Bermeoko Udala: "Bermeoko herriak indar eta irmotasun osoz gaitzetsi ditu ustezko sexu abusuak"
Bermeoko Udaleko talde guztiek aho batez onartutako adierazpena kaleratu dute. Maitasun, babes eta elkartasunik zintzoena helarazi diete biktima guztiei eta euren familiei, eta euren esku ipini ditu arreta eta laguntzarako udal zerbitzuak, bai eta behar duten laguntza guztia ere.
Bermeoko Jose Done Ikastetxe zaharreko Menesiar kongregazioko zuzendari izandakoak sexu abusuak egin zizkiela salatu dute hainbat herritarrek azken egunotan, eta horren aurrean Bermeoko Udaleko alderdi politiko guztiek aho batez adierazpen instituzionala onartu dute.
“Bermeoko herriak indar eta irmotasun osoz gaitzesten dituela bertan publiko egindako ustezko gertakari onartezinak”, diote kaleratutako agirian. “Jose Done Ikastetxean adin txikiko ikasleei egindako ustezko sexu abusuak giza eskubideen haustura larri eta jasanezinak” direla nabarmendu dute, eta Bermeoko Udalak biktimen aldeko jarrerra “argi eta sendoa” adierazi nahi izan du. Era berean, maitasun, babes eta elkartasunik zintzoena helarazi diete biktima guztiei eta euren familiei, eta euren esku ipini ditu arreta eta laguntzarako udal zerbitzuak, bai eta behar duten laguntza guztia ere.
Udalean dauden ordezkari politikoen arabera, “ustezko eraso horiek ezin dira erantzunik gabe geratu, eta gertakari horiei aurre egiteko” deia luzatu diete herritarrei, “ezin da tolerantziarik” agertu: “Abusu kasuen aurrean erasotzaileek aurrean izango gaituzte eta gure herrian tokirik ez dute. Bermeok ez ditu honelako erasoak onartzen”.
Biktimak “erdigunean jarri” behar direla, eta momentu zail eta gogor hauetan denen babesa sentitu behar dutela diote. Halaber, dagozkien instituzioei hartu beharreko neurriak hartzea eskatu diete: “Bidelagun izango gaituzte gertakari hauen aurrean argia jartzerakoan. Justizian eta erreparazioa beharrezkoak dira honelako gertakari larriak berriro gertatu ez daitezen”.
Edozein erasoren aurrean gizartea ezin dela isilik geratu adierazi dute, eta are gutxiago, “ustezko eraso hauen biktimak adingabeak izan direnean”. Izan ere, gizarteak berak gehien babestu beharreko kolektibo zaurgarriena direla zehaztu dute: “Zentzu honetan, Bermeoko Udala beti agertuko da biktimen alde eta indarkeria mota guztiak desagerrarazteko konpromisoa berresten du”.