Toponimia ikerketa egingo du Sukarrietako Udalak
Ikerketaren baitan, herriko baserrien katalogoa egingo dute. Labayru Fundazioko langileak baserriz baserri dabiltza egunotan argazkiak ateratzen.
Sukarrietako Udalak jakitera eman duenez, herriko toponimia ikerketa egingo dute. Udalerriko izen eta ondare historikoa berreskuratu gura dituztela esan du Sukarrietako zinegotzi Jabier Aldamiz-Etxebarriak, ondoren liburuxka batean jasotzeko.
Liburuxka argitaratzeaz gain, webgune bat ere sortu gura dute, «betirako» geratzeko, edozeinen eskura. Lan horiek Labayru Fundazioko kideekin elkarlanean egingo dituztela azaldu du Aldamiz-Etxebarriak. Toponimia ikerketaren baitan, herriko baserrien katalogoa ere egingo dute, eta egunotan Labayru Fundaziokoak baserrietatik ibiliko direla jakitera eman du, argazkiak ateratzeko. Hala, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen, bando bat kaleratu dute: «Auzoetan jendea oso erraz beldurtzen da, eta herritarrak jakinaren gainean egotea gura dugu».
«Garrantzitsua». Oraintsu hasita daudela dio Sukarrietako zinegotziak: «Pausoa bera ematea izan da lehenengo pausoa». Orain, herritarrekin elkarrizketak egin behar dituztela azaldu du, toponimia izen historikoak berreskuratzeko asmotan. Oraindik, baina, ez dira hasi. «Beharrezkoa» ikusten dute herriko toponimia ikerketa egitea; «garrantzitsua» da Aldamiz-Etxebarriaren ustez: «Orain egiten ez badugu, gero eta zailagoa izango da galdutako izenak berreskuratzea. Kanalan, esaterako, ikusi dugu, hondartzen izen historikoak galdu egin direla eta gaur egun beste modu batera ezagutzen direla, eta pena ematen du horiek galtzea». Solabe, Iturbe eta Arbei hondartzak aipatu ditu Aldamiz-Etxebarriak, besteak beste. Horrelakoak, hala ere, beste hainbat lekutan gertatzen direla dio, baserrietan, adibidez. Udalak, hortaz, benetako izen historikoak berreskuratu gura ditu orain, eta horiek danak «betirako» utzi gura dituzte liburuxka batean zein webgune batean, «galdu ez daitezen».
Aipatu ikerketa aurten hasi eta amaitzeko asmoa daukatela iragarri du. Hala eta guztiz ere, datozen urteetan «pauso gehiago» emateko asmoa daukate; «betiere, unean-uneko aurrekontuaren arabera».