Bitakoran gordetako melodiak, agerian
McOnakekoek Gernika-Lumoko Iparragirre Rock Elkartean, etxean, aurkeztu berri dute ‘Bitakora’. Iaz 10 urte bete zituen taldeak, baina pandemiaren eraginez, nahi baino zuzeneko gutxiago eman dituzte urteurrena ospatzeko.
Etxean, etxekoen aurrean aurkeztu du McOnakek Bitakora. Disko aurkezpena baino gehiago izan zen Iparragirre Rock Elkarteko kontzertua. Bertan entseatzen dute, eta iaz 10. urteurrena bete zutenez, ospakizun kutsua ere eduki zuen zapatu gaueko parrandak.
«Etxean jokatzen» zuten, eta «sekulako gogoagaz» prestatu zuten. «Oso berezia izan zen, lagunak, familiakoak, ezagunak… etorri ziren». Ezustekoren bat edo beste egon zen. Oholtzatik jaitsita, akustiko eran eskaini zuten kanta bat, denen artean abesteko. Ruben Garatea taldekide ohiak ere egun berezi horren parte izan gura zuen, eta pianoagaz lagundu zieten hiru abestitan.
10. urteurrena ospatzeko jaio zen iaz Bitakora. Harrera ona eduki du, baina pandemiagatik nahi baino hartu-eman gutxiago eduki dute publikoagaz. Eurei lana erakusteko gogoz daude. «Momentuz eduki ditugun kritikak onak izan dira. Zuzenekoan ezin izan dugu oso ondo landu. Kontzertuak eskaintzeko aukerak eduki ditugu, baina asko atzera bota behar izan dira; bertan behera utzitako kontzertuak asko izan dira».
Durangoko Azokan, Ahotsenean jo zituzten kanta berriak. «Salmentari dagokionez, ez zen ondo joan, baina Ahotsenean zuzenekoa egiteko aukera eduki genuen, eta horregaz geratzen gara». Gernika-Lumoko kontzertuaren aurretik, abenduan Arrasateko Gaztetxean eta urtarrilean Legorretan aurkeztu zuten Bitakora: «Arrasateko Gaztetxean 180 pertsona batu ziren, eta harritu egin gintuen».
Orain, aforo mugarik ez egoteak esperantza apur bat piztu du musikariengan: «Argi apur bat ikusten dugu, orain arte, zaplastekoak hartu ditugu-eta». Momentu batzuetan «gogorra» izan dela aitortu dute: «Motibazioa mantentzeko aitzakiak topatzen genituen, baina ez da erraza izan. Kontzertu bat gogo eta ilusio guztiagaz prestatzen genuen, eta bertan behera geratzen zen… Baina bagoaz aurrerantza».
McOnak 2011n Lekeition sortutako rebel folk taldea da. Eurek esan moduan, “itsasoa zainetan daramate arbasoen arbasoetatik, eta hark eman die olatuek kostaldeko harrien kontra borrokatzeko pareko griña”. Beraz, urteurreneko ospakizunetan falta ezin den agertokia da Lekeitio, momentuz ez daukate datarik, «baina horretan gabiltza». Beste hainbat, ostera, zehaztuta dituzte, tartean, izen handiko agertokiak.
Martxoaren 5ean Baionan daukate hurrengo hitzordua, eta hilabete horretan Bilboko Kafe Antzokitik eta Donostiako Doka Antzokitik ere pasatuko dira. Apirilean, berriz, Gasteizko Jimmy Jazzen egongo dira, eta maiatzean Barakaldoko BECen, Delirium Tremens eta Des-kontrolekoekin oholtza partekatzen.
Kolaborazio asko
Nahi beste kontzertu eskaini ez badituzte ere, entzuleei bestelako opariak egin dizkiete. Izan ere, diotenez, ikus-entzunezkoari dagokionez ere jauzia eman dute oraingo honetan. Lau bideoklip kaleratu dituzte. «Alde handia da aurreko diskoagaz alderatuta. Soinuez aparte, musikaz aparte, ikus-entzunezkoa ere landu nahi izan dugu. Lau bideoklip nahikoa desberdinak egin ditugu, eta erantzun polita eduki dute».
Adibidez, Hiru Damatxo taldekoen laguntzagaz egin zuten irudi animatuekin osatutako Balearen bertsoak. Bigarren argitaratu zuten Lekeition grabatutako Ez eman hautatzeko kantaren bideoklipean agertzen dira taldekideak, eta baita azkenengo kaleratu duten Kontrolatzen ere. Gernika-Lumoko Lizeo antzokian grabatu zuten hori, eta Muguruza ere agertzen da estudioan. «Betiko bideoklip mitiko-tipiko bat da, gu jotzen agertzen gara».
Kolaborazio asko eta askotarikoekin ondu zuten Bitakora. Horiek aberastutako bilduma da: Fermin Muguruza, Sorotan Beleko Gorka Sarriegi, Des-kontrol eta Arkada Socialeko Hodei Beitia, Liher taldeko Lide Hernando, Kaleko Urdangak taldeko Remen, Dead Bronco taldeko Matt Horan, Kataluniako The Capaces taldeko Martillo… «Izen horiek gure diskoan parte hartzea gozamena izan da. 10. urteurrena zenaren aitzakiagaz, hasieratik, hamar urte, hamar kanta, hamar kolaborazio egin nahi genituen. Azkenean hamar kolaborazio gehiago izan dira, zorionez. Horrek itzelezko lana suposatu du».
Kolaborazioak ondo pentsatuta eta aukeratuta daude. «Zentzu bategaz» jartzea zen euren asmoa, ahots edota estilo aldetik kantekin bat ondo egiten zutenak aukeratzea. Abesti bakoitzari ondo egokitzen zaizkion kolaborazioak bilatu dituzte. Eta erantzunagaz «gustura» geratu dira.
Betiko McOnak badago, esentzia eta nortasuna hor daude, baina kantak apur bat gogorragoak direla diote: «Aurreko diskoagaz alderatuta, puntu bat gogorragoak, rockeroagoak dira kantak; baxuaren zein gitarraren presentzia gehiago dago. Naturalki irten zen, baina aurreko diskotik, kanta gogorragoak, rockeroagoak egiteko gogo edo egarri hori eduki genuen. Sortze prozesuan oso gustura ibili gara eta erantzunagaz ere oso gustura gaude».
Autokritika
Pandemia aurretik eta pandemian sortutako kantak dira, eta autokritika da diskoaren ardatz nagusietako bat. 2020ko abenduan, Usurbilen Haritz Harreguy Studioan grabatu zuten.
Kontrolatzen kanta da pandemia bete-betean idatzitakoetako bat. Fermin Muguruzaren laguntza eduki dute horretan. «Zelan kontrolatuta gauden, zer kontrolatzen diguten» kontatu dute bertan. Politikoki zuzenaren diktadura, berriz, «egunerokotasunean jarri behar ditugun aurpegi desberdinak» bildu dituzte. Ekologia edota kutsadura gaiak azaleratzen ditu Balearen bertsoak, itsasoari diogun «errespetu falta» kritikatzen du. Epeldu baino lehen kantak Lekeitiok azken hamarkadetan izan duen bilakaera dakar. Nostalgi kutsua daukan abestia da.
Zuzenekoetan buru-belarri murgiltzeko gogoz eta ilusioz daude McOnakekoak. Kontzertuak egin ahal izatea bera da erronka, eta kontzertu bakoitzean zer edo zer desberdina egin nahi dute: «Ez dugu formatu osoa aldatuko, baina kantaren bat, bertsioren bat… zerbait berezia egin nahi dugu publikoarentzako, baina batez ere guretzako. Lokalean kontzertu bakoitzerako detaileren bat prestatzea gustatzen zaigu. Sortzea eta jotzea gustatzen zaigu, eta sortze prozesu hori amaitu da, orain jo nahi dugu, horrek ematen digu gasolina».