EH Bilduk eskatu du neskatilen eta sareginen lana balioan jartzea
EH Bilduren udal taldeak proposatu du apurtuta dauden herriko kirol instalazio desberdinetako sareak bertoko neskatilek eta sareginek konpondu ditzaten
Bermeoko EH Bilduren udal taldeak uste du herriko neskatilen eta sareginen lana balioan jarri beharko litzatekeela. Hala, koaliziokideen arabera, ideia «ona» litzateke herriko kirol instalazio desberdinetan dauden apurtutako sareak neskatilek eta sareginek konpontzea eta berritzea. Proposamena udal gobernuari egin diotela zehaztu dute.
Diotenez, azkenaldian hainbat elkartek «amankomunean» daukaten «arazo bati» irtenbidea emateko proposamen «egokia» litzateke: «Gure nortasuna, oinarrizko kirola eta belaunaldien arteko harremanak sendotzeko eta sustatzeko aukera emango luke». Aitatutako lana herriko ikastetxeekin lankidetzan eginez gero, gainera, herriko umeek neskatilen eta sareginen lana ezagutzeko aukera edukiko luketela diote eta, modu horretan, horiek egiten duten lana balioan jartzeko aukera emango luke.
Eragile desberdinen elkarlana sustatu behar dela iritzi dio EH Bilduk, hau da, herriko enpresa, udal, saregin eta neskatil eta ikastetxeena: «Badakigu Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkartea eta Bermeoko beste zenbait enpresa, arrantzako sareei bigarren bizitza bat emateko eta kudeaketa zirkular bat sortzeko hainbat proiektu eta ekimen egiten ari direla. Horregatik proposatzen dugu herriko kirol elkarteek eta ikastetxeek daukaten sareak konpontzeko beharrizan hori herriko neskatilekin eta sareginekin lankidetzan egitea».
Helburuak eta ekintzak. EH Bilduk udal gobernuari egindako proposamenaren helburuak honakoak liratekeela diote: sareginen lana eta tradizioko lana balorean jartzea, birziklapena eta jasangarritasuna bultzatzea, herriko ekonomia sustatzea, oinarrizko kirola sustatzea, eta belaunaldien arteko harremanak sendotzea.
Neskatilen eta sareginen lan hori balioan jartzeko egin daitezkeen zenbait ekintza ere proposatu dituzte, hala nola, Sareginek turismoagaz lotuta egiten dituzten bisitetan lan horren berri eman eta erakustea eta herriko ikastetxeekin lankidetza eta umeen eta sareginen arteko sinergiak sortzea, «tradizioa, ezagutza eta lanaren nondik norakoak balioan jarriz». Uste dute tradizioaren bidez hezteko aukera ere badagoela. Maiatzean izango den Arrain Azokan horren berri ematea ere ondo legoke EH Bilduren arabera, «egindako lanaren berri emateko eta herritarrei lan hori erakusteko».
Koaliziokideek azaldu dute joan den astean batzartu zirela herriko neskatilekin eta sareginekin, eta herriko kirol instalazioetako sare desberdinak konpontzeko eta berritzeko «prest» agertu ziren. Herenegun aurkeztu zuten proposamena udalean, eta erantzunaren «zain» daude orain.