Sindikatuen arabera "jarraipen zabala" eduki du Osakidetzako grebak
ELA, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuek "historikotzat" jo dute gaurko [otsailak 28] greba, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak "gehiegizko gutxieneko zerbitzuak" ipini.
Barikuan [otsailak 24], Lehen Mailako Arretan egin zituzten lanuzteak, eta asteburuan mobilizazioak egin dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan. Gaur [otsailak 28], ostera, Osakidetzako zerbitzu guztietara hedatu da greba. Osasun sistema publikoaren “egoera larria” salatzeko manifestazio zaratatsuak egin dituzte hiru hiriburuetan. Eguerdian ehunka langile eta herritar kalera atera dira osasun publikoaren defentsarako aldarriekin bat eginez.
Jarraipenari buruzko datu zehatzik eman ez badute ere, gaurko deitutako greba eguna “historikotzat” jo dute sindikatuek. “Jarraipen oso zabala izaten ari da lanuztea. Osakidetzan izan diren greben artean, historikotzat jo dezakegu gaurkoa, langileak argi eta ozen esaten ari direlako nazkatuta daudela, egoera larria dela, urrunetik datorrela eta premiazko irtenbideak behar dituela”.
Sindikatuek eskatu dute Mahai Sektorialean “egiazko negoziazioa” egon dadila
Osakidetzako langileek horregatik guztiagatik “dinamika aldatzea” eskatu diote Osasun sailburuari. Era berean, duela hamahiru urte sinatutako akordioa berritzeko “borondate falta” eta Osasun Sailaren kudeaketa ere salatu dituzte. “Lotsagarria da, egoerak hala eskatu duenean, profesionalok eta herritarrok sakrifizio handiak egin ditugu, baina, aldi berean, osasunaren kudeatzaileak prekarietatean sakontzen aritu izan dira”.
Aurrez aurreko negoziazio mahaira itzultzeko eskatu dute. Sindikatuek eskatu dute Mahai Sektorialean “egiazko negoziazioa” egon dadila, Osakidetzaren “egiturazko arazoak” jorratuko dituena. “Sindikatuok mezu argi eta irmoa helarazi nahi diogu Osasun Sailari. Ez dugu ez xantaiarik ez salaketa faltsurik onartuko. Langileentzako benetako hobekuntzak dakartzaten akordioak sistematikoki atzeratzen eta zailtzen dituen bat badago, hori Osakidetza da. Mahai Sektorial bat eskatzen dugu, Osakidetzaren egiturazko arazoei buruzko benetako negoziazioa eta edukiak izanto dituena”.
Eskaera zehatzagoei dagokienez, besteak beste, honakoak adierazi dituzte: 2023ko aurrekontua handitzea, %25a lehen arretara bideratuz; lanpostuak sortzea, “lan zama arintzeko”; 24.600 langileri eragiten dien behin-behinekotasunarekin amaitzea; erretiroak, bakanteak, bajak eta bestelako absentziak osorik eta lehen egunetik betetzea; edota “kontziliazioan laguntzeko neurriak” hartzea.