Euskal zaintza sistema publikoa jomuga
Emakumeen Egunean, duintasunez bizitzeko funtsezkoa den sistema publikoa "pribatizatzen" ari direla salatu dute feministek. Eskaera zehatzak entzun dira herriz herri. Emakumeen gain dagoen zaintza lana ez dutela "balioan jartzen" ere salatu dute Gernikan, eta Berdintasun Zerbitzua "duina" eskatu dute Bermeon.
Kaleak hartu dituzte emakumeek. Zaintzen paradisu artifizialak erre dituzte, eta euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa eskatu dute. Bermeon, Busturian, Ean, Elantxoben, Ibarrangelun, Gernika-Lumon, Mundakan eta Muxikan kalera atera dira emakumeak.
Busturialdeko emakumeek euren eskubideen aldeko aldarrikapenak plazaratu dituzteIzan ere, arrazoiak ez zaizkie falta. Hala adierazi dute Gernika-Lumoko Sare Feministako kideek: “Emakumeok jasaten dugun indarkeria eta zapalkuntza okerrera joaten ari da. Krisi sistematikoa bizi dugu, kapitalaren eta bizitzen arteko lehia bizia. Hau da, gero eta botere politiko-ekonomiko gehiago nahi dutenen eta bizi baldintza aldarrikatzen ditugunon arteko lehia”. Botere politiko eta ekonomikoa duten eliteak “eskubide sozialak murrizten” ari direla ere salatu dute sare feministakoek. Diotenez, duintasunez bizitzeko funtsezkoa den sistema publikoa “pribatizatzen” ari dira.
Emakumeen gain dagoen zaintza lana ez dutela “balioan jartzen” ere salatu dute: “Emakumeok eremu publikotik atera eta etxeko txokoan nahi gaituzte. Zaintzaren ardura eta zama bereziki emakumeon gain gelditzen ari dira, errekonozimendurik barik, musutruk edo oso egoera prekarioetan”. Urteetan borrokatutako eta irabazitako eskubide sozialak “kendu” gura dizkietela diote. Halaber, eraildako emakumeen zerrenda handitzen doa urtez urte.
Horren aurrean, sistemaren aurka oldartzeko apustua egin dute. “Guk bigarrenaren alde egin dugu, eta guk bezala, pentsio sistema publikoaren alde borrokatzen ari direnek, osasungintza publikoa sostengatzen duten guztiek, zaharren etxeko langileek, etxeko zaintzan ari diren migranteek… Zuek barik ez dago”, adierazi dute gaurko Gernika-Lumoko manifestazioan. Hain zuzen ere, emakume zaintzaileei, osasun langileei eta zaharren egoitzako beharginei keinu egin diete feministek, manifestazioan zehar eurek egon diren lekuetan txalo eginez.
Hori dela eta, emakumeak “zapaltzen dituen sistemari sua” emateko deia egin dute, eta gernikarrei indarrak batzeko eta denon artean txinpartak pizteko deia egin diete: “Instituzioei, botere ekonomikoei, zapaltzen gaituzten gobernuei eta miserian bizitzera behartzen gaituzten eliteei mezua bidali nahi diegu: zapaltzen gaituen sistemari sua emango diogu eta feminismoa izango da gure garra!”.
Berdintasun zerbitzua. Bermeoko Feministek ere zaintza jarri gura izan dute erdigunean: “Sistema ekonomikoaren krudelkeria, pandemia, osasun zerbitzu publikoen desegitea, zaintza kontenplatzen ez duen arrakalaz betetako lan erreforma eta orain, etengabe eta mundu osoan barreiatuta dauden gerrei, beste bat gehitu zaio”. Pertsonen “ongizatea eta beharrak erdigunean” jartzen dituztela aipatuta, feministok gerrari “beti ez” esan diotela adierazi dute; “bizitza duinak aldarrikatzen ditugulako, kapitalismoaren merkatuaren logika ez dugu onartzen, pertsonen zaintza da garrantzitsuena”. Modu horretan gerrari ez esan eta elkartasun sareak sortzearen alde lan egingo dutela aipatu dute, gatazkan dauden herri guztietako emakumeekin.
Herrira etorrita, herriko emakumeen zaintzarako sare publikoen garrantzia azpimarratu gura izan du Bermeoko Mugimendu Feministak. “Nekatuta eta nazkatuta gaude sistemak berak gure aldarrikapenak kapitalizatzeaz eta errentabilizatzeaz. Berdintasunaren aldeko mila diskurtso hutsal eta ekintza gutxi”, esan dute bermeotarrek.
Modu horretan, “zapaltzen gaituen sistemaren aurrean”, neska eta andra bermeotarrak zainduko dituen sistema bat aldarrikatu dute gaur arratsaldean, “eta ez edozelakoa”, gaur egungoa “onartezina dela” nabarmenduta. “Berdintasun teknikari bat dago azpikontratatuta. Jardun erdian dago, % 100 telelana (etxetik), ez du herria ezagutzen, ez du udala ezagutzen. Aurrekontua, 10.000 eurokoa da urte osorako”.
Beste zenbait herritako egoerak aipatu gura izan dituzte: “Ondarroan berdintasun teknikari bat dago langile funtzionarioa da, jardun osoan. Gainera, beste langile bat daukate egun erdiz Etxelilako dinamizatzaile lanak egiten. Hernanin teknikari bat, koordinatzaile bi eta administrari bat daude, denak udal langileak eta jardun osoan. Basauri aitzindaria eta eredugarria da, bai zerbitzua behar besteko langileekin hornitzen, baita zerbitzuak ematen ere: Emakumeentzako informazio zentroa, etxeko langileentzako aholkularitza zerbitzua, jabetze eskola…dituzte”.
Feministek jakitera eman dutenez, Basaurin zazpi euro inbertitzen dira pertsonako, Ondarrun hamabi euro eta Bermeon, berriz, 60 zentimo pertsonako. “Emakumeok artatzeko zerbitzu espezikoak behar ditugu: aholkularitza juridikoa eta psikologikoa. Emakumeok ahalduntzeko bitartekoak behar ditugu: Jabekuntza eskola. Eta, parekidetasunean hezteko programak behar ditugu: Hezkidetza Programa. Herritarreko 60 zentimoko inbertsioa ez da sufritzen dugun diskriminazioaren tamainakoa”, aldarrikatu dute.
Hori guztia kontuan hartuta, herrian lan egingo duen teknikari baten beharra dagoela aipatu dute, udalaren parte den langile bat. Gainera, eskaintza duen zerbitzua behar dela diote, eta errekurtso ekonomikoak dituena:”Bestea ez da feminismoa zurikeria nazkagarria baizik!”
Hala, Bermeoko Mugimendu Feministak berdintasun zerbitzu “osoa, integrala, pertsonak aurrez aurre hartuko dituena, behar besteko aurrekontuagaz hornituta, duina eta feminista” aldarrikatu du gaurkoan.
Manifestazioan, gainera, greban dauden garbitzaileak ere parte hartu dute; 172 egun daramatzate greban.
“Feminismoa instituzioen aurpegiak zuritzeko”. Beste alde batetik, Itaia Busturialdeako kideek euren aldarrikapenak zabaldu dituzte Bermeon lehenengo, eta Gernikan gero. Emakume langileon askapenerako sozialismoa eraiki lelopean manifestazioak egin dituzte bi herrietan.
Emakume langileen bizi baldintzak okerrera egin dutela dio Busturialdeko Itaiak: “Kaleratzeak, soldaten jaitsierak, laneko zama handitzea, behin-behineko lanak… estatuak zein administrazio publikoek gero eta zerbitzu gutxiago bermatzen dituzte, zama guzti hau emakume langileongan jausiz”.
Bestalde, komunikabideak, sare sozialak eta pornografiak “emakumeen gaineko sexualizazioa eta indarkeria normalizatzen” dutela salatu dute. Aipatu dute gainera, teknologia berrien garapenak indarkeriaren forma berriak sortzen dituela; “sare sozialen bidezko erasoak, besteak beste”.
Uste dute instituzioek “euren aurpegiak zuritzeko” baino ez dutela feminismoa erabiltzen: “Emakumeen zapalkuntzak ez dauka aterabiderik sistema kapitalistaren baitan. Horregatik, premiazkoa ikusten dugu gure interes eta betebeharrak lehen lerroan jarriko dituen proiektu politiko bat garatzea eta bere baitan antolatzea”.
Aldarrikapen eguna. Eusko Jaurlaritzaren arabera, gaurkoa, aldarrikapenerako eguna da: “Aurrerapausoak eman diren arren, mundu guztian irauten du gizon eta emakumeen arteko egiturazko berdintasun ezak”. Horren adierazle direla esan dute soldata arrakala, emakumeek botere esparruetara eta erabakiguneetara iristeko dituzten zailtasunak, zaintza eta etxeko lanen banaketa desorekatua edo emakumeen aurkako indarkeria.
Hala, Eusko Jaurlaritzak “benetako berdintasuna lortzeko bidean” lanean jarraituko duela esan dute gaurko Gobernu Kontseiluaren ostean egindako prentsaurrekoan. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzea “lehentasuna” da Eusko Jaurlaritzarentzat, eta bide horretan, joan den astean Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea aipatu dute. “Lege hau eraldaketarako tresna bihurtzea nahi dugu”, esan dute.
Berdintasunak legeak bezalako tresnak behar dituela uste dute, baina baita ere “gizarte osoaren borondatea eta ekarpena”. Horregatik, Eusko Jaurlaritza, Emakunderen bitartez, Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko Herri Ituna bultzatzen ari dela jakitera eman dute: “Berdintasunaren aldeko pausoak bizkortu behar ditugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da gizarte osoaren inplikazioa. Badakigu euskal gizartea berdintasunarekin konprometituta dagoela eta hurrengo belaunaldientzako berdintasunean oinarritutako etorkizun bat nahi duela”.