Mediku kontsultategi berria prest eduki gura du aurten Foruko Udalak
Osasun zentro berriaz gain, beste bi proiektu aurreikusi dituzte: eguzki panelak jarriko dituzte udaletxean eta Muinogorri elkartearen lokala erosiko dute.
Foruko Udalaren lehentasunetako bat zen mediku kontsultategi «duin» bat edukitzea, eta lanokin hasiko dira aurten. Torre Barrin egingo dute osasun zentro berria. Foruko alkate Mikel Magunazelaiak jakitera eman duenez, udalak hiru proiektu «handi» aurreikusten ditu aurtengo aurrekontuaren baitan, eta proiektu horietako bat da osasun zentro berria.
Proiektua prest daukatela adierazi du alkateak, eta lanak esleituko dituzte laster. Izan ere, 2022an hasi eta amaitu gura dituzte lanak: «Urtea amaitu orduko zerbitzua han ematen hastea gurako genuke».
Gaur egun, udaletxean bertan daukate mediku kontsultategia, baina urteak daramatzate zerbitzua lekualdatzeko «gogoz». Torre Barri aukeratu orduko, beste zenbait alternatiba ere aztertu zituen udalak. Beste aukera batzuk ziren leku berean mantentzea (udaletxea), baina egokitzapenak eginda, edota Abadetxea. Udalak, hala ere, Torre Barrira lekualdeatzea hobetsi du, «erdigunean dagoen lekua delako eta herritarren eskura dagoelako». Izan ere, udalarentzat «garrantzitsua» zen mediku kontsultategia «irisgarria» den leku batean jartzea. Gainera, lekuak Osakidetzak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituela azaldu du alkateak.
Gune berrian «dena abantailak» direla aipatu du, herriaren bihotzean dagoelako, sarreran bertan: «Udaletxean ez zituen baldintza guztiak betetzen eta pandemiak horiek guztiak agerian jarri ditu. Ez dugu elbarrituentzako egokitutako komunik, iriste erraztasun aldetik ez dira baldintzak betetzen, itxaron gelak ez dauka aireztapenik… Etorkizunean, kalean bertan egongo da, autobusen geralekua ere aurrez aurre dago, zamalanetarako aukera ematen du, barruko instalazioak handiagoak eta osatuagoak izango dira. Nahikoa dotore geratuko da».
263.000 eurotan esleituko dituzte kontsultategia egiteko lanak; horretarako, baina, diru laguntzak eskatuko dituztela azaldu du Foruko alkateak, Bizkaiko Foru Aldundiko azpiegituretara baita ere Osakidetzara.
Autokontsumoa bultzatu. Beste alde batetik, autokontsumoa bultzatu gura dute udaletxean, hau da, udaletxeak bere energia sortu eta kontsumitu ahal izateko, energia berriztagarrien alde egingo dute. Modu horretan, aurten, eguzki panelak jarriko dituzte udaletxean. 24.000 euro inguruko diru saila gorde dute horretarako. «Auditoria bat egingo dugu zer hobetu daitekeen aztertzeko, eta kontsumoa murriztuko dugu; gastatuko duguna baino energia gehiago sortuko dugu».
Hirugarren proiektuak Muinogorri elkarteagaz zerikusia dauka. Udalak aho batez onartu du Muinogorriren lokala ostalaritzako zerbitzua emateko erostea: «Aipatu erabakia pauso oso garrantzitsua da Foruaren bizitza soziala berreskuratzeko».
Orain arte txoko baten erabilera eduki du, eta udalak zenbait lan egingo ditu lokala egokitu eta herriko taberna modura jartzeko. Momentu batean herrian taberna asko egon izan direla gogorarazi du alkateak: «Bat-batean Batzokia bakarrik geratu zen, eta ikusi dugu herriko bizitza hil dela. Hortaz, herria biziberritzeko gakoa zela uste genuen, herritarrek batu eta elkartzeko gune bat eduki dezaten».
Udalaren ondare bat zen Muinogorri elkartearen lokala, eta prezio sinboliko batean eman zitzaion elkarteari, eta orain arte, jabetza pribatua zeukan: «Klausula batzuk egon ziren, hau da, alde batetik herriarentzako zenbait ekintza antolatu behar zituzten, eta Txakolin eta Perretxiko Egunak antolatu izan dituzte. Bestetik, 30 urteko klausula bat ere bazegoen, salduz gero edo jarduna bertan behera geratuz gero, udalak izango zuela hori eskuratzeko lehentasuna, eta balioan %25 merkeago. Orain, hortaz, tasatuta dagoen prezioa baino %25 merkeago erosiko du udalak lokala, 153.000 euro inguruan erosiko da».
Ahalik-eta arinen martxan ikusi gurako lukete herriko taberna, baina alkateak ezin du datarik zehaztu, proiektua idazten dabiltza eta.
1.204.161,60 euroko udal aurrekontua onartu dute 2022rako, eta hiru proiektu horiez gain, herrian ekintzak antolatzera bideratuko dute beste diru sail nagusi bat. Pandemia aurreko bizitza berreskuratzeko asmoa daukate eta, hortaz, diru kopuru berdina gorde dute gauza horietarako guztietarako.