Mozorroak, armairutik kalera
2020tik ondo gordeta zeuden mozorroak ateratzeko edo berriak sortzeko irudimena dantzan jartzeko momentua heldu da. Egitarau oparoak aukeran daude Busturialdean.
Iazko etenaren ostean, gogotsu datoz aurtengo aratusteak. Asteburua beteta dator, baita ere astelehena eta martitzena. Kaleak berriro ere kolorez betetzeko gogoz daude txikiak zein helduak.
Busturialdeko bizilagunek ondo gordeta zituzten mozorroak zein berriak jantziko dituzte, eta kolorez beteko dituzte kaleak. Eskola umeak ere kalejiran ateratzeko gogoagaz daude.
Euskal Herriko aratusterik ezagunetarikoak dira Mundakakoak, eta aurten, berriro ere, atorrek eta lamiek kantu eta orroekin beteko dituzte Mundakako kaleak, domekan. Bueltatu bai, baina modu «xumeago» batean bueltatuko direla esan dute, «osasun egoera berriaren gomendioetara egokituta».
Ohi legez, eguerdian egingo dute kalejira atorrek, eta arratsaldean egingo dute, berriz, lamiek. Iluntzean Goiko Kalean elkarrekin egiten duten topaketa, baina, ez egitea erabaki dute. Aratusteetako domeka hasteko, baina, atorrez jantzitako txistularien kalejira egongo da herriko kaleetatik.
Zapatuan, Lantzeko inauterietara hurbilduko dira Foruan eta Bermeon eta domekan egingo dute Busturian. Kalejirak herrietako dantza taldeen eskutik egingo dituzte, hala ere, mozorroak jantzi eta gura duten guztiek parte hartu dezakete.
Tostada txapelketak ere bueltan dira; Busturian eta Bermeon egingo dituzte. Bietan ogizko zein ahiezko tostadak aurkeztu ahalko dituzte parte hartzaileek. Domekan egingo dute txapelketa Busturiko Axpe auzoan, eta Bermeokoa aurten martitzenean izango da, eta ez orain arte bezala domekan. Bi herrietako antolatzaileek herritarrak deitu dituzte parte hartzera.
Eskualdeko herri askotan, gainera, kalejirak, umeen jolasak zein jolas parkeak, diskofestak… antolatu dituzte.
Aratusteak, gainera, martxoaren 5era arte luzatuko dira. Ordurako antolatu baitu Bermeoko Spookypheria elkarteak Vade Retro jaialdia,50 . hamarkadatik hasi eta 90.hamarkadara arteko musika jarriko dute horretan. Sarrerak salgai daude 10 eurotan Bermeoko Kafe Antzokiaren webgunean. Egunean bertan ere salgai jarriko dituzte leihatilan, 12 eurotan.
Ibarrangelun ere egun horretan batuko dira jai giroan. Bertako Lorea Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du, eta musikagaz girotuta, txokolatea jateko aukera ere edukiko dute.
Ondo pasatzeko eta zentzuz jokatzeko deia zabaldu dute udaletako agintariek zein lekuan lekuko eragileek. Esate baterako, Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak tradizioak berreskuratzeko momentua dela esan du: «Herritar guztiak animatzen ditugu inauteriez gozatzera etor daitezen. Gure jaiak eta tradizioak berreskuratzeko unea da, nolabaiteko normaltasuna berreskuratzeko unea, betiere, jakina, osasun-araudia betez».
Horregaitik, musikagaz eta aire zabalean ospatzea erabaki dute, eta eguraldi txarra eginez gero, frontoian ospatuko dute Disko-festa, jende multzo zabala batzeko «leku segurua» delako. «Apurka-apurka, ilusioa berreskuratzen ari gara, eta udaletik sentsazio on horiek geure herritarrei helarazi gura dizkiegu. Izan ere, ondo baino hobeto dakigu pandemiaren urte hauetan herritarrek erantzukizun-maila handia izan dutela eta gauzak ondo egin dituztela», nabarmendu du.