'Antigone edo ezetzaren beharra' antzezlanak lortu du Donostia Antzerki Saria
Jon Ander Urresti aktore bermeotarra kide den Horman Poster kolektiboaren lana da 'Antigone edo ezetzaren beharra' .
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kultura antolaturiko XXII. Donostia Antzerki Saria Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanak jasoko duela jakinarazi dute gaur. Hain zuzen, lan hori da 2021ean helduentzako antzerki konpainia profesional batek “Donostian euskaraz eskainitako antzezlanik onena”.
Jon Ander Urresti aktore bermeotarra kide den Horman Poster kolektiboaren obra da, eta Urrestiren berbetan, euren lanari balioa eman diotela sentitu dute: “Oso gustura egon gara obra honegaz. Lan pila bat egin dugu, hainbat buruhauste ekarri dizkigu, eta asko kostatu zaigu mugitzea. Talde ezezaguna izanda, eta egiten dugun lana askotan dantzatik hurre egonda, nahikoa kostatzen da mugitzea. Sari hau jasotzea maitasun keinu bezala hartu dugula esan daiteke, lan ona egin dugula aitortu zaigu”.
Lasaitasuna ere sentitu dute; izan ere, antzezlanak harrera eta kritika onak jaso baditu ere, antzokietara heltzea kostatu zaie, programatzaileekin adostea gaitza egin zaie: “Adibidez, Busturialdean Gernikara edo Bermeora ere ez gara heldu; nire herrira ere ezin izan dut eroan. Ematen du programa horien logika ez datorrela bat kritikaren edota ikusleen iritziagaz”.
Sariak euren kolektiboari zein obrari berari oihartzuna emango die, ezagutara ematen lagunduko die, eta espero dute plaza edo antzoki gehiagotara heltzen laguntzea. “Emanaldi gehiago gustura jasoko ditugu. Egia da antzerki-logikak epe luzera direla, hau da, programazioak tarte zabalagaz egiten dira. Zentzu horretan, pentsatzen dugu, agian, hurrengo proiektu bategaz aukera gehiago edukiko ditugula”.
Epaimahaiaren esanetan, Antigone “obra klasiko ezin garaikideagoa da eta ezinbestekoa zen haren oihartzunak euskaraz entzunaraztea”. Bertsio libre honek mendeetako gatazka ebatzi gabeak oholtzaratzen dituela diote, “begirada umoretsu bezain tragikoz”. Epaimahaiaren iritziz, proposamen “oso ausarta” da. Sofoklesen obra antzeztuenetako bati horrelako egokitzapena egitea oso baliozkoa kontsideratzen dute, klasiko bat oso moderno egitea lortu dutelako, estetika “izugarriarekin” eta, gainera, lehen aldiz, euskaraz. Sorkuntzatik asko duela diote: “Mendeetan zehar konpondu ez diren gatazkak taularatzen dituen lana da eta zalantzan jartzen du bertan egosten ari den guztia”.
Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean jasoko dute saria, Victoria Eugenia Antzokian. 19:00etan hasiko da saria emateko ekitaldia, eta ostean, antzezlana eskainiko dute.