Katedralean debutatu zutenekoa
Puntista askoren debutaren lekuko da Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia, tartean etxekoena. 1966ko abenduaren 10etik 12ra bertako hamar pilotarik debutatu zuten zesta-puntaren katedralean.
Kirolari batentzat debutaren eguna izan ohi da kirol ibilbideko egunik garrantzitsuenetakoa. Asko dira Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian debutatzeko ohorea eduki dutenak.
Jose Mari Urrutia Etxaburu pilotari ohi ondarrutarrak 1966ko abenduaren 10etik 12ra zesta- puntaren katedralean jokatu ziren partiduen kartela dauka. Egun horietan bertako hamar pilotarik debutatu zutela kontatu du.
Programazioan ere debutatu zutenak nabarmenduta daude, ezkerreko partean. Abenduaren 10ean, zapatuan, Andonik, Arrienek eta Agirrek debutatu zuten, biharamunean, Torrealdaik, eta astelehenean, berriz, Mintegik, Etxaniz II.ak, Oleagak, Guerniques II.ak, Muniategik eta Jimenezek.
Hiruna partidu jokatu ziren egun horietan. 22:00etan hasi zen zapatuko pilota jaialdia. Gaueko lehenengo partiduan aritu ziren debutatutakoak. Andoni-Arrien eta Agirre-Katxi bikoteen artekoa izan zen hura. Partidu nagusian, berriz, Beaskoetxeak eta Landak Malaxen eta Suberoaren kontra jokatu zuten.
Urrutiak azpimarratu du egun hartako hamabi pilotarien artean, gehienak zirela gernikarrak: «Beaskoetxea, Diego Beaskoetxearen osaba da, eta Landa gipuzkoarra bazen ere, Gernikan bizi zen, eta aguazila izan zen hemen. Hirugarren partiduko Etxaniz eta Arronategi gernikarrak dira, Sardui muxikarra eta Ibarra aulestiarra. Ibarrak masajeak emateko zentroa zabaldu zuen Gernikan, eta egun bere seme-alabak ari dira».
Domekako eta asteleheneko saioak 16:30ean hasi zituzten. Torrealdaik Sarduigaz bikotea osatuta debutatu zuen, Agirreren eta Suberoaren kontra.
Mintegi-Jimenez eta Etxaniz II-Oleaga bikoteen artekoa izan zen asteleheneko lehenengo partidua. Bigarrenean, Muniategik eta Bazkardok Beaskoetxearen eta Ondarru II.aren kontra jokatu zuten. Azkenengo partiduan, Aldana-Gerniques II eta Torrealdai-Katxik jokatu zuten.
Besteak beste, garaiak zelan aldatu diren islatzen dute garai bateko eta gaur egungo kartelek. Izan ere, ematen duten informazio mota mantentzen bada ere, itxuran aldaketa nabarmenak dituzte. Partiduetako bikoteak, ordutegiak, babesleak, sarrerei buruzko zehaztapenak… informazio osatua ageri da aspaldiko zein oraingo karteletan. 1966ko abendukoan, adibidez, Ondarroatik Gernika-Lumora arteko bidaia egiten zuen La Esperanza autobusaren ordutegia eta Markina-Xemeindik igarotzen zela ere zehazten da.
Bertsio moldatutak
Urrutiaren kartel originalean partiduen emaitzak ere ageri dira, berak, boligrafoagaz idatzita. Ondarrutarrak, gainera, bere bilduman dituen kartel askoren bertsio moldatuak egiten ditu: «Zuzenketak egiten ditut, adibidez, bikoteetan aldaketak izan baziren, zuzenduta jartzen ditut, eta gero, inprimatu egiten ditut tamaina txikiagoan. Hori bai, inoiz ez dut emaitzarik ipintzen; emaitzak badakizdidan arren, ez zait gustatzen nork irabazi zuen ipintzea».