sar gaitezke euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuan, eta aupada berezia egitera animatu nahi ditugu herritar, eragile eta instituzio guztiak. Guztion artean lor dezakegu eta!”
EGUTEGIA
- Martxoak 22 (martitzena). Espetxe politika berria? mahai ingurua, 19:30etik aurrera, Elai Alai aretoan.
- Apirilak 23 (zapatua). Oroimen ibilbidea, 12:00etan tren geltokitik hasita.
- Maiatzak 4 (eguaztena). Euskal presoek estatu ezberdinetan betetako espetxe zigor
batuketen problematikaren xehetasun juridikoei buruzko hitzaldia, Astran. - Maiatzak 13 (barikua). Kotxe karabana.
- Ekainak 10 (barikua). Ikasturte amaierako mobilizazioa.