Janire Arrizabalagak pilota mistorako jauzia eman du
Janire Arrizabalaga gernikarra Emakumezkoen Eskuz Binakako Txapelketa jokatzen hasi da asteburuan.
Pilota mistoko promozio mailan, Olatz Beitia lekeitiarragaz bikotea osatuta lehiatuko du txapelketa, eta lehenengo kanporaketa 18 eta 2 galdu zuten Ainhoa Romeroren eta Irati Zabalaren kontra, atzo [otsailak 13], Elduaieneko Udal Pilotalekuan.
Pilota goxuagaz esperientzia dauka Arrizabalak, baina modalitate honetan jokatzen duen lehenengo txapelketa da honakoa, Beitia, ostera, buruz burukoan aritu zen pilota mistoaren kategorian.
Gernikarra eta lekeitiarra urduri hasi ziren, eta aurkariek modalitate horretan daukaten esperientzia giltzarria izan zen. “Pilota mistoagaz jokatzen nuen lehenengo partidua izan zen. Nahikoa urduri hasi ginen, eta ez zen izan gure egunik onena. Ahal genuena egin genuen. Eurak mistotik datoz; urte asko daramatzate pilotan jokatzen, eta Olatz eta ni palatiz gatoz”, azaldu du Arrizabalagak. Romeroren eta Zabalaren garaipena “espero zena” dela dio: “Lan ona egitea eta ahalik eta tanto gehien egitea zen gure helburua”.
Otsailaren 27an jokatuko dute hurrengo kanporaketa, Seguran. Arrizabalagak eta Beitiak Ana Belmonteren eta Eider Zubizarretaren kontra jokatuko dute. Atzokoa baino emaitza hobea lortzea espero dute. Izan ere, Belmontek eta Zubizarretak ere ez daukate esperientzia askorik pilota mistoan: “Romerok eta Zabalak denbora gehiago daramate, eta azken boladan partidu piloa jokatu dituzte”. Beraz, hurrengo asteko partidua parekatuagoa izatea aurreikusten dute.