Oñarteko errepidean oinezkoei lehentasuna eman die Morgako Udalak
Oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emanez, Oñarteko errepidean hobetze-lanak egin ditu Morgako Udalak.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten foru-errepide zati hori udalaren jabetzakoa bihurtzeko. Mari Tere Artetxe Barrena Morgako alkateak titulartasun aldaketa horren arrazoia azaldu du: “Errepide ondoan baserriak daude, eta errepidetik oso hur daudelako, horiek konpontzeko aldundiak ez zien baimenik ematen. Orduan, aukera moduan ikusi genuen bide horiek udalarenak izanez gero, konpontzeko aukera edukiko zutela. Aldundian eskaera egin, eta baiezkoa eman ziguten”.
Titulartasuna aldatzeagatik, aldundiak 300.000 euro eman zizkion udalari, eta kopuru hori erabili dute bidea konpontzeko: “Kopuru horregaz bidea polito geratu da. Gero, mantenimendua gure kargura geratzen da”.
Galtzada-harriak ipini dituzte, ibilgailuak apur bat astiroago joateko. Hain zuzen, bertatik igarotzeko baimenduta dagoen gehienezko abiadura 20km/ordukoa da orain. Espaloia ere egin dute errepide bazterrean, eta argitaria ere konpondu dute. “Bidea gorriz margotu dugu, erabilera desberdinak dituela adierazteko: txirrindularientzat, oinezkoentzat eta ibilgailunetzat. Auzoa polito geratu da”.