EUDELek deituta, Ukrainako herriari udal-gobernuen babesa eta elkartasuna erakutsi diete
Hainbat udalerritan bezala, besteak beste, Bermeon, Foruan eta Nabarnizen elkarretaratzean batu dira gaur. EUDEL, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalekin eta mankomunitateekin lankidetzan, eskuragarri dauden harrera-baliabideak eta -lekuak identifikatzen hasi da (etxebizitzak, aterpetxeak eta mota guztietako zentroak), ukainar errefuxiatuei ahalik eta arreta onena eskaintzeko.
EUDELek (Euskadiko Udalen Elkartea), Ukrainako herriari udal-gobernuen babesa eta elkartasuna helarazteko bost minutuko elkarretaratze isilak egiteko deia luzatu zien udalei, eta hainbat herritan egin dituzte agerraldiak.
Proposamenaren helburua da toki entitateek Errusiak Ukraina inbaditzeari eta horrek eragiten duen sufrimenduari eta suntsipenari, eta milioika pertsonen behartutako exodoari uko egitea.
Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak euskal udalen banatutako konpromezua adierazi du, “Ukrainarekin daudela”, nabarmenduz: “Euskal herritarrak eredu ari dira izaten ukrainar komunitatearekiko elkartasunaren eta babesaren arloan, eta udalok, ahal den neurrian, euskal gizartearen mailan egon nahi dugu. Gure babes osoa emango diegu Ukrainari eta basakeria horretatik ihesi dabiltzan errefuxiatuei”.
Harrerarako prestatzen. Horrez gainera, EUDEL, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalekin eta mankomunitateekin lankidetzan, eskuragarri dauden harrera-baliabideak eta -lekuak identifikatzen hasi da (etxebizitzak, aterpetxeak eta mota guztietako zentroak), Errusiatik Ukrainara egindako inbasioaren ondorioz, etxea uztera behartuta dauden pertsonei eta haien familiei ahalik eta arreta onena eskaintzeko.
Eskal erakunde guztiak koordinatuta ari dira lanean, erkidegora irits daitekeen ukrainar komunitateari “laguntza eraginkorra, ordenatua, segurua eta baldintza duinetan emateko”.
Baliabide-motak, (pisuak, aterpetxeak, seminarioak, egoitzak, bizitegi-guneak/aisialdiko bizitegi-guneak, abegi-familiak…), baliabidearen plaza-kopurua, egokitzapena (hornidurak, altzariak, sukaldea, komuna, Internet, irisgarritasuna), baliabide materialak (elikadura, arropa, higiene-kitak) eta giza baliabideak (langile espezializatuak, edo zentroa kudeatzekoak), eta kokapena (urbanoa, landa-ingurunekoa, garraio publikoa, udalerrian dauden ukrainar biztanleen eta komunitateen kopurua) aztertzen ari dira.
Esate baterako, Mikel Magunazelaia Foruko alkateak gaurko elkarretaratzean esan du, udalak herriko komentua aurkeztu duela harrera-leku moduan, eta orain, “Gurutze Gorriagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz ipini gara harremanetan, eta hori aztertzera etorriko dira. Egokitzapenen bat falta baldin badu edo eurek esango digute”. Hala, udalak eraikinaren jabeagaz bitartekari lanak egin ditu, eta instituzioen aldetik hori bideratu ahal izateko.
Bermeoko udalaren oharra. Bestalde, Bermeoko Udalak zabaldutako oharrean jakinarazi du Ucrania-Euskadi Lankidetzarako elkartetik esan dietela ukrainar errefuxiatuentzat egiten ari diren bilketan arropa gehiagorik ez dutela batuko. Hala, garbitasun pertsonalerako materiala, janaria, material soziosanitarioa… biltzen segituko dute.