Gernika-Bermeo trenbidea behartuta egin zutenak gogoan izan dituzte
Historiako pasarte hori jasota gera dadin, erakusketa jarri dute antzinako arrantzaleen kofradian. Gainera, hitzaldiak ere eskainiko dituzte bertoko herrietan. Hain zuzen ere, bost hitzaldi antolatu dituzte.
Gernika-Bermeo trenbidea egiteko lanetan behartuta parte hartu zuten gizonak omentzeko tartea hartu dute gaur [otsailak 26] Bermeon. Espainiako Gerra Zibilean eta Frankismoan esklabo modura erabili zituzten presoen senideei zuzendutako aitormen ekitaldia izan da gaur Bermeoko Kasinoan egin dutena. Bertan egon dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Espainiako Gobernuko Lehendakaritzako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko ministro Felix Bolaños, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriola, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta bertoko herrietako alkateak ere.
Gernika-Bermeo trenbidea egiteko lanetan parte hartu zuten dozena bat presoren senitarteko bertaratu dira gaur Bermeoko ekitaldira. Azaldu dutenez, orain arte laurogei inguru identifikatu dituzte, baina horien guztien izen-abizenak biltzeko lanekin jarraituko dute. Senideek trenbide zati bat jaso dute oroigarri modura. Bermeoko eta Gernika-Lumoko tren geltokietan, gainera, oroitzapenezko plaka bat jarriko dute bertan lan egin zuten guztien omenez. Ohorezko aurreskua dantzatzeaz gain, Bermeoko Coro Rociero Maikak orduko preso batek idatzitako abesti bat taularatu du; letra hori orain dela gutxi aurkitu dute Burdinbidearen Euskal Museoan.
Hala, gaur, “isilean gordetako” historia hurbileko pasarte batean jarri dute arreta; izan ere, ezagutzera eman dute 1937az geroztik eta diktaduraren zati handi batean milaka gerrako preso eta, ondoren, preso arruntak erabili zituztela herriak eta azpiegiturak berreraikitzeko, edo errepideak, urtegiak edo trenbideak eraikitzeko.
Gogorarazi dutenez, Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, Busturialdean, eta orokorrean, Bizkaian, Espainiako errepublikaren alde borrokatu ziren, edo beste barik, haren aldekoak ziren gizon asko, gerrak eragindako ondorioak berreraikitzen lan egitera behartuak izan ziren diktaduragatik; esaterako, bonbardaketaren ondoren Gernika eta bere trenbidea berreraikitzea eta Sukarrieta eta Bermeo arteko linea zabaltzea izan ziren lan horietako batzuk. Baldintza “negargarrietan” lan egiten zutela azaldu dute gaurko ekitaldian. Askok, gainera, erbesteratze eta deserrotze zigorrak jasan zituzten. Hala, preso gehienak Extremaduratik eta Andaluziatik ekartzen zituztela aipatu dute. 1944. urtetik aurrera ehundik gora libertok ere lan egin zuten obretan; libertoak ziren indultuak jaso edo zigorra beteta zeukaten presoak: “Preso horietako asko, eskualdean bizitzen geratu ziren”.
Trenbidea 1955ean inauguratu eta bete-betean funtzionatzen ari zen arren, gizon horiek lan osagarriak egiten jarraitu behar izan zutela gogorarazi dute gaurko ekitaldian, “behin betiko amaituta utzi arte”. Obrak errematatu ondoren, Bermeoko destakamentu penala 1958an desegin zuten eta bertan zeuden 30 presoak Madril eta Murtziako beste zentro batzuetara eraman zituzten.
Aitormen ekitaldiak memoria historikoa aldarrikatu du, “kultura demokratikoa eta bizikidetza indartzeko oinarri modura”. Uste dute “garrantzitsua” dela gaur egun trenbidea erabiltzen duten horiek, trenbidea zein inguruabarretan eraiki zen jakitzea, eta nortzuk izan ziren hori egin zuten protagonistak. Hala, horiei omenaldia egin eta horien historia oroimen kolektibora ekarri gura izan dute. Gaurko ekitaldiagaz preso horiekin eta haien familiekin daukaten “zor historikoa” kitatu gura izan dute.
Historiako pasarte hori jasota gera dadin, Euskal Herriko Profesionalen eta Ikasleen Kriminologia Elkarteak (APECPV-EHPIKE) eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak argazki erakusketa bat zabaldu dute Bermeoko Arrantzaleen Kofradia zaharrean; apirilaren 3ra arte bisitatu ahalko da hokao ordutegian: Astelehen, martitzen eta eguaztena 16:00etatik 21:00etara; eguena, bariku, zapatu eta domeka, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara.
Erakusketaren materialaren zati bat, gainera, Gernika-Lumoko, Itxasbegiko, Mundakako eta Bermeoko tren geltokietan ere jarriko dute, panelak jarrita; “gure iraganaren zati hori kalera ateratzeko”. Material hori guztia jasotzen duen argitalpen bat ere argitaratu dute.
Horrez gain, hitzaldiak ere antolatu dituzte bertoko herrietan:
-
Martxoak 3, eguena, 19:00etan, Mundakako Juan Tribisarrospe Kultur Etxean. Mikel Diego (Aranzadi Zientzia Elkartea): Frankismo garaiko behartutako lanari buruzko sarrera laburra.
-
Martxoak 10, eguena, 19:00etan, Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan. Txato Etxaniz (Gernikazarra Historia Taldea): Esklabotasuna barkamena lortzeko.
-
Martxoak 18, barikua, 19:00etan, Foruko udaletxean. Pako Etxebarria antropologoa (EHU) eta Lourdes Herrasti ( Aranzadi Zientzia Elkartea): Tren-langileen deshobiratzeak eta hobi komunak.
-
Martxoak 25, barikua, 19:00etan, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan. Juanjo Olaizola (Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendari ohia): Sukarrieta-Bermeo trenbidearen eraikuntza.
-
Apirilak 8, barikua, 19:00etan, Sukarrietako udaletxean. Edorta Jimenez: libre.