Sukarrietako Sandinderi taldearen eskaria entzun dute Batzar Nagusietan
Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrekiko Hartu-Emanetarako Batzordean berba egiteko aukera izan dute Sandinderi taldekoek.
Abiñako San Antonio Sukarrietari bueltatzea. Hori da Sukarrietako Sandinderi taldeak eskatzen duena.”Bidegabekeriaz kendu” ziotena berreskuratzea dute helburu, eta Batzar Nagusietara jo dute. Izan ere, Batzar Nagusiek epai judizial batean oinarrituta, San Antonio enklabea Busturiarena izatea onartu zuen 2017ko abenduan.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrekiko Hartu-Emanetarako Batzordean parte hartzeko aukera izan dute Sukarrietako Sandinderi taldekoek, eta orduan hartutako erabakia “zuzentzea” eskatu die Batzar Nagusietako taldeei.
Sukarrietako auzotarren plataforma horrek Batzar Nagusietako taldeei azaldu die, euren ustez Abiñako San Antonio auzoa Sukarrietako parte dela: “Jatorrian bertan egiten ziren udalbatzak XVIII. mendearen amaierara arte, eta hor zegoen Sukarrietako parrokia (garai haretan Pedernales), herriaren jatorria”.
Bizkaiko Batzar Nagusietara Isabel Maria Mareo Ugarte, Maria Jesus Learreta Jauregizar eta Jaime Orueta Baskaran joan dira. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai hori “faltsukeria” batean oinarrituta dagoela frogatzeko. Gogorarazi dutenez, aldundiak enklabetzat jo zuen Abiña, eta Oruetak esan duenez, horrek epai “bidebakoa” eta “arbitrarioa” ematera bultzatu zuen auzitegia. “Aldundiak muga bat asmatu du Sukarrietako lursaila izandakoa Busturian sartzeko, eta justiziari ikusarazi diote auzitan dagoan lurra itsasoa dala, existitzen ez den enklabe bat ezin delako desegin”.
Oruetak Batzar Nagusietako taldeei eskatu die, “etikoa ez den” eta agindu “faltsuekin” eman den epaian oinarrituta hartutako erabakia “konpondu” dezaten. Irteera moduan bide bi ikusten ditu Sandinderik: Batzar Nagusietako osoko bilkuran zuzenketa egiteko akordioa edo lurralde mugak arautzen dituen Foru Arauaren aldaketa.
Epai judiziala irmoa den arren, Oruetak uste du atzera bota daitekeela, “aurkeztutako frogak faltsuak direlako”. Elkarte moduan, borrokan jarraituko dutela esan dute.