Gerrari ez esan, eta bakearen aldeko mezua zabaldu dute Gernika-Lumon
"Hondamendia da, ukrainar herriaren genozidioa. Ukraina eusten ari da, ukrainar tropek eusten segituko dute, lurrean egin genezake, baina zeruan zuon laguntza behar dugu", adierazi du Gernika-Lumon bizi den Yana Khlivnyuk ukrainarrak. Era berean, "bakoitzak ahal duen moduan" laguntzeko momentua dela azpimarratu du Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.
Gernika-Lumoko Udalak deituta, Ukrainako gerraren kontrako elkarretaratzea egin dute eguerdian, Gernika-Lumoko Foru plazan. “Gerrari ez eta bakearen alde gaudela esateko batu gara”, adierazi du Jose Maria Gorroño alkateak.
Ukraina-Euskadi Lankidetzarako Elkarteko kide Oksana Demyanovyckek eskerrak eman dizkie udal ordezkariei elkarretaratzea antolatzeagatik eta baita bertan bildutakoei ere. Gizarte solidarioa dela nabarmendu du, eta era berean, gogoratu du bakea “munduko altxorrik handiena” dela, “gizateriarentzat bakea funtsezkoa” dela: “Gernikak esperientzia beldurgarria eduki zuen, eta bake hau eduki ahal izan du. Gizarte solidarioa eduki ahal izan du, eta orain, elkartasun hori adierazi du ukrainarekiko, bonbardatzen ari diren hiri eta herrienganako”. Mariupol hiria aipatu du, eta Ukrainako atzerri-ministroaren hitzak bere eginez esan du “planetako giza hondamendi okerrena” dela.
Gernika-Lumon bederatzi urte daramatzan Yana Khlivnyuk ukrainarrak ere hitza hartu du gaurko ekitaldian. “NATOk (Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea) Ukrainako zerua ixteko” eskatu du (airezko erasoengatik), eta herritarrei ere hori eskatzeko eskatu die. Irtetzeko, informazio jaso eta emateko, aldarrikatzeko eta protesta egiteko deia luzatu die plazan elkartutakoei.
Ukrainako 11 hiri baino gehiagotan, milioi bat pertsona baino gehiago errusiar tropengandik inguratuta daudela azaldu du, eta gerraren krudelkeria deskribatu du: “Gehienak sotoetan daude, eta euretariko gehienak hilda daude. Elikagairik, urik eta medikamenturik barik daudelako hil dira. Gaur Ukrainan zeroz azpitik 11 gradu daude, eta jendea hotzaren eraginez ere hiltzen ari da. Horrez gain, frankotiratzaile errusiarrak ukrainarren etxeetako teilatuetan daude, ihes egin gura duten zibilei tiro egiten”.
Boluntarioei ez dietela pasatzen uzten eta giza korridoreak egiteko dituzten oztopoak salatu ditu: “Hondamendia da, ukrainar herriaren genozidioa”. Beraz, gernikarrei ez ezik, europarrei mezu argida bidali die: “NATOk Ukrainako zerua ixtea-airezko erasoengatik- exijitzeko aldarrikatzeko eskatzen diegu europar danei, irten daitezela eta ozen oihu egin dezatela”. Eutsi egingo dutela azpimarratu du: “Ukraina eusten ari da, ukrainar tropek eusten segituko dute, lurrean egin genezake, baina zeruan zuon laguntza behar dugu”.
Udalbatza osatzen duten bi alderdietako ordezkariek parte hartu dute gaurko ekitaldian. Gernika-Lumoko alkateak gogoratu du laguntzeko momentua dela, “bakoitzak ahal duen moduan laguntzekoa”. Hala, bide horretan udalak eman dituen pausoak azaldu ditu.
“Ekonomikoki laguntzeko Gurutze Gorriarekin elkarlanean ari gara, Ukrainara sendagaiak bidaltzeko, eta era berean, Poloniako mugatik errefuxiatuak ekartzeko antolakuntzan kolaboratzen ari gara”, zehaztu du Gorroñok. Mertzedeko komentuko mojekin lanean ari dira, bertan errefuxiatuak hartzeko, “gehienak emakumeak eta umeak”. Alkatearen berbetan, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan egingo dute: “Hona heltzen diren pertsonek mediku-, hezkuntza-, elikadura-arretak eta bestelakoak beharko dute, eta hori guzti hori ondo koordinatuta egon beharko da”.