"Asmo nagusia istorioa kontatzea da, gertatu zena azaleraztea"
70eko hamarkadaren amaieran Jose Done ikastetxean gertatu ziren sexu abusuak ikertu ditu kazetari bermeotarrak; bost kasu daude konfirmatuta eta hiru salaketa jarrita.
Bermeoko Jose Done ikastetxean 70eko hamarkadaren amaieran gertatu ziren sexu abusuen berri eman du asteon EITBk; bost pertsonek jasandako sexu abusuak ikertu ditu Asier Sanchez kazetari bermeotarrak. Abusuen ustezko egilea garai hartako ikastetxeko zuzendaria izan zen. Helbide elektroniko bat zabaldu dute, kasu gehiago baldin baleude, horien berri emateko: JoseDonebiktimak @gmail.com.
Zelan eta noiz hasi zinen ikerketagaz?
Duela hiru urte hasi zen guztia, bazkari batean. Telebistan elizaren sexu abusuei buruzko erreportaje bat zegoen, eta mahaian batek esan zuen: ‘Horrelakoak hemen ere gertatu izan dira’. Une hartan inork ez zuen ezer esan, baina, gero, pertsona horregaz berba egin nuen. Bera zuzenean ez zen biktima izan, baina hortik tiraka hasi nintzen. Hasieran inork ez zuen ezer esaten, eurekin bakarrik egon arte. ETBtik ezagutzen naute, eta ordura arte kontatu ez zutena niri kontatzea erabaki zuten. Kasu bakar bat egotea oso larria da, baina bazekiten ez zirela bakarrak. Liburutegira taldeka joaten zirela gogoratzen dute eta, gero, banan-banan igotzen zituzten gora. Ikasgaiak eman barik, ukituak jasaten zituzten, eta berriro jaisten zirenean, blokeatuta zeuden; orduan, besteen aurpegiak gogoratuta, bazekiten kasu gehiago egon zitezkeela. Oraindik ere horietako batzuk blokeatuta daude, ondo gordeta daukate, eta lotsatuta daude. Errua sentitzen dute, gainera. Bakoitzak bere bidea egin behar du; batzuek bide erdia eginda daukate, eta animatu dira istorioa kontatzera. Bost kasu ondo aztertuta eta antolatuta eduki nituenean, gelditzea erabaki nuen. Herri txiki bat gara, eta arin zabaldu zitekeen. Pandemia garaian, hala ere, dena bertan behera utzi nuen. Ondoren, ikusita gai honen inguruan mugimendua hasita zegoela, momentua zela iruditu zitzaidan, biktimekin berba egin eta ustezko pederasta horren istorioa kontatzeko.
Albistegietarako proposatu zenuen?
Hasiera batean liburu bat idaztea etorri zitzaidan burura. Baina gaia gaurkotasunezkoa zen eta indar handikoa. Dokumental bat egitea pentsatu genuen hasieran; albistegiak dauka, baina, indar handiagoa, jende gehiagorengana iristen da.
Lan orduetatik kanpo egin duzun ikerketa da.
Hala da, bai. Bermeora joaten nintzen asteburuetan aprobetxatzen nuen eta saiatzen nintzen biktimekin geratzen. Ez zen nire lehentasuna, pixkanaka joan nintzen gauzak lotzen. Ondo egin gura nuen lana, eta dana ondo lotuta eduki. Sare guztia oso ondo antolatuta, konfirmatuta eta zehaztuta eduki nuenean hasi nintzen ustezko erasotzeailearen bila.
Ustezko erasotzailearen aurrean jartzea gogorra izan zen?
Bere aurrean jartzeko garrantzitsua zen ondo armatuta joatea eta informazio askogaz. Bere aurrean jarri orduko guardia asko egin behar izan nituen, nondik nora mugitzen zen jakiteko. Dena atera orduko oso ondo lotuta eta frogatuta egon behar zen. Nik, Asier modura, gauza batzuk egingo nituen, baina kazetari modura, beste gauza batzuk egin behar nituen. Elkarrizketa luzea izan zen, gutxi ikusi bada ere. Behin eta berriro esaten zidan oso ondo informatuta nengoela eta asko nekiela berari buruz.
Ez dizu oztoporik jarri.
Ez. Ezagunak bagina modura berba egiten zidan. Lehenengo topaketan, flexioak egiten zebilen, surrealista izan zen dena. Oso ondo dago fisikoki eta burutik baita ere. Informazio guztia ondo baino hobeto daki; beste gauza bat da zer esaten duen, gauzei buelta ematen trebea da eta. Gai korapilatsuetatik ihes egiten ondo baino hobeto daki. Esaten zidan hau guztia bere aurkako konplota zela; nota txarrak ipintzeagatik edo familiako kideren bategaz arazoren bat edukitzeagatik izan zitekeela. Lau testigantzagaz joan nintzen beregana. Bideo bat erakutsi nion, baina mututu ere ez zen egin. Lasai zegoen, errurik ez daukala dio. Salaketak, baina, aurrera doaz.
Bermeotarra izanik, bermeotarren testigantza horiek entzutea gogorra izan al da?
Oso gogorra. Lan honetan horrelako momentu asko bizi izan ditut, baina kasu honetan oso gertukoak izan dira. Zelan da posible, gainera, lotsa eta errua sentitzea? Herri txiki batean bizi garenez, batzuek esaten zuten jendeak pentsatuko zuela 40 urte beranduago hau kontatzeak ez zeukala zentzurik. Gaur egun Bermeo, baina, ez da orduko Bermeo, aldatu egin da. Jendeak jakin egin behar du zer gertatu zen, ezin daiteke hori onartu. Oso gogorra da, nire gurasoen adineko jendea da.
Kamera aurrean jartzea kostatu zaie?
Euren intimitatea apur bat babestu gura izan dute, eta izen faltsuak erabili ditugu. Hau atera den lehenengo aldia da. Gura dutena da biktima gehiago ateratzea eta noraino heldu den eta egia jakitea. Istorioa kontatzea garrantzitsua da, hori da helburu nagusia, gertatu zena azaleraztea. Denek uste zuten, gainera, ustezko erasotzailea hilda zegoela. Baina, berba egiten ikusi dute, gogorra da berriro dena gogoratzea. Prozesua oso gogorra izan da batetik, baina indarberritzailea ere beste alde batetik; izan ere, jakin ahal izan dute jende gehiago dagoela euren egoeran, eta euren artean berba egiteko aukera eduki dute. Emozio handiko uneak bizi izan dituzte. Gordeta eroan dute gaia, eta, ordutik, ez dituzte sexu harreman onak eduki, beldurtuta bizi izan dira, matematikako taulak ez dakizkitela diote batzuek; matematikako taulak ematen ari ziren bitartean ukituak jasaten zituztelako edo ustezko erasotzailea masturbatzen ari zelako… Horregatik, orain, aurpegia ikusi diotenean, emozio ugari atera dituzte. Baina horiek ateratzea ere ondo dagoela uste dut. Jendearen babesa behar dute, eta lasaitasuna eskatzen dute. Eurek dagoeneko berba egin dute, eta, orain, denon artean argitu beharreko gauza bat da. Jakin izan dute, gainera, ustezko erasotzailea ikastetxe batean dagoela umeekin. Ezer gertatu ez balitz modura jarraitzen du, eta alde horretatik txarto sentitzen dira. Konplizeak egon direla badakite eta menezianoek beste alde batera begiratu dutela salatzen dute.
Momentuz, bost kasu daude konfirmatuta.
Hori da, bost dira konfirmatuta dauden kasuak eta salaketa publikoa egin dutenak; Ertzaintzan salaketa jarri dutenak, oraindik, hiru dira. Batzuek uste dute ez duela ezertarako balio salaketa jartzeak, baina bai balio du. Modu horretan, Ertzaintzak bere aldetik ikerketa sakon bat egin ahal du, eta kasuz kasu aztertu. Kasu hauek preskribatuta daude, horrek, baina, ez du esan gura ezin dela ezer egin. Agian estatu mailan agertu daiteke preskribatuta ez dagoen kasuren bat. Justizia gura dute. Garai hartan menizianoek botere handia eduki zuten Bermeon, jainkoak ziren zenbait familientzat, eta irudi hori ezin daiteke horrela geratu. Hori azalerazi gura dute biktimek euren testigantzekin. Ukituei buruz berba egiten dute, baina uste dute egon daitezkeela gauza gogorragoak ere.
Ikerketagaz jarraituko duzu?
Bai, gauza txiki batean hasi da, baina orain erredakzio osoa ipini behar da ikertzen eta lanean; beste dimentsio bat hartu du gaiak. Ez da herri bat bakarrik, Euskal Herria eta ziurrenik Espainia ukituko duen gaia izango da.