Gorrotoaren aurkako bilduma
Jose Angel Uberuaga Uberen 'To be or not to be. Thats the answer' izeneko erakusketa otsailaren amaierara arte ikusgai dago kultur etxean. Gorroto diskurtsoen kontrako aldarri propioa dakar Ubek: "Jendeak zelan pentsatzen dudan jakitea da bilatzen dudana".
“Gorroto dut homofobia hitza. Ez da fobia bat, ez zara beldur, ergel hutsa baino ez zara”. Hala dio Morgan Freemanek. Samantha Hudsonek, berriz, generoa “murriztailea” dela dio: “Ni queer naiz, generoa murriztailea delako eta estandarrak oso altuak eta eskuraezinak direlako. Erabat sinesten dut, ia %100ean, inor ez dagoela bere generoarekin erabat ados”.
Bi esaldi horiekin zabaldu du To be or not to be. Thats the answer izeneko erakusketa Jose Angel Uberuaga Ubek. Gorroto diskurtsoen kontrako aldarria dakar oraingoan Gernika-Lumoko Kultur Etxera. Performancez betetako erakusketa osatu du, otsailaren amaierara arte ikus daitekeena.
“Ez bazara benetan zarena, ez zara”. Ahots-korapiloa dirudien hori da erakusketaren abiapuntua. Oraindik identitatea, generoa eta orientazio sexuala genero maskulinoaren ikuspegitik lantzen direla adierazi gura du Ubek; alegia, lantzen ez den gai horri ikusgarritasuna eman gura dio, salaketa eta errebindikazio tonua erabilita.
Obra honen helburua elkarrizketa, ulermena eta elkar garapen sozial, kultural eta politikoa desagertarazteko asmoa duten horien nahiak salatzea da, “gizartearen eta pertsonen arteko berdintasun formal eta erreal bat saihestu nahi duten horiena”. Berdintasunaren aldeko legeen aurka daudenak eta gorrotoaren eta diskriminazioaren aurrean isiltzen direnak seinalatzea da Ubek bilatzen duena.
«Gertatzen ari dena zabaldu gura dut, jendea ohartarazi, eta asko arriskatu naiz»
“Faxismoaren kontrako erakusketa da hau. Ugaritu egin dira emakume lesbianen eta gayen kontrako irudiak. Nahi duguna egiteko bidea librea dela erakusten dute irudi horiek. Eta hori edozein gairekin gertatzen ari da, edonon. Boterea dago horren atzean, Francoren garaiko boterea. Orain dela 10 urte ETAk armak utzi zituenean, ezkutatuta zegoena azaleratu zen; ETAren aitzakipean dena ezkutatzen zelako. Orain ETA desagertu da, baina askorentzat ez da desagertu, ekin eta ekin jarraitzen dute, badakitelako jendea erraz manipulatu daitekeela”, azaldu du Ubek.
Egoera horiei jendeak ez diela kasurik egiten dio artistak: “Alderdi askotako frente asko daude zabalik”. Gainera, telebistako, irratietako zein hedabide idatzietako titularrek “engainatu” egiten dutela dio: “Titularrek saldu egiten dute, titularrek engainatu egiten dute, baina gure eskuetan dago ezkuatzen dutenari buruz hausnartzea. Adibidez, Siriako gerra non dago? Non daude exiliatutako guztiak? Nork sortu du gerra? Ez gara ohartzen, ez dakigu”.
Arazo horietaz jabetu da Ube, eta horiek plazaratzea erabaki du, ikusleek bere iritzi propioa zein den jakin dezaten. “Jendeak zelan pentsatzen dudan jakitea da bilatzen dudana. Eta artea da gauzak modu ezberdinean kontatzeko modu bat. Artea hamar bideko autobidea da niretzako. Artea da barruan daukadana ateratzeko tresna. Nik ezin dut atril bat hartu eta kalean berbetan hasi, eztaukat horretarako gaitasunik, baina erakusketan honetan nire izaera ageri da”.
Hiru elementuk osatzen dute galeria: argazkiek, testuek eta izenburuek. “Gertatzen ari dena zabaldu gura dut, jendea gertatzen denaz ohartarazteko. Eta asko arriskatu naiz”. Izan ere, barruan duen hori zabaltzeko, ateratzeko, erakusketa performatiboa egin du: “Ni ez naiz sekula ere trans baten moduan jantzi, ezta emakume moduan ere, baina gauzak kontatzeko modu desberdin asko daude, eta ni oso zuzena naiz. Gauza gordinak azaleratzen ditut”. Badaki jende askok ez duela bere erakusketa ulertuko, eta ulertzeko ahalegina egiten duten horientzako dela adierazi du.
Esaterako, erakusketan badago baserritar trans baten irudia, eta horregaz aurrera pauso bat eman dela adierazi gura du, arriskatuz. “Argazki horregaz esan nahi dudan gauza bakarra zera da, herri gisa aurrera egin dugula. Ez %100ean, baina batzuetan gauzak azaleratu egin behar dira arreta deitzeko”.
«Artea da barruan daukadana modu ezberdinean kontatzeko tresna»
Makillajea eta takoiak ageri dira bilduman, baita etsaitasunezko mundu batetik ezkutatzeko burua estalita duten gizon biluziak, sekretu aitorrezinak, erreferentzia kulturalak, begirada tristeak eta “giza eskubideak zeintzuk diren eta zeintzuk ez diren erabakitzen duten botere faktikoen ordezkariak” ere. Asier Arrieta EHUko irakasleak Uberen lana balioan jarri du: “Proposamenak urratzetik eta probokaziotik asko du erakusketak, arteak ezin gaituelako axolagabe utzi, eta niri, Ubek barru barrutik mugitu nau. Zer pentsatua ematen didan errealitate baten aurrean jarri nau. Errealitate triste horri ikusgarritasuna eman nahi zaio, kontzientziak astindu, inor eskaldalizatu behar ez luketen irudi probokatzaileekin batzuetan, eta norbait erasotua edo beldurtua senti daitekeen beste batzuekin besteetan. Hor hartzen du proiektuak benetako zentzua; izan ere, genero bereko bi pertsonen arteko musu batek norbait arritzen badu, arazo bat dago”.
Erakusketaren beharra
Ildo horri tiraka, erakusketa “garrantzitsua eta nahitaezkoa” dela dio Bihotza Uberuaga kazetariak. “Garrantzitsua da azkenaldian hazi den eta beti zapalduak izan diren sektore eta kolektiboen aurkako indarkeria diskurtsoen aurka egitea. Ezegonkortasuna, krisia, beldurra, eta ezjakintasuna erregai gisa erabili dira testuinguru ugaritan, etsaitasunean oinarritutako sermoiak goraipatzeko”.
Izan ere, Ubek zuzenean seinalatzen ditu berdintasun eza defendatzen duten horiek, bere burua pribilegioaren erdigunean kokatuz. “Bere irudia bera da falozentriosmo heteronormatibo eta partriarkalaren isla modura erabiltzen duena”, azaldu du kazetariak.
Obra berria Gernika-Lumon erakusteaz gain, Napolesera, Mexikora eta New Yorkera eramango du artistak. Areto txikietan erakutsiko du: «Bestela, nor ausartuko da nire erakusketa jartzera? Artista transgresorea naizela diote, baina beti izan naiz halakoa. Nire iritzia emateko aukera izan dudan guztietan eman dut. Halakoa naiz».