'Nik bai sinisten dut osasun publikoan' lelopean elkarretaratzeak egin dituzte
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, elkarretaratzeak egin dituzte ospitaleetan eta osasun zentroetan.
Osasun publikoaren aldeko mobilizazioak egin dituzte gaur, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Nik bai sinisten dut osasun publikoan lelopean batu dira 11:00etan ospitaleetako atarietan, eta 13:00etan, berriz, osasun zentroetan.
Bermeoko ospitalaren aurrean batu dira, esaterako, hango langileak. UGT sindikatuko ordezkari Felipe Hormaetxeak Osakidetzaren “inposaketa” kritikatu du: “Mahai sektorialera bi puntu eroan ahal ditugu sindikatuetako kideek, gero, baina, kasurik ez dute egiten eta ez gara akordioetara iristen. Azkenean, dena inposatuta dator; eurek diotena eurek diotenean, eta hori ezin daiteke horrela izan”.
Hainbat eskaera dituztela esan du Hormaetxeak; horien artean dago, soldatak KPIra egokitzea, esaterako. Baita ere, bajak ordezkatzea: “Lanpostu asko bete barik daude bajengatik, eta horrek gainontzeko langileentzako lan karga handia suposatzen du. Langileak erreta daude fisikoki zein psikologikoki. COVID-19ak, gainera, ez du horretan lagundu, jendea gehiago erre da. Osakidetzak beti dio osasun publikoa daukagun onena dela, eta hori gezurra da, urteak daramatzagu esaten”.
“Zarratzen” ari diren Lehen Arretako Zentroak ere aipatu ditu Hormaetxeak: “Zentroak zarratzen dabiltza, eta zer dator horren atzetik? Jendeak ospitaleetara joan beharra daukala, eta han urgentziak kolapsatzen dira. Eta horrek guztiak gauzak atzeratzea dakar”. Egoera konpontzen ez den bitartean, mobilizazioekin jarraituko dutela aipatu du Hormaetxeak.
Bermeoko ospitalean ez ezik, Gernika-Lumoko ospitalearen eta anbulategiaren eta Eako anbulategiaren aurrean batu dira osasun langileak.