Xabier Urrutiaren 'Legal Score' izeneko proiektuak irabazi du InnovaTUNA
Adierazle teknikoen bidez, arrainaren legez kanpoko jatorria aztertzen duen sistema bat aurkeztu du Urrutiak; 10.000 euroko saria jaso du.
Lehenengo InnovaTUNA lehiaketaren proiektu irabazlea Xabier Urrutiak aurkeztutako Legal Score izan da. Adierazle teknikoen bidez, arrainaren legez kanpoko jatorria aztertzen duen sistema bat aurkeztu du Urrutiak. 10.000 euroko saria jaso du: 5.000 euroko ekarpen ekonomikoa eta negozio eredua garatu eta martxan jartzeko 60 orduko mentoring zerbitzua, sarean edo aurrez-aurrekoa izan daitekeena.
Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak arrantza sektorearen legez kanpoko arrantza eta laneko abusuak geldiarazi gura ditu irtenbide berritzaileen bitartez. Horretarako, InnovaTUNA lehiaketa abiarazi zuten. Lehiaketak AZTIren, Bermeoko Udalaren, Itsasgarapen Elkartearen eta Urdaibai Biosferaren Erreserbaren laguntza izan du. Lehiaketaren helburua talentua sustatzea eta produktu eta zerbitzu berriak garatzeko potentzial handia duten ideia berritzaileak sortzea izan da, «atunaren balio katea iraunkortasunean lerrokatzen laguntzeko, ikuspegi oso batetik, eta sozioekonomikoki sektorea garatzen laguntzeko».
Barikuan izan zen finala sarean; bertan, finalistek beren irtenbideak aurkeztu eta defendatu zituzten epaimahaiaren aurrean. Epaimahaia honakoek osatu dute: BTWC, AZTI zentro teknologikoa, Bermeoko Udala, Anabac eta Sinerxiako adituek.
Jakitera eman dutenez, Espainiko leku desberdinetatik aurkeztu dituzte proiektuak; denetara, hamar proiektu. Hala ere, proposamen gehienak Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik aurkeztutakoak izan direla esan dute, arrantza sektoreari lotutako pertsonenak izan direla gaineratuta.
Flota baten legezko jardueraren «benetako eta ageriko zantzuak» eman ditzaketen adierazle teknikoak erabiltzen dituen tresna ebaluatzailea da Urrutiaren Legal Score proiektu irabazlea. «Tresna hau zirkuitu komertzialean doa puntuak batuz edo kenduz, check list lehenetsi batean hautatutako adierazleen emaitzaren arabera», azaldu du Urrutiak. Bermeoko arrantzale guztiei eskaini die saria Urrutiak baita ere atunontzi izoztaileetan lan egiten dutenei zein Anabac eta Opagac elkarteei.
Maitane Leizaola, InnovaTUNAko epaimahaikidearen arabera, proposamena «bideragarria da». Lehiaketak planteatu duen erronkari erantzuteko «benetako irtenbide» batean bihurtu daitekeela uste du; «maila globalean gora egin ahal duena eta epe laburrean ezarri daitekeena».
BTWCeko presidente Ignacio Serratsen arabera, Urrutiak aurkeztu duen irtenbidea «ondo proposatuta» dago, eta haren ustez badauka ibilbidea: «Espero dugu, BTWCtik eta InnovaTUNAtik eskain diezaiokegun laguntzarekin, errealitate eta negozio eredu bihurtzea eta atunaren industrian ezartzeko gai izatea».
Epaimahaikideek, gainera, «positiboki» baloratu dituzte lehiaketara aurkeztutako gainontzeko proposamenak. «Proposamen oso interesgarriak eta ondo landuak jaso dira, sektoreari buruzko ezagutza zabala dutenak; euskarri teknologikoa duten trazabilitatean oinarritutako konponbidetik, sektoreari lotutako kooperatibak sortzera doazenak», esan du Leizaolak.
%15 legez kanpo. Europan sartzen den arrainaren % 15 legez kanpoko jardueretatik datorrela uste dela diote BTWCeko arduradunek. Hala, lehiaketa honen bitartez, gaur egun arrantza sektoreak aurre egin behar dion erronka horri erantzun gura dio.
«Urtero, 11 eta 26 milioi tona arrain legez kanpo harrapatzen dira mundu osoan, eta horrek 10.000 eta 23.500 milioi dolar (USD) arteko galerak eragiten dizkio munduko ekonomiari», nabarmendu du BTWC elkarteko presidente Ignacio Serratsek.
Gaineratu du harreman estua dagoela INDNR arrantza jardueren (legez kanpokoa, aitortu gabea eta arautu gabea) eta giza eskubideen abusuen artean: «Beste sektore batzuetan bezala, beharrezkoa da itsasoan lan egiten duten pertsonak gizarteratzea eta berdintasuna, giza eskubideen errespetua eta lan baldintza seguru eta txukunak bermatuko dituzten gizarte eta lan estandar duinetan egitea. Hala ere, askotan, itsasgizonak eta arrantzaleak beste edozein industriatan onartezinak izango liratekeen baldintzetan lan egitera behartuta egoten dira».