Asier Sanchez: "Sexu abusuen biktimak bikoiztu egin dira bi astetan"
Antzinako Jose Done ikastetxean 70eko eta 80ko hamarkadetan bost pertsonek jasandako sexu abusuen berri eman zuen EITBk duela bi aste; domekako dokumentalean hamar ziren biktimak.
Asier Sanchez EITBko kazetari bermeotarrak 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran Bermeoko Jose Done ikastetxean gertatu ziren sexu abusuak ikertzen jarraitzen du. Bi astetan, biktimak bikoiztu dira. Bost pertsonek jasandako sexu abusuen berri ematen hasi ziren duela bi aste EITBko albistegietan. Domeka gauean ETB2n eskainitako Infancias Rotas dokumentalean, berriz, hamar ziren biktimak.
Material «oso ona» zegoela iritzita eta materiala «gehitzen» doala ikusita, dokumentala egin dute. Bermeoko kazetariak azaldu duenez, baieztatuta dauden kasuak hamar badira ere, beste hiru baieztatzeko bidean daude: «Biktimek diote oraindik ere askoz ere kasu gehiago egon behar direla. Orain, gainera, beste ikastetxe batzuetako istorioak heltzen ari zaizkigu. Hori, baina, oraindik aztertzeko dago, eta frogatu beharra daukagu. Ez da horren erraza. Izan ere, beste toki batean hasteko berriro ere zerotik hasi beharra daukagu. Bermeokoa zabalik egonik, kasuak ikertzea errazagoa da».
Epe laburrean bikoiztu egin dira bizitakoa kontatu gura izan duten biktimak: «Batzuek uste dute egia osoa jakin behar dela. Oraindik ere, bakoitzak bere prozesua darama». Sanchezek azaldu duenez, horietako bostek salaketak jarri dituzte Ertzaintzan, baina seigarren salaketa bat ere badagoela dio, ikastetxe berean «arinago» egon zen menesianoen kongregazioko beste kide bati jarritakoa, hain zuzen ere.
Sanchezek egindako ikerketari esker, zenbait biktimek Bizkaiko Menesianoen Ordenaren ordezkaritza bategaz egoteko aukera eduki dute. Kazetariaren arabera, topaketa horretan barkamena eskatu zioten biktimei: «Biktimek esandakoak sinistu zituzten. Oso garrantzitsua da hori eurentzat, izan ere, ustezko pederastak ukatu egiten ditu testigantzak». Orain, biktimek ordenaren barruko ikerketa zelan doan jakin gura dutela dio bermeotarrak. Jose Done ikastetxeko zuzendaria izan zen ustezko pederasta, gainera, Madrilen gaur egun zegoen ikastetxetik aldendu dutela azaldu du Sanchezek: «Pauso garrantzitsu bat da hori ere eurentzat». Hala ere, parkamen publikoa gura dutela zehaztu du, «eta egindakoak onartzea». Batzuk, gainera, prest leudeke bere aurrean jartzeko barkamen publikoa eskatzen duen momentu horretan.
Harremanetarako bideak. Sanchezek ikerketagaz jarraitzen du, eta testigantzak jasotzeko zabalik dauzkaten posta elektronikoak gogora ekarri gura izan ditu : info@eitb.eus, JoseDonebiktimak@gmail.com, sanchez_asier@eitb.eus.
«Askok nigaz berba egin gura dute zuzenean, hurbiltasunagatik, herrikidea izanik», dio. Ikerketa aurrera doa, eta «pauso asko» eman direla gogorarazi du; politikoki ere «mahai gainean» dago gaia.
«Garrantzitsua» izan da garai hartan Bermeoko ikastetxe horretan gertatutakoaren berri ematea, baina «oso garrantzitsua» ere bada Sanchezen ustez, gaia berriro ere azaleratu izana eta berriro ere agenda guztietan egotea: «Pentsatzen genuena baino pauso gehiago eman dira». Sanchez, hortaz, «pozik» dago egindako lanagaz, horiek kontatzea «oso zaila» izan bada ere. Gaia «seriotasunez» landu dutela uste du: «Denok uste dugu gure herrian, gugandik hurbil, ez direla horrelakoak gertatzen». Hala ere, argi dauka hau guztia hasiera baino ez dela.
Neke apur bat ere sentitzen du, azken asteak «oso gogorrak» izan dira eta: «24 orduz lanean egon naiz. Behin gaia azaleratuta, baina, orain zen horretan lan egiteko momentua, ezin genuen joaten utzi». Orain, lasaitasunerako tarte bat hartuko badu ere, ikerketagaz jarraituko du.