Elkartasun autobusa bidean da
Poloniarako bidean dago Izaro Sub taldeak antolatutako elkartasun autobusa. Elikagaiz, arropaz eta medikamentuz betetako autobusa daramate, eta bueltan ukrainarrak hurreratuko dituzte.
Bermeotik Poloniarako bidea egiten ari dira Izaro Subekoak. Elkartasunez betetako bidaia abiatu zuten atzo (martxoak 14), eta 2.500 kilometroko tartea helburu bakarragaz egiten ari dira: Ukrainako herritarrei laguntza eskaintzea. Autobus bat bete dute materialagaz, eta 60 ukrainar ekarriko dituzte eurekin bueltan Euskal Herrira.
Beñat Tuñez Sanchez eta Javier Jimenez del Rio dira gidariak, eta Iñigo Lopez Izaro Subeko ordezkaria eta antolatzailea. Eurak dira autobusa eroan eta ekarriko dutenak.
12,5 tona janariz eta medikamentuz beteta daramate autobusa Varsoviara
Bermeotik atera eta kilometroak pilatzen hasi eta ordu gutxira zehaztu zuten zein izango den helmuga: Varsovia. Han, hustuko dute osasun materialez, janariz, arropaz eta bestelakoz goraino bete duten autobusa. Poloniako hiriburura gaur goizaldean ailegatzea aurreikusi dute, bidean 40 ordu eta bi mila kilometro baino gehiago egin eta gero. Hala ere, orduro plan guztiak alda daitezkeela argi dute.
Bidaia Bermeoko Tuñez Sanchez autobusen enpresako autobus batean egiten ari dira, eta 12,5 tona janariz eta medikamentuz bete dute ibilgailua. Ez da hutsunerik geratzen maletategietan ezta eserlekuetan ere. Denetariko medikamentuak sartu dituzte, baita material kirurgikoa ere. “Titaneo pieza nahiko garestiak ditugu hezur-hausturetarako”, adierazi du Lopez Izaro Subeko antolatzaileak. Gainera, muletak eta takatakak sartu dituztela gehitu du, hala eskatu dietelako: “Azken horietako hiruzpalau daramatzagu”. Zehaztu dute Ukrainako mugan dauden postuen araberakoa dela beharrizana: “Hainbat postu daude, eta bakoitzean gauza bat edo beste behar dituzte”.
60 ukrainar inguru batu eta Euskal Herriratzeko prestatzen ari dira
Haurrentzako zein nagusientzako arropa ere badaramate, baita higiene produktu desberdinak ere: toallitak, pixoihalak… Janaria ere ez da falta maletategian; han utziko dute bildutako janari asko, baina bueltarako bidaia egin behar duten ukrainiarrentzako ere autobusean gordeko dute bildutako janariaren apur bat: “Hegaluze lata handiak eta fruta asko daramatzagu, baita pasta asko ere”.
Janariak eta arropak Varsoviako Arena kirol zentrora eramango dituzte, bertan elikagaien bankuetako ordezkariak baitaude bilketa lanak egiten. “Guk dena utziko dugu han, arropa eta elikagai bankuetan, gehien behar dutenek erabil dezaten. Eurak arduratuko dira behartsuenen artean banatzeaz. Dena bideratzen ari dira, ondo banatzeko”.
Hala ere, badakite egokiena bildutako gauza guztiak Ukrainara eramatea izango litzatekeela: “Gehien behar dutenak Ukrainan geratu diren bizilagunak dira, baina inork ezin die guk batutakoa bidali, ezin dugulako muga zeharkata”. Hori dela eta, bildutakoak mugan geratzen dira, edota Polonian. ”Politena litzateke norbaitek guk bildutako guztia Kievera bidaltzea, eta hangoen esku egotea”, adierazi du Lopezek. ”Denok gaude uste genuena baino bateratuago. Denok. Gerra honek guztioi eragiten digu, denoi. Denok gaude jota”, gaineratu du.
Bermeotik Burdeosera, eta handik Parisera eta Belgikara. Hori da elkartasunez betetako autobusak hartu zuen norabidea lehenengo egunean (atzo, martxoak 14). Zereginak ere hainbat izan zituzten bidean, Poloniara ailegatzerakoan dena ondo lotuta eduki gura baitzuten.
“Elkartasuna Europako herrialde guztietatik ailegatzen ari da, baina hori antolatu beharra dago”
Asko ziren zehaztu beharreko kontuak: ordainpeko autobideak debalde igarotzeko baimenak eskatu behar zituzten Frantzian edota Polonian; autobusa Varsoviara ze ordutan iritsiko den zehaztu behar zuten; nor batu behar duten erabaki, baita horiek non eta zelan hartu ere. Eta bueltako bidaia zenbat denboratan egingo duten ere planifikatzen ari dira oraindik.
Besteren artean, Gernika-Lumon bizi den ukrainar baten berri izan zuten lehen egunean. Haren familiakoak Ukrainan daude, Gernika-Lumora zelan joango diren pentsatzen eta antolatzen, eta telefonoz deitu zioten Lopezi, ea etxera hurreratu ditzakeen galdetzeko. Izaro Subeko kideak egoeraren berri jakin bezain pronto begiratu zuen agenda, eta Ukraina eta Polonia arteko mugan dituen kontaktuei deitu zien, bi errefuxiatuak Varsoviara eramateko aukerak elkarregaz aztertzeko. Posiblea dela aurreikusi zuten, eta asmo horrekin jarraitu zuten bidea. Beste asko ere jarri dira kontaktuan Izaro Subeko ordezkariarekin, eurekin Euskal Herrira joateko zer egin behar duten galdezka. Dena azaldu eta nora joan behar duten azaltzen die Lopezek, Varsoviara heltzerakoan han egongo direnaren esperoan. “Ahal dugun guztia egingo dugu errefuxiatuak Busturialdera eramateko. Varsovian itxarongo diegu, udalerrira autobusean gerturatzeko”.
Izan ere, Poloniako hiriburuan laguntzeko prest daude Alex Txikon eta Matia Fundazioko kideak. Bide bera egin dute, asmo beragaz, eta Izaro Subekoak Varsoviara ailegatzerakoan zain izango dituzte mendilaria eta haren espedizioko kideak. Eurek lagunduko diete autobusa deskargatzen eta ukrainarrak kargatzen.
“Batzuk bakarrik etorriko dira autobusera, eta beste batzuk seme-alaba oso gazteekin. Egoera oso gogorra izango da”
Varsovian aurkituko duten egoera “gogorra” dela badakite hirurek. Ukraina eta Poloniaren arteko mugan zen Varsovian bertan dauden errefuxiatuak euren bizimodua galdu duten bizilagunak direlako; etxea, familia eta lagunak atzean utzi behar izan dituzten ukrainarrak dira horietako asko. “Batzuk bakarrik etorriko dira autobusera, eta beste batzuk seme-alaba oso gazteekin. Egoera oso gogorra izango da. Eramango ditugun horietako asko, gainera, umeak izango dira”, zehaztu dute. Gidarien zenbait ezagun ere Varsovian eta mugan egon dira, eta ikusi duten egoera ez dela erraza jakinarazi diete. “Elkartasuna Europako herrialde guztietatik ailegatzen ari da, baina hori antolatu beharra dago, eta egoera ez da erraza izango”.
Bigarren egunean (gaur), Belgikatik abiatu dira, Alemania zeharkatuz eta Poloniara ailegatuz. Errepidean aurrera egin ahala, gero eta gehiago dira ekimenagaz bat egiten dutela transmititu dieten gidariak; autobus, kamioi edota autoetatik hamaika baitira bereizi zitezkeen klaxon hotsak.
Soinu horiez gain, milaka kilometro egiteko prest dauden beste kamioi eta auto gidariekin ere topo egin dute bidaiariek. Ukrainarrei laguntzeko banderak daramatzate ibilgailuen kristalen kanpoaldean, eta kartoizko kaxak ikusi dituzte horien maletategietan.
Bigarren egunean zenbait autobide ez dituzte ordaindu, baimen batzuk eskuratzea lortu dutelako. “Konboi humanitarioa” direla adierazi behar izan dute horretarako.
Ezusteko bidaia
Bermeoko Izaro Sub taldeko kideen zaletasuna urpekaritza eta urpeko arrantza baldin badira ere, arduratuta daude ingurumenagatik eta gai sozialengatik, eta horren adierazgarria da Izaro Subekoek Poloniara laguntza eramateko prestatu eta bete duten autobusa. Duela bi aste hasi ziren bidaia antolatzen, eta denbora gutxitan dena prest edukitzeko gai izan dira. Ukrainako gerraz jabetuta, elkartasun karabana jarri dute martxan.
“Urpeko denboraldiagaz noiz hasiko ginen zehazteko batzartu ginen, baita etorkizuneko proiektu bati buruz berba egiteko ere. Izan ere, neguan ezin izan dugu ezer egin”, adierazi du Lopezek. Bilera horretan Ukrainari buruz berba egiten amaitu zuten; Ukrainako herritarrak sufritzen ari ziren guztiaz ohartuta, eta hainbat ume eta gazte bakarrik zeudela ikusita, zerbait egin behar zutela erabaki zuten: “Eta hala egin dugu”.
Taldeko 100 kideri mezu elektroniko bat bidali zien Lopezek, ea nor animatzen zen laguntzera galdetzen. Eta hogei pertsonak erantzun zioten baietz, eta martxan jarri ziren: «Lehenengo kontu korronte bat zabaltzea erabaki genuen, jasotzen genuen diru guztia bertan biltzeko, irabazi asmorik gabeko elkarte modura. Kontu korrontea zabaldu eta bizuma jarri genuen martxan», jakinarazi du Izaro Sub taldeko kideak.
“Denok gaude uste genuena baino bateratuago. Gerra honek guztioi eragiten digu, denok gaude jota”
Hala, kartela diseinatu eta Bermeon eskegi zuten. “Kartela sare sozialetan zabaltzen hasi bezain pronto lehenengo ekarpenak jasotzen hasi ginen. Gu izan ginen ekarpenak egin genituen lehenengoak, taldekideak. Gerora, ekarpenak jasoz joan gara, apurka-apurka. Kontu korronteak diru kopuru bat jasotzen zuen bakoitzean telefonoa pizten zen. Diru asko zuten ekarpen batzuk, eta ez horrenbeste beste batzuk, baina zentimo bakoitza ondoetorria izan da”, zehaztu du Lopezek. Hala, bidaiari ekin baino hiru egun lehenago lortu dute jaso beharreko diru guztia.
Bermeotarrek ekimena babestu dute, eta elkartasun olatua sentitu dute Izaro Subekoek. “Enpresek ere euren ekarpenak egin dituzten arren, gehiago izan dira norbanakoak”, nabarmendu dute arduradunek.
Espero zuten jasotako erantzuna. “Espero genuen bermeotarren babesa, eskuzabalak dira Bermeon. Hala ere, beti espero dugu gehiago. Klubeko askok diru ekarpena bi egunetan eginda egotea espero zuten, baina ez da horrela izan. Izan ere, egoera larria da denean. Bermeo, gainera, herri txikia da, eta diru kopuru handia zen bildu beharrekoa. Denbora darama horrek; izan ere, dirua apurka-apurka pilatu da, 5.000 euro ez dira bat-batean iritsi. Gazte askoren ekarpenak jaso ditugu, eta hori sekulakoa da”, azaldu dute arduradunek.
Jendearen babesa sekulakoa izan da, askok eskertu diete egiten ari direna, eta mezuak alde guztietatik iritsi zaizkie. Aspaldi ikusi ez dituzten lagunengandik, kalean ikusten dituztenengandik… “sekulakoa” izaten ari da. Instituzioen laguntza, baina, bestelakoa izan dela diote.