Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea, eskaintza kulturala balioan jartzeko eta zabaltzeko
Euskal Kostaldeko Museoen Sarea osatzen duten 40 museo eta zentroetan ia 200 ekintza egingo dituzte martxoan. Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Busturiako Ekoetxea Urdaibain, Gernika-Lumoko Bakearen Museoan eta Euskal Herria Museoan eta Kortezubiko Santimamiñen askotariko jarduerak eskainiko dituzte.
Pandemiarengatik etenaldi “behartua” egin ostean, aurtengo martxoa ere Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea izango da. Euskal Kostaldeko Museoen sarea osatzen duten arduradunen berbetan, “edizio berri hau, are bereziagoa” izango da.
Segurtasun berme guztiekin antolatuta, eta jendeari horiek betetzeko eskaera luzatuta, jarduerak eta edukiak “anitzak” izango dira, askotarikoak baitira sareko 40 museo eta zentroetan lantzen dituzten gaiak: “Baina badute zerbait amankomunean proposamen gehienek; bereziak eta bakarrak izango dira, urtean zehar gozatu ezin diren planak”.
Sareko zentroek “orotako jendearentzat ia 200 ekintza, abantaila eta deskontu aukera” eskainiko dituzte: familientzako tailerrak, haurrentzako jolasak, bisitaldi gidatuak, doako sarrerak eta abar.
Euskal Kostaldeko Museoen Sarea museoak, interpretazio zentroak eta bestelako ondare baliabideak batzen dituen elkarlanerako topagunea izateko eratu zuten, eta Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea sortu zuten kostaldeko eskaintza turistikoa osatzeko eta bertako eskaintza kulturala balioan jartzeko eta zabatzeko. Horretarako, museo-produktu bateratuak garatzeko, proiektuak partekatzeko eta komunikazio eta sustapen ekimenak bultzatzeko apustuari eusten diote.
Egitarau oparoa. Besteak beste, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Busturiako Ekoetxea Urdaibain, Gernika-Lumoko Bakearen Museoan eta Euskal Herria Museoan eta Kortezubiko Santimamiñen askotariko jarduerak eskainiko dituzte hurrengo hilabetean.
Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Boga familia tailerra egingo dute; 4 urtetik gorako umeek, heldu baten laguntzaz, estropaden mahai- joko bitxi bat sortuko dute.
Ekoetxea Urdaibaik eskualdeko hainbat txokotara antolatuko ditu ibilbide gidatuak. Bermeoko Kofradiara joango dira Emakumeak eta arrantza Bermeon bisita gidatua eta dastaketa egitera, eta Mundakara ere hurreratuko dira. Bertan, ezezagunak diren arrezife- kareharriak, marga beltzak, koral multzoak, poriferoak, ostreidoak, moluskuak, foraminiferoak eta abarrek osatzen duten Garrantzi Geologikoko Gunea bertatik bertara ezagutuko dute.
Halaber, Matxitxako lurmuturraren inguruetako historia –36ko gerra, Matxitxakoko bataila, etab.– ezagutzeko, horren ondorioak behatzeko –kanoien kokalekua, bolborategia…– eta bertako aberastasun naturala ezagutzeko ibilbide gidatua egingo dute.
Bestalde, Atxarrera, Urdaibaiko artadirik handienera ere txangoa egingo dute. Uretatik biodibertsitatea ikusteko aukera ere egongo da, Itsasadarra itsasontziz izeneko irteeran.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan eta Bakearen Museoan ere askotariko jarduerak egingo dituzte, eta ate irekien egunetan doan bisitatu ahalko dira biak ala biak.
Bakearen Museoan Gerra korrespontsalak Gernikan ibilbidea egiteko aukera egongo da martxoaren 13an, doan. Ordubeteko ibilbide gidatu horretan, udalerrian gertatutakoa zenbait komunikabidetan kontatu zuten gerrako berriemaileen lanean sakonduko dute, George Steer, Noel Monsks eta Christopher Holmes besteak beste.
Sormena eta bonbardaketa ere bestelako eran uztartuko dituzte. Izan ere, Guernica obraren bertsioak egingo dituzte martxoaren 13ko doako familia tailerrean.
Era berean, Emakumea eta Itsasoa familia tailerra egingo dute Euskal Herria Museoan. Izan ere, zentroan “emakumeei buruzko martxoa prestatu” dute. Tailerreko parte-hartzaileek emakumeek eta itsasoak historian zehar izan duten harremana, eta batez ere, bateleren lana ezagutuko dute, baita etxera eramateko oroigarri bat sortzeko aukera eduki ere.
Kortezubin hitzordu berezia prestatu dute martxoaren hirugarren astebururako. Santimamiñeko kobazuloko lehen biztanleek, itsasoko baliabideak nola erabili zituzten azalduko dute Santimamiñe eta itsasoa doako bisita gidatuan.
EGITARAUA:
BERMEO
Arrantzaleen Museoa
- Martxoak 19. Boga familia tailerra doan, 16:30etik 18:00etara.
- Martxoak 19 eta 20. Ate irekiak. Zapatuan, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00, eta domekan, 10:00-14:00.
- Erreserbak: 94-688 11 71/arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus.
BUSTURIA
Ekoetxea Urdaibai
- Martxoak 5. Emakumeak eta arrantza Bermeon bisita gidatua eta dastatzea Bermeoko Kofradian, 11:00etik 12:30era, (Ekoetxeak antolatuta).
- Martxoak 6. Atxarre, artadiaren bihotz bihotzean ibilbide zirkularra, 10:30etik 13:00etara.
- Martxoak 6. Lumakelak Mundakan, itsasoaren historia ibilbide gidatua, 11:00etatik 13:00etara.
- Martxoak 12. Matxitxako lurmuturrean ibilbide historiko naturala ibilbide gidatua, 10:30etik 13:00etara.
- Martxoak 27. Itsasadarra itsasontziz, 11:00etatik 13:00etara.
- Erreserbak: 94-687 04 02/info.urdaibai@ekoetxea.eus.
GERNIKA-LUMO
Euskal Herria Museoa
- Martxoak 12 eta 13. Emakumea eta itsasoa familia tailerra, doan, zapatuan 16:30ean, eta domekan, 12:00etan.
- Martxoak 12 eta 13. Ate irekiak: Zapatuan, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00, eta domekan, 10:30-14:30.
- Erreserbak: 94-625 54 51/euskalherriamuseoa@bizkaia.eus
Bakearen Museoa
- Martxoak 13. Guernica berriro imajinatzen familia tailerra, 11:30etik 13:30era, doan.
- Martxoak 13. Gerra korrespontsalak Gernikan ibilbide gidatua doan, 11:30ean.
- Martxoak 13. Ate irekiak, 10:00etatik 16:00etara.
- Erreserbak: 94-627 02 13
KORTEZUBI
Santimamiñe
- Martxoak 19 eta 20. Santimamiñe eta itsasoa bisita gidatua, doan: 10:00/11:00/12:00/13:00.
- Erreserbak: 94-465 16 57/ santimamine@bizkaia.eus.