Kirol makinak jarriko dituzte Aingerubiden
"Kiroldegi txikiak" izango duen ordutegia oraindik ez dute zehaztu, baina goizean goiz zabaltzea dute asmo eta gauera arte zabalik eduki.
Busturiko Udalak jakitera eman duenez, kirol makinak jarriko dituzte Aingerubideko kultur etxean, Axpe auzoan. Kirol makinak goiko solairuan jarriko dituztela esan du Busturiko alkate Aitor Aretxagak.
Aingerubideko beheko solairua kirol ikastaro desberdinetarako erabiltzen dute gaur egun, besteren artean. “Gunea nahiko zabala da eta jendea pozik dago han”, esan du alkateak. Zerbitzuak “hobetzeko” asmoz, orain, eraikin berdinean baina goiko solairuan jarriko dute herritarren erabilerarako “kiroldegi txiki” bat. Kirol makina gutxi batzuk jartzen hasiko direla zehaztu du, eta dagoen eskaeraren arabera, baloratuko dute gehiago jarri ala ez; “lekua badagoelako”.
Aretxagak esan du enpresa bategaz berba egin zuela, eta kirol makinak jartzeko “leku aproposa” dela esan ziotela. Alokairuan jarriko dituzte kirol egiteko makinak, eta mantenuaz ere enpresa berdina arduratuko da; “edozein arazo eurak konpontzen dute”. Lau urterako kontratua sinatu du Busturiko Udalak, horren ostean, udalak aukera edukiko luke kirol makinekin geratzeko edota horiek berritzeko, kontratua berrituta.
Urte hasieran martxan eduki gura zuten Aingerubideko “kiroldegi txikia”, baina sitsagaz arazoak izan dituzte eraikinean, eta egoera txarrean zegoen egurra kendu behar izan dute, eta beharrezko zuen tratamendua egin dute.
Kiroldegiak izango duen ordutegia oraindik ez dutela zehaztu esan du Busturiko alkateak, baina goizean goiz zabaltzea dute asmo eta gauera arte zabalik eduki: “Ziurrenik txartel bidez sartzeko sistema jarriko dugu, baina baloratzen ari gara. Beste herri batzuetako ideiak hartzen ari gara. Ereñoko Udalean egon gara hango funtzionamendua zelakoa den ezagutzen”.
Aireztapena. Aingerubideko kultur etxean, gainera, aireztapen egokia jartzeko asmoa daukate; “airea ondo mugitu eta tenperatura egokia mantentzeko”. Udalaren lokala izanik, ingurumenerako kaltegarria izango ez den sistema bat jarri gura dutela esan du Aretxagak: “Adituek egin zuten ikerketa bat eta egokiena aerotermia sistema dela esan digute; eraikineko bi solairuetan jarriko dugu”. Proiektua prest dago eta horren aurrekontua 100.000 euro ingurukoa dela esan du. Energiaren Euskal Erakundean (EEE) diru laguntza eskatu dute, baita ere Bizkaiko Foru Aldundian. Diru laguntza horren zain dago Busturiko Udala, lanokin hasteko.