Indarkeria matxista sistema patriarkalaren "ezinbesteko tresna" dela salatu dute
Domeka goizaldean udalerrian izandako eraso matxista salatu zuten atzo Gernika-Lumon. Indarkeria matxista desagertzeko eragile sozial, politiko eta instituzional guztien ardura "ezinbestekoa" dela nabarmendu zuen Gernika-Lumoko Sare Feministak.
Domeka goizaldean Gernika-Lumon izandako eraso matxista salatu eta indarkeria matxista jasan zuen emakumeari eta hura babestera gerturatu zirenei babesa eta elkartasuna adierazi zioten atzo arratsaldean [otsailak 16] udalerrian. Herritarrek bat egin zuten Gernika-Lumoko Sare Feministak egindako deialdiarekin, eta hainbat eta hainbat herritar batu ziren Merkurion egin zuten elkarretaratzean.
Indarkeria matxistari “hitzak jartzeko eta jendartea sentsibilizatzeko” mugimendu feministatik lan izugarria egiten dutela azaldu zuten sare feministako kideek: “Biolentzia hau ez baita emakumeen arazoa bakarrik”.
Gogoratu zuten emakumeen aurkako indarkeriak ez daukala mugarik, sistema patriarkalaren “ezinbesteko tresna” delako, “pertsonen arteko botere harremanak betikotzeko tresna delako, alegia”. Gainera, sare feministakoek uste dute garrantzitsua dela ulertzea indarkeria matxista bestelako biolentzia ardatz batzuekin lotzen dela, “arrazismoarekin edota klase ereduarekin” esaterako.
Ardura pertsonal eta kolektiboa “ezinbestekoa” dela esan du Gernikako Sare Feministak
Hori dela eta, erasoak ez direla modu isolatuan eta bakartuan gertatzen adierazi dute, “sistemaren muinean erreproduzitzen den indarkeria” dela azpimarratuz: “Gure sistemaren muinean erreproduzitzen den indarkeria da: kultura aparatuan, komunikabideetan, estatuan, lan merkatuan, familian edota hezkuntza sisteman”. Horren aurrean, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa “ezinbestekoa” dela aldarrikatu zuten: “Apustu ausartak eta neurri sakonak beharrezkoak dira”.
Hitzetatik praktikara pasatzeko garaia dela deritzelako, autodefentsa feministarako deia egin zuten Gernikako Sare Feministakoek: “Gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok erantzuteko prest gaude. Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan, denak aske izan arte”. Sare feministakoek Iparragirreren eskulturan jarri dute erasoa salatzeko egin duten irakurketa.
Erasoa. 43 urteko erasotzailea atxilotu zuten domekan ertzainek, neska lagunari eta beste bi pertsonari eraso egitea leporatuta. Goizalean gertatu zen, 01:40 aldera. Erasotzailea bere neska lagunarekin eztabaidatzen ari zen, eta lekukoen arabera, bi ostikada jo zizkion. Horretaz ohartuta, bertan zeuden bi gizonezko emakumea laguntzera joan ziren, eta ondorioz, horiei ere erasotu zien. Ospitalera eraman behar izan zituzten biak. Erasotzaileak, baina, ihes egin zuen.
Ertzaintza emakumearen etxera joan zen, eta erasotzaileari ezagutzen zuen galdetzean, ezetz erantzun zuen. Agenteek, ordea, susmatu zuten gizona emakumearen etxebizitzan zegoela, eta epailearen agindu bat eskatu zuten etxean sartzeko. Han atxilotu zuten, lesio delitu bat eta genero indarkeria egotzita.
Segurtasun sailak jakinarazi zuenez, emakumeak ez du salaketarik jarri, baina epailearen aurrera eraman zuten astelehenean, eta honek atxilotutako gizona espetxeratzeko agindua eman zuen.